Garikoitz Bravo: “Itzulia aurreneko pausoa da izan ginen hura berreskuratzeko”

Garikoitz Bravok (Lazkao, 1989) 2010ean Caja Ruralekin eman zuen profesionaletara saltoa, eta 2013a bere ametsa bete zuen, Euskaltel Euskadirekin sinatuta. Estreinakoa eta azken denboraldia izan zuen hura, urte hartan talde laranja desagertu egin baitzen. Bizikleta uzteko zorian egon zen, baina bizitzak bigarren aukera bat eman dio eta ilusioz gainezka dago denboraldi berriak dakartzan erronkei aurre egiteko.

Zer moduz, Gari? Zer sentsazio, zer ilusio hasten ari den denboraldirako eta dagoeneko ate joka dauden lehenbiziko erronka handi horietarako?

Sentsazio ona, egia esan. Oraindik, pixka bat poliki gabiltza, baina hasi gara, behingoz, mejoratzen. Taldea lasterketa batzuk egiten ari da, eta, dena ondo badoa, geu ere hilabete amaieran edo apiril hasieran martxan jarriko gara, eta egutegi aldetik denboraldi osoa normal joango dela uste dut. Esperantza horrekin gaude.

Hasiera batean, behintzat, ilusioa sortzen duen denboraldia da, ezta? Beste zerbait piztu dela dirudi…

Dudarik gabe. Lasterketak berriro bueltan ditugu. Hori, hasteko, badaukagu. Eta gero, gainera, pozik gaude Itzulira joateko gonbidatuta gaudelako eta Espainiako Itzulira ere joango garelako. Guretzat eta Euskaltelentzat oso bereziak izango diren lasterketa horietan egotea oso polita izango da.

Eta zuk zeuk nola hartuko duzu urte hau? Zeure burua aldarrikatzeko urte bezala? Iaz gauzak ez ziren espero bezala atera; aurten, mahai gainean kolpe bat eman eta Gari Bravo benetan nor den erakusteko unea dela sentitzen duzu?

Bai, noski. Azken finean, 2020a izan da niretzat, taldekide guztientzat eta gizarte osoarentzat urte oso arraroa eta desberdina. Beharbada, urte piloan ez da horrelakorik berriro errepikatuko. Niri dagokidanez, oso urte diferentea izan zen iazkoa. Ez nuen aukerarik izan lasterketetan parte hartzeko eta zertarako gai naizen demostratzeko. Sasoia, gehienbat, lehiatzen hartzen dut, ez entrenatzen, eta, gainera, 31 urte dauzkat, eta horrek ere eragin zidala uste dut. Aurten, momentuz, gauzak entrenamenduetan oso ondo doaz, lasterketa egunak izango ditut, eta bai, nahi dut urte ona egin eta denbora askoan ahal bada eutsi.

Gero, errepideak eta zure izterrek esango dute noraino iritsi zaitezkeen, baina ematen du kanpo faktoreek, behintzat, gutxiago eragingo dutela. Ganorazko entrenamenduak egin ditzakezue, lasterketa egutegia normalagoa da, horrek erritmoa hartzeko aukera emango dizu…

Zalantzarik ez. Lehen aipatu dugu, entrenamendu aldetik dena ondo doa eta ni orain martxan jarriko naiz eta sasoi-koxka gehiago hartuko dut, lasterketa egunak egingo ditudalako. Ez banitu egingo, seguruena, iazko gauza bera gertatuko litzaidake. Ez da horrela izango, ez dauka itxura hori, baina demagun hemendik uztailera, Ordiziako klasikora arte, lehiatu gabe iristen naizela. Ba, nire errendimendua ez litzateke ona izango, ez naizelako lehiatu. Nik kaña sartu eta lehiatu egin behar dut. Horrekin hartzen dut sasoia. Horregatik, orain martxan jarri eta ea apirileko lasterketetan ondo nagoen.

Izan ere, atentzioa ematen du iaz entrenamenduetan egiten zenituzten probetan oso datu onak ematen zenituela, baina gero hori ez zela errepidean islatzen.

Hori da. Prestatzaile fisikoarekin ere hitz egin genuen horretaz, eta berak esaten zidan erritmo faltagatik zela, ez neuzkalako lasterketa egunak hanketan. Gure artean komentatzen genuen ziklista gazteak nola zebiltzan. Begira Pogacar-ek eta hauek zer maila eman duten. Ia lasterketa guztiak gazteek irabazi zituzten.

Puntua lehenago hartzen dutelako?

