Garbiñe Larrea: “Transmisioarena sentitzen dudan ardura bat da”

Sendabelarrek dakitena, Kosmetikoak sendabelarrekin… liburu mamitsuak argitara eman ditu Garbiñe Larreak, Argia-ren eskutik. Taldean egindakoa, taldearentzat. Hots, komunitatearentzat. Abiadura handian hitz egiten du; jakinduria osoa partekatzeko gogoz dagoen erakusle.
Garbiñe Larrea, ongi etorri TTAPera. Akaso, bueltan, zerorrek esan beharko zeniguke ongietorria Goiburura, Xoxokara.
Ongi etorri nire herrira, nire auzora.
Izan ere, Urnietan gaude. Gero egingo dizut horri buruzko galdera. Kosmetikoak sendabelarrekin liburua eskuetan daukat. Ia-ia entziklopedikoa dela esango nuke. Eta, hona iritsita, esfortzu handia egin behar da liburu hau 25 minutuko elkarrizketa batera ekartzeko.
Urteetako lana dago atzean, eta txantxetan esan ohi dut liburuak gizenak ateratzen zaizkidala. Idazten hasi, eta detektatu genituen hainbat behar. Gero egindako hainbat lan ere jasotzea egokia iruditu zitzaigun. Eta hor badago Estitxu Eizagirre editorearen parte handi bat ere. Orduan, niretzat erakargarria izan behar du liburuak. Liburua zabaltzean, hark arnas bat eman dezala nahi dugu. Nahi genuen liburua erosoa izatea, nahiz eta handia izan. Era berean, praktikoa izan behar du. Erabiltzaileak gida modukoa daukalako. Hutsetik abiatzen den batentzat egin nahi genuen. Lan egituratu bat. Orduan, ibilbide egituratu bat eman nahi izan diot hutsetik abiatzen denari, baina gero, honetan lanean ari denari ere zenbait aukera berri eman nahi izan dizkiot. Izan behar du oso pedagogikoa, oso didaktikoa, oso xehea azalduta egon behar du. Horretan ahalegina egin dugu, bai.
Eta ez duzu bakarrik egin; edizio-lana oso garrantzitsua da liburuan.
Editorearen papera ez da oso ezaguna, ez da ikusten. Hainbat orraztu izaten ditu liburuak. Esan nahi dut nik letra lehorrak egiten ditudala eta liburu erakargarri egiteko beste ogibide batzuk daudela: argazkilaria dago; kasu honetan, Ibai Arrietak egin du lana. Gero, azala Maitane Garciandiak egin du, maketazioa ere bai. Lantalde bat gabe hau ez da egiten, eta Argia bada lantalde bat; beraz, lantalde horren barruan uste dut niri pluralean hitz egitea dagokidala. Eta, hain zuzen, azal-hegalean horregatik ipini ditugu liburu honetan aritu diren hiru langileren argazkiak.
Elkarrizketa asko egin dituzu Kosmetikoak sendabelarrekin ipuin-liburuaren harira, baina hau berezia da, hasteko eta behin, kokapenari dagokionez. Azaldu iezaguzu non gauden.
Xoxokako eskolan gaude, Urnietan. Ni, berez, Ergoiengoa naiz, eta Goiburu gorago dago. Hau da Urnietako auzoetako bat. Hau herri eskola da, nire aitak eta nire izebek hemen ikasi zuten. Guk txantxetan diogu auzoko jaiak herrikoak baina hobeak direla.
Hau da nire leku kuttunetako bat.
Liburuan murgilduta, hasieran bada edertasunari buruzko hausnarketa; generoa aipatzen da, gainera, atal horretan.
