Garbiñe Ubeda: “Literaturak munduari hortzak erakusteko modua ematen dit”

Garbiñe Ubeda Goikoetxea (Ibarra, 1967) kazetaria, marrazkilaria eta idazlea da. Berarekin hitz egin dugu literaturaz, kazetaritzaz eta marrazketaz, besteak beste.
Garbiñe Ubeda Goikoetxea, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
Nola definitzen duzu zure burua?
Kosta egiten zait nire burua definitzea. Eta definitzekotan, ezin izaten dut gauza bakarrera lotu. Ezker patologikoa naizela esango nuke. Idaztea, marraztea eta pentsatzea gustukoa duen pertsona bat naiz.
Etxetik datorkizu artista sena?
Pentsatzen dut gure aitak zerbait izan zuela ikusteko horretan, batez ere, musikarien aldean. Asko maite zuen musika, eta seme-alabak musika ikastera behartu zituen; batzuen kasuan, emaitza onekin, eta, beste batzuen kasuan, ez hain onarekin. Aita marrazkilaria ere bazen, eta kutsatu zigun hori ere. Esango nuke “nire ezkerrak balio” zuela esateko beharra nuela. Beste garai batzuk ziren, ezkerra izatea hain ondo ikusia ez zegoen garaiaz ari naiz, zentzu guztietan.
Idazten edo marrazten hasi zinen?
Bazegoen Escher izeneko marrazkilari bat, gauza bereziak egiten zituena. Sekulako bolumenak sortzen zituen, oso ederrak. Beretzat inportantea zen plano bakarreko toki batean nola sortu zitekeen hiru dimentsioko gauza bat. Eta nireak ere lilura horretatik badu. Idazketak ere antzeko zerbait dauka. Hitzak garrantzia handia du, baina hitzak lotzen hasten zarenean… “aiba, hau sortu duzu!” Bat bestea baino lehenago izan zen esaten ez dakit, baina uste dut osagarriak direla.
Zein da zure sormen prozesua?
Esan liteke sortzaile patetiko xamarra naizela. Idazten hasi, eta, bat-batean, irudi bat etortzen zait; batzuetan, hitzez ezin dudalako esan eta irudiekin bai. Eta alderantziz ere bai: irudi bat egiten hasi, eta “hitz honekin hobeto asmatuko nuke” pentsatzen dut. Beti badago ezin bat eta osagarritasun bat. Horregatik, ezingo nuke bata edo bestea aukeratu. Biak behar ditut neurri berean. Formatu jakin batetara joan nahi duzunean, berriz, nobela bat egin, adibidez, horretara bakarrik jarri behar duzu eta irudiak ahaztu. Eta alderantziz ere bai. Niretzat bikainena komikia da, biak uztartzen dituelako. Sekulako artea eskatzen du idatziz eta marrazkiz. Zorionez, Euskal Herrian, sekulako marrazkilariak ditugu. Nik hor belarriak makurtu, eta, gehienez, gidoiak egiten ditut. Bai, zintak egiten ditut, baina ez dira konparagarriak. Zinta da momentua, gauza inspiratzaile bat. Eta, kasu horretan, marrazkiak ez du hainbesteko garrantzirik hartzen. Komikiak, berriz, transmititu behar du ondo marrazki onen bidez, eta hitzak ongi aukeratuz.
Zerk inspiratzen zaitu?
Urte luzez ibili naiz zutabegile bezala, eta, hor, inspirazioa egunerokotasunak eman dit. Izan daiteke autobusean ikusi dudan zerbait edo amak esan didan zerbait. Familiak eta transmisioak, berriz, nobelak sortzeko iturria ematen didate. Egunerokoak, toki guztietan, leku aparta izan du nigan, hor erakusten dugulako zer garen, zerk axola digun eta zein den gure unibertsoa.
“Ezker patologikoa naiz”
Nola lantzen dituzu bataren azkartasuna eta bestearen patxada?
Ahal dudan bezala! Jende askok esaten du literaturak mundua ezagutzeko balio diola. Hori ez da nire kasua. Mundua kazetaritzaren bidez ulertzen dut, edo, asko jota, saiakeraren bidez. Literaturak, berriz, ematen dit nire mundu propioa sortzeko bide bat, edo gustatu ez zaidan zerbaiti buelta emateko aukera. Normalki, ofizioak eta zaintzak irabazten dute gure bizitzan, eta, beraz, horietatik sobratzen diren orduetan jartzen zara patxadaz besteetara. Sortzaile batzuk oso garbi izaten dute zer egin, eta egiten dute. Niri gauzak sortzea, egitea gustatzen zait. Baina, behin erronka gaindituta, interesa galtzen du, eta beste erronka bat bilatzen dut.
Zer da sortzea zuretzat?
