Garrantzia

Maider Galardi

Hainbeste gauza gertatu dira azken 30 egunotan, galduta dut ardatza. Gairik ez zait falta. Hitz egin nezakeen konklabeaz, itzalaldiaz, haurdunaldi subrogatuen bidez jaiotako haurren erregistroa arautzeko legedi berriaz. Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egin zaien omenaldiaz, irakasleen grebaz, Palestinaz, udako ekaitzez, datorren udaz. Horri guztiari buruz idatzi dezaket, gaian aditua naizen plantak eginda. Todologoa naiz, eta zuek diodan guztia sinistuko didazue, ahots autorizatu(ago) bat naizelakoan. Egiaz ez dakit nork autorizatu duen nire iritzia, baina aitortzen dut batzuetan ahots dardartiz bota eta esku urduriz idazten dudala; neure buruari ere zilegitasun gutxi ematen diot. Hainbeste gauza gertatu dira, ia gai horiek guztiek jan naute, baina badago kontu bat, iruditzen zaidana titular handien azpian desagertu dena, eta honetaz jarduteko bai, baditut jakintzaz eta ezagutzaz betetako ahots batzuk inguruan eta eman nahiko nieke tokia, eta haien existentzia legitimatu, justizia poetikoa balitz bezala, inoiz ikusezinak eta baztertuak izan direlako. Hain zuzen, hilabete honetan ere Bullyingaren Aurkako Eguna izan baita.

Ze, pentsatuko duzue bullying-ari buruz hitz egitea soilik eskola jazarpenarekin lotzen ditugun ohiko topikoez aritzea dela. Baina haurrez eta indarkeriaz ari garenez, despertsonalizatu egiten ditugu bizipen horiek jasan dituztenak, eta ahaztu egiten zaigu haietako asko direla, akaso, horrelako iritzi zutabeak idazten dituztenak, edo pailazoen emanaldian dantzan edo ikusle dauden gazteak, edo energia berriztagarrietan adituak diren ingeniariak, edo udan artatuko zaituen soroslea. Edo alderantziz, izan daitekeela jazarlea todologoa, eguraldi iragarlea, sindikalista eta araudiez arduratzen den jurista. Ez dut esaten susmoa pizteagatik, analisiaren doitasunagatik baizik. Bullying-a jasan duten horiek pertsona osoak dira, orain ez bada inoiz adinez nagusi izango direnak eta gainontzekook izango dugun etorkizunaren pareko etorkizuna edukitzeko eskubidea dutenak, gizajoaren roletik harago.

Horrek, aldi berean, ekartzen baitu onartzea praktika erresistenteak ere martxan jarri dituztela infernua dirudien eguneroko horretan. Jazarpenak iraun bitartean bai, baita ondoren ere. Horren lekuko dugu Adore proiektua. Irati Galardi da koordinatzailea, eta, hark izandako esperientziatik abiatuta, formakuntzak eskaintzen ditu eskoletan. Haren ekarpenak balio izan du hainbat zentrotan kasuak detektatzeko; beste batzuetan, balio izan du bizirauleek beren burua aitortzeko; eta balio du, halaber, etorkizun desiragarriak ikusteko Iratiren begietan.

Gogorra da hura entzutea haur zenean jasandakoak kontatzen. Izan ere, topikoetan iltzatuta gaudeino, ez gara gai izango biolentzia horren ehundura guztiak ulertzeko. Beste toki bateko gerraz ari garela dirudi, baina ez, bullying-aren ondorioz lekualdatze behartuak ere existitzen dira, eta hala izendatu beharko genuke, zeren eta zer da, ba, lekualdatze behartua ez bada oraindik haurra zarela beste herri eta eskola batera mugitu behar izatea ordura arte bizitoki duzun herria biziezina bazaizu? 

Eskola jazarpena jasan dutenei gehiago begiratu beharko genieke begietara, eta gehiago entzun, deshumanizaziotik eta birbiktimizaziotik harago, zer hausnartu eta zer pentsa ematen duelako gaiak. Harremanen analisi konplexuak bultzatzen dituztelako, indarkeriaren ulerkera aniztu, praktika erresistenteei buruz gogoetatzeko aukera ematen duelako, eta, zer demontre, merezi dutelako gu ginen haur xalo horien partetik aitortza bat, sentitzen dut bat, “haur kontuak” baino gehiago jazarpen totala ziren jokaera horiek izan ditugun bakoitzeko. Gai garrantzitsua da, baina beste gai handiek itzal egiten diote oraindik txikiari.