Edertasunaren gaiari heldu beharra zegoen liburu honetan. Zeharka, beti dagoelako presente. Hau egiten baldin badugu ez da azala garbitzeko eta zaintzeko bakarrik. Guk zaintze horretan nahi dugu ahalik eta itxurarik onena eman. Eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Kosmetikaren industria izugarria da, kosmetika naturalarena ere bai, eta hor inor ez dago libre. Egia da emakumeari, historian, eta gaur egun ere, gehiago eskatzen zaiola. Baina gizonezkoak ere baditu bete beharreko estandar batzuk eta, egun, sare sozialen garaian, sare sozialetako filtroekin, ikusi besterik ez dago nerabeek jasotzen duten zaparrada hori. Eskatzen dena askoz handiagoa da. Hitzaurrean aipatzen ditut hainbat izen propio. Horietakoa Susan Sontag da. Hark badu esaera oso ona: “Ederra izatea ez dago gaizki. Gaizki dagoena da ederra izateko obligazioa”. Eder izateko obligazio hori daukagu adin tarte bakoitzean, eta, bueno, hori bada presio bat. Bestela, ikusi azaleko gaitzak dituenak, aurpegian adibidez, horrek zein estigma duen gure gizartean. Sarrionandia aipatuz, txantxa modukoa egiten dut atal horretan. Hitzen ondoeza maite dudan liburua da eta bertako pasarte batean dio emakumeak zenbat eta makillatuagoak, orduan eta makillatuagoak. Irakurri nuenean, “bua, egia da!”, esan nuen. Baina gaur egun uste dut ezetz, iruditzen zaidalako eskura dauzkagun hainbat baliabide erabiltzen ditugula gure erarik itxurarik onena emateko. Azkenean, nahi duguna besteen onarpena da, eta besteek gu ikusiak izatea. Gai oso-oso sakona da.
Atal ezberdinak lantzen hasita, eta gai hau seriotasunez hartu behar delako, bada Azenarioaren tratamendua izeneko atala; hainbat ohartarazpen egiten dira bertan alkoholaren eta tabakoaren kontsumoaren inguruan.
Kontua da kosmetikari eskatzen zaiola dena. Irudipena daukagu 100 gramo pote bat krema 200 euro ordainduta horrek dena konponduko duela. Eta hori ez da horrela. Gure azalaren osasuna, ongizatea eta itxura ona ematea, hein handi batean, gure bizi estiloa da, eta gure biztanle estiloan barruan badaude faktore asko. Horietako bat elikadura da. Orduan, elikadura ez bada egokia, bizitza oso sedentarioa bada edo tabakoa edo bestelako toxikoak kontsumitzen baditugu… bada, kosmetikoak ezin du hori guztia berdindu. Sendabelarrekin ere gauza bera esan ohi dut. Sendabelar bat ez hartu tripako mina kentzeko, gaizki jaten baduzu. Orduan, hasi behar dugu oinarritik. Eta, bueno, azenario tratamendua sartu dugu ikusteko guk multibitaminikoak azalean aplikatu baino hobea genukeela jatea, hasteko eta behin. Hori egin dezakegu modu sistematikoan; adibidez, udaberrian. Edo egin dezakegu multibitaminiko hori janez. Ikusten dudalako kosmetikan nutrizeptikoak eta horrelako kontzeptuak datozela, eta, finean, zer dira? Pilulak eta kremak saltzen dizun etxe berak saltzen dizula oso garesti. Pilula bat da azala zoragarria edukitzeko, eta begira, pilula hori hiru bitaminaz egina dago. Bitamina horrek limoia, oliba-olioa eta azenarioa baditu. Orduan, ez gaitezen engaina.
“Irakurleek eskatu izan ez balute, nik ez nuen ibilbide hau egingo“
Beraz, zeien erraz egin genezake guk. Jakinez gero…
Eskura baliabide asko ditugu eta askotan iruditzen zaigu behar duela izan kanpokoa, exotikoa, izugarri garestia, eta ez da hala. Kosmetiko handi-handi bat asuna da, eta jendeari ez zaio iruditzen! Edo kamamila edo ilena. Arruntak izateagatik edo ohikoa izateagatik gutxietsi egiten ditugu, eta ez genuke hori egin behar.
Durangoko Azokaren aurretik egin nizun elkarrizketa hartatik gogoan iltzatuta geratu zitzaizkidan hainbat kontzeptu. Eta liburuaren azalean ageri den esaldiak badu zerikusia galderarekin. Bertan ageri da honako hau: Zure bizitzatik 100 substantzia toxiko oraintxe kentzeko liburua.