Hori da. Nik ere nabaritzen nuen gaztea nintzenean pare bat lasterketa eginda erritmoa irabazten nuela, indarra, esplosibitatea… Baina 31 urterekin hori joan egiten da eta zailagoa da hartzea. Horregatik, aurtengoak itxura polita dauka, esperantza dut, baikor nago eta urte ona egin nahi dut, iazkoak ez zuelako ezertarako balio izan.

“2013an dena uztekotan egon nintzen eta orain Euskaltelen nago berriro”

Altea eta Calp inguru hartan egin zenuten denboraldi-aurreko kontzentrazioa. Horretaz aparte, non entrenatzen zara? Lazkao inguruan? Taldetxo batekin? Bakarrik?

Taldeetan ohitura dago abenduan edo urtarrilean aurreneko kontzentrazioak berotan egiteko, diferentea delako berotan ibili edo hotza pasatu eta egunero euritan bustitzea. Gorputzak ez du berdin errekuperatzen, eta taldeek horregatik egiten dituzte. Baina, hortik aparte, ni ez naiz inguru haietara itzultzekoa. Ez zait gustatzen. Etxean egotea nahiago dut, nire jendearekin, nire inguruko paisaia eta mendateetan entrenatuz. Gehienetan, bakarrik entrenatzea gustatzen zait, baina taldetxo batekin irteteko aukera dagoenean hor biltzen gara Jon Irisarri, Caja Ruraleko Joel Nicolau, Alex Aranburu eta batzuetan elkartzen diren beste zikloturista eta lagun batzuk. Polita da, baina entrenamendu espezifikoak egin behar ditudanean, bakarrik egitekoa naiz.

Azkenaldian, bizikletan irteten hasi naiz eta gauza batekin konturatu naiz: benetako ziklistak ez zarete sekula bidegorritik joaten? Zergatik?

Arriskuagatik.

Bidegorrian errepidean baino arrisku handiagoa?

Bai! Bidegorri ezberdinak daude. Adibidez, nire neska hemen, Bilbon, bizitzen egon zen garaian, nik bidegorria hartzen nuen eta Kantabria aldera joaten nintzen, eta bidegorri hori ondo dago. Zabala da, txirrindulariak bakarrik ikusten dituzu, elkarren artean errespetua dago…

Ziklista batek esan dit hori gaur: arazoa da bidegorri gehienak ez daudela ziklistentzat eginda.

Hori da kontua. Goierrin, adibidez, ni Lazkaotik ateratzen naiz eta kostako bidea egin nahi badut Beasainera iritsi behar dut lehenbizi. Han bai, bidegorria dago, baina CAF lantegiaren albotik pasatzen da, jendea oinez dabil, patineteak, umeak, baloiak… Gero, Itsasondotik Tolosara, gauza bera. Ez dago guretzako eginda. Paseatzeko eta poliki joateko bai, baina, bestela, arriskutsua da.

Bidegorriarena aipatzen nizun, errepidera ateratzen hasi naizen honetan, eta, batez ere, bakarrik joan naizenetan, lehen pertsonan bizi izan dudalako gidari batzuek ziklistekiko duten begirune falta eta sortzen dituzten arrisku egoerak.

Pentsatzen jarriz gero, bai, errepidean arriskua handiagoa da. Nik ere beldurra pasatzen dut. Egunero daukazu norbaitekin momentu txarren bat, auto batek zuri behar ez den zerbait egin dizulako edo baita geuk ere gidariei batzuetan. Nik semaforoak errespetatzen ditut, ez dut bizikletan noanean telefonoa hartzen, zebra-bidean jendeari pasatzen uzten diot… baina asko ikusten dituzu nahi duten bezala ibiltzen. Hirunaka, launaka, eta, zerbait esanez gero, txarto hartzen dute. Aurrekoan, adibidez, Gorla jaisten hamarreko talde bat ikusi nuen ezkerretik eskumara bi erreiak hartuta. Eta pentsatzen duzu, baina nola da posible? Autoak alderantziz datoz goraka! Azkaraten gora gauza bera, errepidea alderik alde hartuta ziklista talde bat, eta albotik pasatzean esan egin nien mesedez eskumara baztertzeko. Amorrua eman zidan, gero guk gidariei errespetua eskatzen diegulako.

Ez da erraza errepideko elkarbizitza hori.

Ez da, ez. Nik uste dut txirrindulari profesionalak bai garela profesionalak zentzu horretan, baina afizioagatik dabilen jendea, sarritan, ez hainbeste. Eta ziklista batek semaforo bat gorrian pasatzen duenean, denoi eragiten digu, baina hori ez da txirrindularia.

