Garikoitz Mendizabal: “Txistua ez inoiz modan egon, baina inoiz ez da modaz pasako”

Ume zela harrapatu zuen txistuak Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) eta aurten 25 urte beteko dira txistulari profesional bihurtu zela. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da 2004a ezkero eta, txistulari duen zuku guztia ateratzeko helburuarekin, erregistro berriak arakatzen ditu eta askotariko musikariekin kolaboratzen du.

Askok usteko badu musikatik ezin dela bizi, txistua jotzetik bizi daitekeela pentsatzen duenik egongo ote da?

Agian, bai.

Zuek ezagututa bai gero! Eta zuk erakutsi duzu ez hori bakarrik, profesionalizatu egin duzue instrumentua eta orotariko errepertorioan murgildu duzue, gainera.

Hala da. Agian, jendeak ez dakiena da hori ez duela gure belaunaldiak asmatu. 70eko hamarkadaren bukaera aldera hartu ziren erabakien ondorioa da. Ez dugu ahaztu behar orduan ofizialdu zela txistu ikasketak Kontserbatorioan egiteko aukera, Jose Ignazio Ansorenaren lanari esker, eta handik aurrera etorri dira belaunaldi berriak, teknika oso onarekin, eta bakoitzak bere bidea egin du; batzuek alor batean, besteek bestean. Txistuaren organologia ere nahiko aurreratua da eta jotzeko prestakizunak ematen dizkizu; guk teknika ederra ikasten dugu eta gero, bakoitzak garatzen du. Nire kasuan, interpretazioan sakondu dut eta saiatu naiz ate eta bide berriak jorratzen.

Atzetik dator, hortaz.

80ko hamarkadarako metodologia ederra eginda zegoen eta hiriburuetan baziren txistulari profesionalak. Aurretik, herri askotan; galtzen joan zen, bai, baina hiriburuetan mantendu izan da eta Bilbok beti izan du horretarako aldez aurretiko jarrera handia.

Gasteizko eta Donostiako udal txistulari bandetan ibilitakoa zara; gaur egun ere bai?

Bai.

Eta Iruñean, gaiteroena dago?

Iruñean Udal Txistulari Banda eta gaiteroena daude, biak Udalarekin lotuta hitzarmen bidez. Gertatzen dena da tokian tokiko lan harremanak, lan baldintzak eta bandaren eskaintza ezberdinak izan daitezkeela. Horretan antzekotasun gehien dutenak Donostiako eta Bilboko udal txistulari bandak dira. Nahiz eta ezberdintasunak ditugun: Donostiakoak %60an klaseak ematen ditu bertako musika eskolan eta %40an Udal Txistulari lanak egiten ditu; hau da, igandeetako Konstituzioko joaldiak, protokoloak, eta abar. Eta Bilbon, aldiz, formatua beste bat da, %100 jo egiten da: kale animazioa, protokolo pila bat, Euskalduna Jauregiko kontzertuak, han-hemenkako agerraldiak…

Eskolarik ez duzue ematen.

Ez dugu eskolarik ematen eta funtzionamendua da orkestra edo banda profesionalen gisakoa; hau da, goizetan, egunero, lau orduz entseatzeko ordutegia dugu, eta, horrekin batera, tartekatzen dugu gure lan jarduna protokoloak egiten, kontzertuak eskaintzen, norbera forman egoteko ikasten…

Lehenago ere aipatu dugu erregistro berriak, gauza berriak egitea… Zer da, Euskal Herriko txistulari onena ez bada onenetakoari, gehien kostatu zaiona?

Harrituta geratu izan naiz askotan nire ustez gehiena frogatuta nuela pentsatzen nuelako, eta gero, bat-batean aurkitzen zara formatu batean, musikari batzuekin, eta berrasmatu egin behar duzu zure burua, esploratu, ikasi egin behar duzu. Gogoan ditut pare bat adibide. Udal Txistulari Bandaz gain, kolaboraziotan jarduten dut. Duela urte batzuk, Carlos Ajij izeneko musikaria etorri zen Euskal Herrira eta jarri nahi zuen martxan proiektu bat jazza eta txistua ardatz hartuta. Eta horrela sortu zuen Kami izeneko proiektua. Ni txistu desberdinak maneiatzen ohituta nengoen, ez bakarrik Fa-ko txistua, Mi-koa, Re-koa… bakoitzak bere izaera du eta horri zukua ateratzen saiatuta nengoen; baina Kami proiektuan, jotzeko modua ere aldatu behar izan nuen, eta berrasmatu eta esploratu, eta emaitza oso polita izan zen. Beste adibide bat Artxipielagoa ikuskizuna da. Azken bi urteetan aritu gara soprano batekin, pianoarekin eta txeloarekin, eta atzetik txistua, betelana egiten. Eta hor, soprano batek agintzen duenean, txistuak ze betelan egin behar duen ez da erraza. Hori ere kosta izan zait, baina oso erakargarria da.