Lelo hori ipini ala ez, eztabaida izan genuen. Kontua duela 10 urte Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa bat da, eta guk batez besteko bat ipini dugu, ikusi zelako emakumeen kasuan 185 osagai kimiko-sintetiko barneratzen direla azaletik. Egunean, eta gizonen kasuan, 85. Guk egin dugu batez bestekoa. Ikerketa hori ez da berriro egin. Badakigu askoz gehiago liratekeela. Behin horiek azal barrura sartzen zaizkigunean, ikusten dugu zein lan egiten duten. Ikusten da, emakumeen kasuan, bereziki sistema hormonalean egiten dutela lana. Nazioarteko Endokrinologia Elkarteak esan berri du gure sistema hormonala hackeatzen ari direla, xenoestrogeno gisa portatzen direlako. Badira ere kardiologian egindako ikerketa berriak esanez tronboen jatorrian badirela mikroplastikoak. Oharkabean, egunero edozeinek egiten duen ekintza xume horretan, garbitzea soilik, elementu oso kezkagarriak ari gara barneratzen. Eta koktel-efektua ez du inork aztertzen. Hau da, osagaiak banaka eta kopuru seguruak banaka begiratzen dira, baina, koktel-efektuari dagokionez, beste aldera begiratzen dugu, eta hori oso kezkagarria da. Nicolas Olearen lanak eta liburuak gomendatzen ditut. Espainiako Estatuan lan oso garrantzitsua egiten ari da esparru horretan.
Interesak badira emaitza horiek argitara ez ateratzeko.
Interesak ikaragarriak dira. Alternatibak egon badaude, gu horretan saiatu gara. Baina alternatiba hori egingarria da eta trantsizio bat eskatzen du eta kontzientzia bat eskatzen du. Kosmetikaren zati bat ari da aldaketa horretarako bidea ematen.
Liburuaz pluralean ari zara hedabideetan; liburua nola antolatu zenuen horrelako lan mardul bati ekiteko?
Lehenengo, begiratu behar dituzu aurreko urteetan egin dituzun zirriborroak, egin dituzun ikastaroak. Mahai gainean jartzen dugu: zer da lehenengo egin duguna. Baditugu beste esparru batzuk oso teknikoak eta oso zailak direnak. Irakurlearen tokian jarrita erraz ulertzeko modukoa izan behar du. Eta, bueno, ikusi genuen garbitzea dela lan bat eta zaintzea beste bat. Hasi ginen azaletik, iletik. Mintzak oso ezberdinak dira, ezpainak ez dira azal bezala lantzen. Ikusten genuen urtaroaren eta sasoiaren arabera beharrak aldatzen zirela. Udan, adibidez, eduki behar dituzu hainbat produktu erretzen baldin bazara. Azala babestu behar dugu hainbat faktoretatik, erredurak izan ditzakezu. Eta, neguan, hotzak azala lehortu eta deshidratatu egingo du. Behar horien arabera ere egituratzen da lan hau.
Bertigotik euforiara igaro zarete liburu honekin?
Euforia? Kontuz ibili behar da horrekin. Nik bertigoa beti daukat. Lehenengo liburua inozentzia maila handi batekin egin nuen, eta oraingoan hori ez dago. Badakizu nork hartuko duen, espektatiba badago, maila bat eman behar duzu, eta horrek ardura dakar. Eta ikusten duzunean hartzaileak nola hartzen duen, ze poz! Niri etortzen zait burura Andoni Egañak bere lehen txapela irabazi zuenean agurreko bertsoan esan zuena: “Zuek horrela ikusi eta neroni jartzen naiz alai”. Orduan ikustea lantaldeak ez daukan poz hori eskertzekoa da. Ondoren, hitzaldietan eta zabiltzan lekuan ikustea jendeak nola estimatzen duen… Sortzaile batek daukan gauzarik ederrenetakoa da hori.
“Eder izateko obligazio modukoa daukagu adin tarte bakoitzean”
Durangoko Azokan harrera bikaina izan duzu.
Bai. Beti joan izan naiz Durangoko Azokara, eta orain beste aldean egotea egokitu zait. Jendeari eman egin behar diozu, jendea hartzeko dago, jendea zuri emateko ere badago. Pozgarria da irakurlea saskitxo batekin etortzen denean hark egin dituen gauzak zuri ematera. Eta eskerrak ematera. Aldi berean, Durangoko Azoka kirol jardueratzat hartzen dut. Oso mentalizatuta joaten naiz. Fondoko lan bada; han tente ordu asko egon behar da, eta gorputza ere zaindu behar da han behar den moduan egoteko.
Eta, egiari zor, alor horretan Argia egiten ari den lana azpimarratu beharra dago. Beharbada, egon daitezke interes ugari musikara, kulturara eta beste alor batzuetara bideratuta. Bizi Baratzea egitasmoarekin Argia-k oinarri batzuk jartzen eta ikusleak bereganatzen asmatu du.