Aipatu berri ditugun errepide horietatik guztietatik Itzulia pasako da datozen egunetan. Zuentzat urteko zita handietako bat…

Aurreko urtean egon nahi genuen, eta ez zen posible izan. Euskaltel sartu zen garai batean izan zena berreskuratzeko asmoz; itxarotea tokatu da, baina, behingoz, iritsi da, eta berriro laranja kolorearekin eta Euskaltel markarekin egotea gauza polita da guretzat. Aurreneko pauso bat da izan genuen hura berriro lortzeko, jendea berriro marea laranja sortzera animatzeko, taldea topera animatzeko, eta geuretzat ere erakusleiho ederra da etxeko lasterketan emaitza bila joan eta gauza onak egiteko.

Etaparen bat begiz jota daukazu ala edozeinek balio dizu?

Edozeinek. Euskal Herriko Itzuliak bere xarma dauka. Dena ezagutzen duzu goitik behera, zailtasunak, erraztasunak, dena. Eta euskal zaleen aurrean edozein etapatan protagonista izatea oso handia litzateke. Duela bi urte hiru egunez mendiko lider ibili nintzenean ikaragarri disfrutatu nuen, Itzuliko garailea banintz bezala sentitzen nintzen. Edozer gauza Itzulian oso inportantea litzateke bai niretzat eta baita taldearentzat ere. Baina bat aukera beharko banu, Arrateko etapa esango nuke. Mitikoena da.

Euskal zaleen aurrean edozein etapatan protagonista izatea oso handia litzateke

Badaukazu garaipenik lortu ez izanaren arantza hori sartuta? Presioa eragiten dizu ala iritsiko dela sentitzen duzu?

Lehen bai, asko presionatzen nuen neure burua. Duela pare bat urtera arte edo, presio handia sentitzen nuen eta horrek nire errendimenduan ere jaistea eragiten zuen. 2010ean pasa nintzen profesionaletara eta oraindik ez dut garaipenik lortu, baina hor ibili naiz, bigarren, hirugarren… hortxe ibili naiz. Garbi dago garrantzitsuena irabaztea dela, baina azken urteetan momentu bakoitza disfrutatzen jakin izan dut, eta, zeinek daki, beharbada, gutxien espero dudanean etorriko da garaipena. Inoiz baino konfiantza gehiagorekin nago, ondo nago, eta nik uste dut gaitasuna badudala neure buruari garaipen bat emateko.

Lehen esan duzu 31 urterekin puntua hartzea gehiago kostatzen dela, baina, aldi berean, aukera sortzen denean hobeto aprobetxatzeko balioko du esperientziak, ezta?

Buru aldetik lasaiago nago, bai. Lehen, oso urduri ibiltzen nintzen, eta horrek ere ondorioak izaten zituen. Egunetik egunera joan beharra dago, disfrutatzen. Pribilegiatuak gara, gehien gustatzen zaiguna egiten dugu, bizikletan ibili eta pedalei gogor eragin. Hori badaukagu. Egunen baten garaipena badator, primeran, baina, bestela ere, lehiatzen ari zara, lagunak egiten, munduan dauden lasterketa onenetan parte hartzen. Ni horrekin pozik nago.

Fundazioko presidentearekin, Mikel Landarekin, ihesaldian tokatuz gero, ez diozu utziko irabazten, ala?

Ez, ez [barre]. Horrelakoetan ez dago lagunik!

Esan dugu Itzulian egotea garrantzitsua dela Euskal Herrian marea laranja hori berpizteko eta ilusioa sortzeko, baina Vueltan egoteak mundu osoan oihartzuna daukan erakusleiho bat zabaltzen dio Euskaltel Euskadiri garai batean izan zen horretara itzultzeko bidean.

Esango nuke Itzuliak ere baduela oihartzuna mundu osoan. Denek dakite nork irabazi duen Euskal Herriko Itzulia. Eta Vueltarekin, berdin. Talde honentzat aurreneko aldia izango da eta ez da erraza horrelako itzuli handi batean parte hartzea. Lan handia dago atzetik. Ziklistak fitxatu, urte osoa planifikatu, hara ondo iristeko zer eta nola egin behar den pentsatu. Jende askoren lana behar da horretarako: staff-a, mekanikariak, laguntzaileak, zuzendariak… Gu berriro Itzulian eta Vuelta egoteko lan pila bat dago egin beharra. Ez da bakarrik lehiatu eta kito. Gauzak oso ondo planifikatu eta landu behar dira eta uste dut taldeak orain merezitako saria daukala.

