Gata Al Kuadrado
Txotis estiloa Iruñearekin maisuki lotu du Gata Al Kuadradok bere lan berrian, Cuando vengas a Pamplona abestian. Atzean ia urtebeteko lana dagoela aitortu du nafarrak
Nor da Gata Al Kuadrado? Eta zein da zure musika proiektua?
Zaila da horri erantzutea, baina esango nuke ni naizela; erantzun horrek normalean ez luke zentzu handirik izango, baina kasu honetan esan nahi duena da nire bertsiorik ni-ena dela, filtrorik gabe. Gainera, nire erreferenteak ere banaiz; presente ditut, adibidez, nire amatxia, emakume gorri eta indartsuak printzipio oso sendoekin, baita trabestiak, gaurkoak eta atzokoak, bidea ireki zutenak. Gata Al Kuadrado, historia hori guztia eskutik izan gabe, ez litzateke Gata izango. Horregatik, musika proiektua hortik doa, aldarrikapen historiko baten eskutik, gure lekuak hartzeko, baita folklorean ere. Horregatik, txotis batekin hasi naiz. Hurrengoa? Ez dakit.
Iruñera zatozenean edo Cuando vengas a Pamplona nola sortu zenuen?
Oso modu organikoan sortu zen. Hasteko, folkloriko guztiak bezala, amodio batetik dator, eta maitasun kanta bat dela esan genezake. Murtziar bati eskainita, kasu horretan; kar-kar. Ezagutu nuen momentuan pentsatu nuen ni bizi naizen lurraldea zela maitemintzeko nuen armarik handiena. Eta Madrilek –nire amaren jaioterria– ikusita bazuela bere gainean hitz egiten zuen txotis bat, esan nuen: “Zergatik Iruñeak ez?”. Beraz, nik egin nuen. Hasiera baten, proiektu txiki bat zen; gero, bideoklipa egitea beharrezkoa zela ikusi genuen; eta, handik aurrera, dena handitzen joan da.
Azaldu zure jantzi zoragarriak. Nork egin ditu?
Bideoklipean hiru agertzen dira. Baina nagusiari señora foralidad deitu diogu, eta David J. Rodriguezen artelana da. Nafarroako foruen monumentuaren errepresentazio bat. Laburpen fisiko bat dela esan genezake. Bederatzi hilabeteko lanaren ondoren, 30 kilo eta historia handia duen jantzi hura atera zen.
Aurten beste kanturik kaleratuko duzu?
Inoiz ez dakigu zer datorkigun bizitzan, baina, printzipioz, ez. Baditut gauzak buruan, eta, beharbada, sukaldean ere bai. Baina Cuando vengas a Pamplona egin eta gero… Urte eta erdiko lana izan da… Pause-ri eman eta geldi egon, bestela lagunik gabe geldituko nintzateke! Haiek badute meritua, eta atsedena merezi dute.
Non ikus zaitzakegu abesten?
Ba, sarri, mundu guztia bezala, dutxan, baina ez da gomendagarria! Kar-kar. Bromak alde batera utzita, Nafarroan dudan egun garrantzitsuena izango da hemendik gutxira, Burlatan, uztailaren 1ean, Lumak Travestifest-en. Oso aukera ona izango da. Bestela, Youtuben beti izango nauzue!