Bizi Baratzea izan da Jakoba Errekondok irekitako bide bat, eta, gero, beste batzuk joan gara gehitzen. Argia-k lehen sektorearekin, eta ez lehen sektorea bakarrik, osasunarekin… sendabelarrekin hasi ginenean kontzientzia bagenuen ondare immaterial bat dela eta gure herrian badela jakintza bat. Biltzea eta sistematizatzea garrantzitsua zela uste genuen. Nik ez nuen, inolaz ere, pentsatzen honetan arituko nintzenik. Haiek egindako proposamen bat izan zen, susto handi samarrarekin hartu nuena. Esan beharra dago neurri handi batean gainditua dudala; ez erabat, baina iruzurgilearen sindrome handi-handi batekin hasi nintzen. “Nola egingo dut sendabelarren liburu bat?”, galdetzen nion neure buruari. Espero gabe ireki da bide hau. Uste nuen liburua aurkeztu, elkarrizketa pare bat eman eta etxera joango nintzela. Eta hori ez da horrela izan. Hori horrela izateko Argia-k, dudarik gabe, lan handia egin du. Eta gero, irakurleek. Irakurleek eskatu izan ez balute, nik ez nuen ibilbide hau egingo.
Liburuak jarraipena izango du? Gehiegi galdetzea da hori?
Liburu hau aurkezten ari naizela azken galdera hori egiten badidazu, atzeraka eroriko naiz. Hainbat gauzak segida izan behar dute. Lehenengo liburua idatzi nuenean, 45 landare aipatu nituen. Eta ez zait inoiz ahaztuko lehenengo aurkezpena. Larraulera joan nintzen eta andre bat oso haserre etorri zitzaidan esanez berak erabiltzen zuen sendabelar bat ez nuela aipatu. Eta ea zer zen hori! Eta gero, askotan gertatu zait hori. Egia da, kanpoan utzi behar da beti. Eta egin nuen aukeraketa horretan zer ez nuen sartu kontziente naiz. Iruditzen zait Sendabelarrek dakitena liburuak jarraipena egin beharra daukadala. Segituko dut. Badira irakurleek egiten dituzten proposamenak, eta kosmetikoena hortik sortu zen. Hainbatek esan zigutelako: “Zergatik ez duzue hori garatzen?”. Bazegoen gogo bat eta gose bat.
Mitifikatzeko aukera dago, baina, oinarrian, zuri entzunda, sendabelar gutxirekin asko egin daiteke.
Bai, bai. Bai. Badaukagu kontsumokeriaren ideia bat, hala bizi garelako beste esparru batzuetan. Ez dakit, ba, arroparekin, liburuekin ere… kontsumokerian erorita gabiltza eta iruditzen zaigu zenbat eta gehiago hobeto. Eta hori ez da horrela. Hasteko, sendabelarra behar dugu momentuan. Nik goizero ez dut sendabelar bat hartzen, infusioan. Behar dudanean hartuko dut. Orduan, oso arruntak eta oso ohikoak direnak balio anitzekoak dira, eta hor dago gakoa. Zuk balio anitz horiek ezagutzen baldin badituzu eta etekina ateratzen baldin badakizu, ez duzu zertan asko izan. Akordatzen naiz Asturiasen bazela emakume bat intsusarekin bakarrik lan egiten zuena. “Berbena ez dut ezagutu ere egiten”, esaten zidan. Etnobotanikan ikus dezakezu badela curandero de planta unica delakoa. Ibilbide luzeko sendabelarrak daude. Orduan, ez dugu zertan kopuru handi bat erabili.
“Sendabelar bat ez hartu tripako mina kentzeko, gaizki jaten baduzu”
Liburu honen gakoetako bat transmisioan laguntzea da.
Transmisioarena sentitzen dudan ardura bat da. Transmisioa egin beharra dago eta transmisioa ez dago modu egituratuan; hau da, ez dago ikasketa homologaturik. Oso buruan eta oso presente daukadan egoera bat da. Nik uste dut jakintza hau bildu egin behar dela, sistematizatu egin behar dela eta transmisio egokia ziurtatu behar dugula. Eta, tira, liburuekin, hitzaldiekin, tailerrekin, neurri batean, ari naiz egiten, baina ez da pertsona bakarrak egiteko gauza, nahiz eta gure alea ipintzen ari garen horretan.
Eskerrik asko, Garbiñe. Txoriak txiokatzen, oilarrak kukurrukuka, haurrak ere entzuten dira… toki ederrean gaude.
Xoxoka hori da guretzat. Era batean leku isila, baina hemen daukazun paisaia akustikoa hau da.
Zorionak eta ondo segi.
Eskerrik asko zuei.