Gauzak zer diren, Gari. 2013an, Euskaltelek Vueltan azken aldiz parte hartu zuen urtean, zu iritsi berria zinen. Aurreneko urtea zenuen taldean. Eta honetaz zerbait badakien pertsona batek zera esan dit: Euskaltel urte hartan desagertu izan ez balitz, Garik ibilbide profesional osoa gorengo mailan egin izango zukeen. Ados zaude?

Beti pentsatu izan dut baietz. 2010ean profesional mailara pasatu nintzen eta nire ametsa Euskaltelera iristea zen. Txikitatik joan izan naiz lasterketetara maillotarekin Euskaltel animatzera. Iban Mayo, Laiseka, Samuel Sanchez… Eta 2013an aukera heldu zen. Urtetik urtera goraka nindoan, baina justu onenean albiste txar hori eman ziguten. Euskaltelek taldea uzten zuela eta inork ez zuela proiektuarekin jarraituko. Urtea oso motza egin zitzaidan. Bi urte neuzkan sinatuta eta bakarra egiteko aukera izan nuen. Tirrenon eta Romandian mendiko lider ibili nintzen, eta Beijingo Tourrean hamargarren egin nuen, World Tourrean izan dudan emaitza onena. Maila horretan lehen hamarren artean geratzea oso emaitza polita da, eta, are gehiago, 23 urterekin lortuz gero. Baina, bat-batean, taldea desagertu egin zen eta ni azaroan ezer gabe geratu nintzen.

Azken momentuan, hurrengo denboraldirako talde asko itxita zeudenean…

Uztailean esan izan baligute, ba, tira, denbora daukazu mugitzeko eta talde ezberdinekin hitz egiteko. Baina urte sasoi horretan zer? Norekin? Ezin duzu ezer lotu. Esperantza gutxirekin, urte hartan uzteko gogoa ere izan nuen. Lanean hasteko prest nengoen. Ez naiz geldi egotekoa eta badakit profesionaletan amaitzen dudanean lan egin nahi dudala.

Azkenean, Portugalen sortu zen aukera…

Txarra. Aukera txarra izan zen, baina eskertzen dut, urte arraro haren ondoren Odriozolaren proiektuan parte hartzeko aukera sortu zitzaidalako. Eta orain, berriro hemen nago. Pentsa, 2013an uztekotan egon nintzen eta zazpi urteren ondoren berriro Euskaltelen nago. Bizitzaren gorabeherak dira. Askotan pentsatu izan dut gutxinaka maila polita hartzen ari nintzela, hazten; gero, beherakada izan nuen, eta Portugalen ostean kosta egin zitzaidan berriro sasoia hartzea. Hori pixkanaka Muriasen lortu nuen, eta oraindik ere apur bat falta zait, baina, lehen esan dizudan bezala, 2021 ona izatea nahi dut.

Kolpeari eutsi zenion, profesionala izan zara eta horrek bigarren aukera bat, ordaina, ekarri dizu. Zeuk ere egin duzu zeure partea, alde horretatik.

Bikotekidearekin sarritan hitz egin dut horretaz. 2010ean pasatu nintzen profesionaletara eta oraindik hemen nago, inork ez dit ezer oparitu. Batzuetan garaipenak disputatzeko, beste batzuetan laguntzeko, baina baliagarria naiz talde batentzat, eta, kasu honetan, Euskaltelentzat. Horregatik nago hemen. Iaz kontratua amaitzen zitzaidan, berritu egin zidaten, eta aurten motiboak eman nahi ditut berritze hori justifikatzeko.

Etorkizunari begira, Gari. Baikor zara Euskaltel Euskadirekin? Izan zen hura izatera bueltatuko den esperantzarik badaukazu?

Dudarik gabe. Epe motzean ez, baina denborarekin, poliki-poliki… Momentuz, aurten Itzulian eta Vueltan egongo gara eta nik uste dut aurrerago Tourrera ere itzuliko garela. Nik badut esperantza laranja honekin berriro munduko lasterketa onenetan egongo garela eta euskal afizioa animatzen egongo dela. Zerbait berezia daukagu, euskal zaleek zerbait berezia daukate, eta inportanteak gara mundu mailan.

Bide batez, ea iaz bidean hasi zenuen beste bide hori ere, ezkontza, alegia, aurten ospatzerik daukazuen!

[Barre] Seguru baietz! Gu ondo gaude, Maitek eta biok elkar maite dugu, iaz ez zen posible izan COVIDagatik, baina seguru aurten egingo dugula.