Garoa Martinez Anasagasti: “Nire kategoria jada ez da olinpikoa, dopin kontuengatik”
Espainiako errekorra hautsi berri du Garoa Martinez Anasagastik (Bermeo, 1997) halterofiliako Europako txapelketan. Crossfit-a egiten hasi eta maila gorenean ari da gaur egun.
Espainiako errekorra hautsi zenuen Armenian, apirilean 112 kilo altxatu zenituen-eta bi denboratan. Pozik? Zer sentitu zenuen?
Lehiaketa borobila izan zela sentitu nuen. Hautatzaileak, irten baino lehen, esan zidan: “112 kilokoa eskatuko dugu; Espainiako errekorra egizu, eta neu pozik!”; beraz, lortu nuenean nire helburua eta taldearena lortu genuela sentitu nuen. 112 kilo altxatuta neuzkan, baina kategoriaz kanpo; beraz, azkenean, kategorian egiteak, Europako txapelketan, eta errekorra izateak asko bete ninduen.
Begiz jota dituzu Olinpiar Jokoak? Ametsa da Parisen egotea?
Bai eta ez. Nire kategoria jada ez da olinpikoa, dopin kontuengatik; beraz, pisuz igo ezean, ez dago aukerarik. Aukeren artean dago, baina ez Pariserako, pisua hartzeak, horretara egokitzeak eta markak igotzeak debora eskatzen baitu…
Nola zaletu zinen halterofiliara?
Gimnasian hasi nintzen 16 urterekin, eta Gasteizera ikastera joan nintzenean crossfit-a ezagutu nuen. Kirol horretan halterofiliako mugimenduak egiten direnez eta horretan nabarmentzen nintzenez, aldatzea erabaki nuen.
Zein da zure errutina?
Astean bost egunetan entrenatzen naiz, bi ordu egunero. Laneko txandaren arabera ordutegira moldatzen naiz, Crossfit Deuston.
Lesiorik izan duzu pisurik altxatzen?
Inoiz ez. Goi errendimendua osasuntsua ez izan arren, ahalik eta gehien zaintzen saiatzen naiz. Nire mugetatik at joan gabe ibiltzen naiz, eta horrek saria du: ez lesionatzea.
Goi errendimenduko UCAM zentroan ari zara. Zertan laguntzen dizute?
UCAMek beka bakarrik eman dit. Goi-errendimendua: indarra eta egokitzapen fisikoa masterra egiten nabil Murtziako Unibertsitatean.
Zaila egiten zaizu marka bat hausten duzunean emozioari eustea?
Ez… Nik momentuan sentitzen dudana adierazten dut.
Albania, Errusia, Armenia… Herrialde bitxiak bisitatu dituzu zure kirol arloa dela eta. Han beste modu batean bizi dute halterofilia?
Ekialdean halterofiliarekiko zaletasun handiagoa dago. Hala ere, crossfit-ari esker, etxean ere gero eta gehiago ezagutu eta errespetatzen da kirol hori.
Zer egiten duzu kiroletik deskonektatzeko?
Ez dut ezer konkretuki egin behar deskonektatzeko. Azkenean, kirola ez da nire lana; beraz, entrenatu, eta hor bukatzen da kirolari buruz hitz egitea. Hala ere, nire denbora librean crossfit eta halterofilia eskolak ematen ditut, eta masterra dela-eta ez dut denbora libre askorik… Baina Bermeora bueltatzea eta familiarekin eta lagunekin egotea gustatzen zait.