Ikusi izan zaitut Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta horrek ere izugarria izan behar du, hitzaren zentzu bietan, izu apur bat ere eman behar duelako ehundik gora musikariren erdi-erdian egotea txistuarekin.

Ulertzen zaitut eta jende askok galdetu izan dit. Eta hor dago, agian, serietik dakarten zerbait, eta ezin dut plantarik egin, ez naizelako konturatzen hainbeste kostatzen zaidanik, baina jendea harritu egiten da orkestrako presioa handia delako. Orkestra baten aurrean jartzen zarenean, atzean dituzu ehun musikari eta aurrean mila edo bi mila entzule. Orkestraren entseguak txorakeria gabekoak dira, 20 minutu egun baten, beste 20 beste baten eta a los leones, a tocar. Eta horrez gain, niri gustatzen zait buruz jotzea, eta, luzeraren eta errepertorioaren arabera buruz jotzeko presioa gehitzen baduzu, bertigoa ematen du, ala? Bada, niri ez zait kostatzen eta aurkitzen naiz eroso. Alanbrean badakit erortzeko arriskua dudala, baina hor beti eroso sentitu izan naiz. Nire burua frogan jarri nuen lehen aldian, Andoni Egañak esan zidan: “Garikoitz, nola egin dek hori?” 2011n zen, Txistu Symphonic aurkeztu nuenean Bilboko Orkestrarekin; ordu eta hogei minutu buruz aritu nintzen jotzen, errepertorioa egun bitan entseatuta orkestrarekin, eta Andoni Egaña eta Miren Fernandez inplikatu nituen kontzertu hartan. Andoni Egaña harrituta zegoen. Baina esaten nion: “Niri ez zait kostatzen. Hemen lauzpabost hilabeteko lana dago, diziplina handia egunero-egunero informazio hori buruan sartzeko, eta jende aurrean ni gozatzen ari naiz. Egindako lana erakusten ari naiz”.

Ordutik gorako kontzertua barneratzea oso zaila iruditzen zait, ez dago inprobisaziorako tarterik, ehundik gora musikarirekin batera joan behar duzu, neurriak oso zehatzak dira.

Nik ulertzen dut jendeari bertigoa ematea. Atrila aurrean duzula jotzen duzunean, atrilak egiten zaitu jendearengandik bereizi. Jendearekin konplizitatea, transmisioa askoz indartsuagoa da buruz jotzen baduzu.

Horretarako kapaza izan behar da.

Niri hori ez zait askorik kostatzen.

Eta zer egiten duzu halako memoria ona izateko?

Ez dut halako memoriarik. Pentsatzen dut urteetako lanaren ondorio izango dela. Ni aktore bat bezala sentitzen naiz momentu horretan eta sentitzen naiz munduko txistularirik onena eta ari naiz jendeari erakusten sei hilabeteko lana, “hau zuentzako da”, eta amaitzean egiten naiz hustu eta pertsona arrunt izatera bueltatzen naiz. Kontrol mentaleko ikastaroak egin nituen gaztetan eta uste dut lagundu didatela, eta, horrekin batera, uste dut urteetako lanaren ondorio ere badela eta norberak bere buruarekin duen segurtasuna. Eta horregatik ez diot horri nik halako baliorik ematen.

Jakingo zenuke esaten zenbat kolaborazio egin dituzun?

Ez dakit, ez ditut kontatu. Aurten urte polita ospatzen dut, 25 urte betetzen dira txistulari profesionala egin nintzela. 94an Gasteizen Olabide Ikastolak txistulari txapelketa bat antolatu zuen, hura irabazi nuen, eta orduantxe atera nuen plaza Gasteizen. Eta ordutik, tokatu zait trikitilari gehienekin kolaboratzea diskografietan, kontzertuetan… eta hamar mila lagun egin ditut, zein baino zein ederragoa, baina kolaborazioak ez ditut kontatu.

Txistuak zerbait eman badizu, esperientzia bai, baina lagun pila ere izan dira.

Asko, pila bat. Urte bukaerarako diskoa prestatzen ari naiz Xabier Zabalarekin batera, oso komertziala izango da, eta puntazo bat, bai genero aldetik, sartuko garen generoengatik, eta nahi dut 25 urte hauetan adiskide min egin ditudanak nirekin egotea: Aitor Furundarena, Gozategiko Iñigo eta Asier… jende asko.

“Urte bukaerarako diskoa prestatzen ari naiz, oso komertziala”

Eta zergatik aukeratu zenuen txistua? Oso galdera oinarrizkoa ahaztu dut.