Sortzea behar dudan gauza bat da; beharbada, mundua dagoen bezala ez delako nahikoa niretzat, beste zerbait behar dudalako. Errealitatetik abiatuta sortzen dut, baina, beti, beste zerbait izango da, nire ikuspegia izango du. Batzuetan, baita ere, zure buruarentzat sortzen duzu, edo lagun batentzako. Baina munduan kokatzeko behar bat da, eta munduari hortzak erakusteko modu bat ere bai.
Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zara.
Gogoan dut Jasone Osorok proposatu zidala, eta, geroztik, adiskidetasun ikaragarria izan dut berarekin. Hori, behintzat, eman zidan. Esperientzia gogor xamarra izan zen, batez ere, pandemia egokitu zitzaigulako eta ezin zelako gauza handirik egin. Zuzendaritza batzordea izan behar zuena desegin egin zen, eta bertako langileekin bakarrik geratu nintzen. Esperientzia polita eta argigarria ere izan zen. Konturatu nintzen euskaraz idazten duten idazle on asko ditugula, baina euskal literatura, bere horretan, talde bezala, desagertuta dagoela. Ez dut multzorik ikusten. Bakoitza berera doa. Faltan botatzen dut multzoa; gauzak elkarrekin eta konpromiso batekin egitekoa. Elkarteak ezin du, idazleek ez badute nahi. Idazleak aldatu dira gizarteko beste alorretan bezala. Bakoitza doa bere bidea egitera, eta izarren mundura joan da. Ez dut ikusten azpiko multzo hori, EIE sortzera bultzatu zuen multzo hori, alegia. Eta behar dugu, bestela munduak jan egingo gaituelako; dagoeneko, badabil jaten. Izarrak izar bihurtzen dira itzultzen direlako, edo kanpora ateratzen hasi direlako, eta orduan egiten ditugu inportante. Uste dut hemen indar handiagoa jarri behar dugula, eta jabetu kultura bat garela eta denok denon beharra dugula bizitzeko.
“Euskal literatura talde bezala desagertuta dago”
Kazetaritzaren egoera nola ikusten duzu?
Ba orain aipatu dudan gauza bera esango nuke. Medio asko daude, eta gauza asko egiten dira, baina beraien ikusgarritasuna lausotu da. Kazetaritza ikusten dut gero eta sendoago, eta, hizkuntza aldetik, profesionalago. Ikusten ez dudana da medio horiek kontsumitzeko gogoa, atzetik datozen belaunaldiek sare sozialekin aski dutelako, beharbada. Profesioa behar da, bestela oihana sortuko litzateke.
Zer da kazetari on bat zuretzat?
Behar ditu sekulako jakin-mina eta gogoa munduari begiratzeko, eta atzera begiratzeko ere bai, ez galtzeko transmisioa eta ez izateko dena momentuan momentukoa. Horretarako, sena eta azkartasuna behar dira, baina beste patxada hori ere behar da. Biak batzen dituena da niretzat kazetari ona. Gauza dena azkar erantzuteko, baina atzetik izandakoaren arrastoa galdu gabe. Kapaz dena katebegi bihurtzeko.
Emakumearen egoera nola aldatu da?
Adin bat daukagunok ez dugu izan komunikabideetan bizitza erraza. Zortea izan nuen Joxemi Zumalabe eta Iñaki Uria ezagutzekoa, baina emakumeen tokia ez zen batere ebidentea garai horretan. Azalak egiten hasi nintzen, eta, askotan, gertatu zitzaidan zerbait egin eta haiek esatea: “Hau ez duzu zuk egin, edo ez duzu bakarrik egin. Lagundu egin dizute”. Zorionez, gorputzeko azala ere asko loditu zitzaigun. Orain, ikusten dut emakumea ari dela bere tokiaz jabetzen, baina katebegiaren kontu hori ez dagoela konturatzen naiz. Eta tokatzen zait gaur egun entzun beharra zaharra naizela lan jakin bat egiteko. Lehen, emakumea nintzen, eta, orain, berriz, zaharra! Oso itsusia da, baina horrela da. Orain, primatzen dena da neska gaztea. Baina emakume horiek hor badaude lehen beste batzuk egon garelako da. Eta hori ezin da ahaztu. Belaunaldi berriek, batzuetan, gutxiespenez begiratzen dute atzera. Ez dira konturatzen bataila oso latzak egin direla, nahiz eta ez diren agertu edo gaurko begietatik oso txikiak iruditu. Beharbada, guk ere ez dugu asmatu transmisioa egiten, baina galdu da zerbait.
“Kazetaritza gero eta sendoago ikusten dut”
Baduzu esku artean proiekturik?
Lotsa pixka bat ematen dit, baina nire ametsa da komiki bat hasi eta buka egitea, hau da, idatzi eta marraztea. Zergatik? Ez dudalako inoiz egin. Nire buruari jarri diodan erronka da.