Garratz taldea
Hau ez da irratian entzuten singlea kaleratu du Arrasateko Garratz taldeak.
Nortzuk zarete Garratz?
Arrasate epizentro duen eta punk-rock doinuen bueltan mugitzen garen bost lagunek osatzen dugu Garratz: Jon Nevado (bateria), Asier Sala (gitarra), Martxel Lopetegi (baxua), Liher Larrañaga (gitarra) eta Jokin Bereziartua (ahotsa).
Zertarako sortu duzue taldea?
Musika egiten ondo pasatzea da helburua, horretarako elkartu gara. Taldea lehen urratsak ematen ari da, ikusiko da zer ematen duen bideak. Gogotsu eta ilusioz gaude; beraz, lehengai garrantzitsuenak badaude.
Hau ez da irratian entzuten izeneko EPa kaleratzear duzue. Zer topatuko du entzuleak?
Punk-rock doinuak aurkituko ditu nagusiki, melodia itsaskorrekin eta reggae-tik gertu dauden ukitu txiki batzuekin. Taldeko kideon bizipenetatik abestu nahi diogu gero eta garratzagoa den errealitateari, %100 euskaraz.
Baduzue zuzenekorik lotuta?
Esan dugun moduan, Garratz lehen urratsak ematen ari da. Lau abestiz osatutako Hau ez da irratian entzuten EPa kaleratuko dugu laster, entsegu lokalean grabatu eta Terrasako EM estudioan nahastu eta Ultramarinos-en masterizatu duguna. Horren ostean, LP bat grabatzeko entsegu lokalean sartuko gara. Dena ondo bidean, udaberriarekin batera loratuko da Garratz zuzenean.