Oso erraza. 8-9 urte nituela, Zestoan bazen txistulari talde bat eskolak ematen hasi zena eta konturatu nintzen lehen kontaktuan, esfortzu gutxirekin etekin handia atera ahal zitzaion instrumentua zela. Eta lehen momentutik harrapatu ninduen. Konturatu nintzen erraztasun apur bat banuela eta esfortzu gutxirekin gauza asko egiteko instrumentua dela. 13 urterako nire bokazioa hain zen sakona, garbi nuen zer izan nahi nuen, eta izan nituen nire dilemak gurasoekin, tutoreekin… inork ezin zuelako ulertu. Badaezpada, beste zerbait ikasteko esaten zidaten, eta ezetz esaten nien.

13 urterekin garbi zenuen txistulari izan nahi zenuela.

Hain garbi ikusten nuen… Gerora, bizitzak eta nire lanak arrazoia eman didate eta ezagun izatera ere iritsi naiz esparru batzuetan. Baina hori ez zen helburua. Ikusten nuen inguruan txistu eskolak ematetik bizi izateko aukera bazegoela, lasai eta pozik. Gero, bizitzak opari asko eman dizkit.

Bat, Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendari izatea 2004a ezkero, oposizioa gainditu ostean. Oso lan estresagarria ere ez duzue izango…

Ez. Egia esan, aitortu behar dugu pribilegiozko lana eta lan baldintzak ditugula. Egia da, ordea, kontziliazio familiarretik begiratuta, eragozpen batzuk badituela, baina gaur egun lan egoera dagoen moduan egonda, ezin dugu inondik inora ez kexatu, ez ahotsik altxatu. Oposizioak gainditu osteko lan on bat da; estresagarria izaten da, batzuetan, baina luxuzko lana dugu.

Protokoloa dela eta, ekitaldi instituzionaletan eta politikariak tartean daudela, ohorezko agur eta aurresku asko jo beharko dituzue, eta halakoetan pentsatzen dut estutasun uneak ere izango dituzuela. Esaterako, Espainiako erregea datorrela-eta estimu handia ez diozun horri ere jo egin behar diozulako. Lortu duzue halakoetan ikusezin bihurtzen, axolagabetasuna barneratzen?

Gehienetan, erabatekoa izaten dugu, onerako eta txarrerako. Zerbitzu bat eskaintzera goaz eta berdin da zein dagoen aurrean, oso jende maitatua bada edo oso gorrotatua. Hori ikasi egiten duzu. Gauza da jotzen dugula berdin, intentzio eta emozio berarekin musika egiten ari garelako. Nik horrela bizi dut. Nire taldekideen ahotik ez dut hitz egingo, baina sumatzen dut nola portatzen diren eurak ere, eta baietz esango nuke. Berdin da zein dagoen, guk disfrutatu egiten dugu. Eta egoera desberdinak asko tokatzen zaizkigu, baina, azkenean, ikusten duzu lanean zaudela eta musika egin behar duzula, berdin da erregea datorren edo kirolari kontsagratua den. Profesionaltasuna da, azken batean.

Sekula gertatu izan zaizu pasarte berezirik halako goi karguren batekin?

Gazte nintzela tokatu zitzaidan Urdangarinen ezkontzan txistulari izatea, Bartzelonan. Pilar Mirok egin zuen emanaldi guztiaren koordinazioa eta surrealista izan zen bizi izan genuena, baina horrela zen eta horrela bizi dituzte gauzak. Bi egun entseguak egiten, auto ofizial baten. Pedralbesera joan, entseatu. Markatzen ziguten autoak non aparkatu behar zuen, guk non egon behar genuen… Iritsi zen eguna, autoak ez zuen errespetatu bere marka, eguraldiak ere ez, izugarrizko hego haizea egin zuen eta eltxoak agertzen hasi ziren… Halako bitxikeriak tokatzen dira. Bestela, protokolo aldetik nahiko berdintsuak izaten dira gauzak.

Iruditzen zait txistuak baduela bere lekua instituzioetan, baduela bere estatusa.

Aspalditik.

Baina, ostera, sentsazioa daukat kalerako orduan, gazteriarendako erakargarri egiteko orduan, ez duela lortu trikitiak lortu duena; trikitiak jakin duela egoera berrietara moldatzen, txistuak ez bezala.

Irakurketa sinplista da, baina arrazoi duzu. Txistuak badauka gauza bat nik honela laburtzen dudana: inoiz ez da moda egon, baina inoiz ez da modatik pasako. Ulertzen?

Bai; beraz, modan ez dagoenak ez dauka desagertzeko arriskurik.

Hala da, ez da modaz pasako eta desagertuko ere ez da egingo. Baina, seguru asko, ez du lortu, ez dakit lortuko duen, eta, bestalde, ez dakit helburua hori izan behar den ere, trikitiak 90eko hamarkadan izan zuen boom-a. Hura joan egin zen, baina trikitiak –diskografia aldetik, ateratzen duen musika komertziala, ondo egina, gaur egungoa, fusioak…– pil-pilean jarraitzen du eta jendeak kontsumitu egiten du, gazteek ere bai. Txistuaren rola beste bat izan da antzinakotasun izugarria duelako, beti egon delako lotuta, batetik, instituzioari eta, bestetik, dantzari, erroko dantzari, herri dantzari. Eta txistularien artean daude profesionaltasuna lortu dugunak eta amateurrak. Amateurrek kristoren lana egiten dute dantza mantentzen, herriko jaiak girotzen… Profesionalak gutxi batzuk gara, eta, gutxi horien artean, gehienak irakaskuntzari lotuta. Eta jotzera dedikatzen garenak eta ikuspuntu komertzialagoa dugunak, diskografia, bakarlari ibilbidea egiteko apustua egin dugunak, ba, neu bai, baina asko ez ditut ezagutzen. Horrek zer esan nahi du? Bada, gustatuko litzaidakeela nire helburu antzekoak dituztenak egotea –eta gazte batzuk ikusten ditut, agian, bide hori ari direnak hartzen– eta diskografia ugaldu, prentsa konkistatu, eta jendea Durangora joaten denean txistu disko bat kontsumitzeko aukera izatea.

Orain, politikan ere bazaude, eta keinutxo bat egin nahi nioke gai horri. Zerk eraman zintuen Zestoako alkategai izatera?

Herri txikietan sarri gertatzen da. Konpromiso bat agertzen duzu herriaren alde, eta nik hori betidanik izan dut eta aritu naiz kultura aldetik herriaren alde, ideologiak ideologia. Askotan, kulturan gabiltzanak saiatzen gara hori kamuflatzen edo ez nabarmentzen… Lehen, hala zen, behintzat; orain, gutxiago, esango nuke. Urte batzuk badira nik aurreikusten nuela lehenago edo beranduago tren hau pasako zitzaidala, ez dagoelako alkategai asko, jendeak ez duelako nahi sartu. Nire planteamendu artistikoak, normalean, oso-oso antolatuta izaten ditut eta nik nahiago nukeen hau lau edo zortzi urtera izan balitz, orain buruan dauzkadan proiektu musikalak bukatu eta gero herriari eskaini: “Begira, hemen nago, konpromisoa erakusten dizuet eta nahi baduzue EAJren aldetik prest nago alkategai izateko”. Baina orain gertatu da. Zalantzak izan nituen, baina, azkenean, pentsatu nuen: “Orain pasa baldin bada, ba, aurrera”. Iruditzen zitzaidan ditudan ezaugarriekin herriari eskaintzeko baneukala. Zestoaz ari naiz, eta badu kultura ekipamenduari dagokionez eskasia bat, eta beste gauza askotan. Tenple bat ere badaukat, herria ezagutzen dut, jendearen artean ondo edo normal ikusia naiz eta baneukan eta badaukat gogoa herriaren alde lan egiteko. Garbi neukana da, hala ere, atera izan banu alkatetza, Bilbon eszedentzia eskatuko nuela, baina nire txistulari bizitzak berdin jarraituko zuela. Ba, sartu izan diren moduan bertsolari batzuk herrigintzan edo politikan eta jarraitu duten moduan bertsoak abesten, ni ezingo nintzateke txistua jo gabe bizi. Hura izan zen apustua. EH Bilduk beti izan ditu botoemaile asko Zestoan, eta orain, bost zinegotzirekin, oposizioa egingo dugu. Oposizio eraikitzaile eta alternatiboa, ez inondik inora ere egurra ematekoa.

Hala beharko luke beti oposizioak, ezta?

Bai, eta nire profila hala da. Kultur gizona naiz eta ez dut ikusten nire burua beste batzuek bizi izan duten moduan oposizio oso oldarkor baten.

Bertsolariak aipatu dituzu eta duela gutxi Unai Iturriagak aldizkari honetan egindako elkarrizketan esan zuen kulturgintzan, kalean, oso jende gutxi dagoela eskuinekoa; intuizioz bada ere, EAJren inguruan ari zela esango nuke. Eta ez da zure kasua.

Hasteko, ez zaizkit batere gustatzen eskuineko eta halako hitzak. Pertsonak izan behar dugu eta gara, batzuetan, kameleoikoak; badakizu zer esan nahi dudan horrekin. Baina normaltasunez eta naturaltasunez. Dauzkadan lagunik onenak, akaso, EH Bildukoak izan litezke, musikan ezagutu ditudalako eta pertsonek balio dutelako; niri, eskuinekoak edo ezkerrekoak horrek bost axola. Eta EAJn ere, ez dut zenbat dauden hausnartu, baina jende asko ezagutzen dut kulturan dabiltzanak eta beren ardurak dituztenak.

Mila esker TTAPen izateagatik.

Poz handia izan da.