Garazi Sanchez: “Itsasoaren egoeraz hain gutxi jakiteak lotsa eragiten zidan”
Lesio larri batetik irten ondoren, Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko lehian ibiliko da Garazi Sanchez surflaria (Getxo, 1991). Gainera, itsasoetan dagoen kutsaduraren gaineko “lotsa”azaltzeko Vergüenza dokumentala aurkeztu zuen udan.
Zuzenean edo ia zuzenean uretatik zatoz, Garazi…
Bai, zorionekoa ni!
Eta… bainu ona izan da?
Bai, oso egun polita zegoen, eta hori aprobetxatu egin behar da.
Egunero sartzen zara uretan?
Saiatzen naiz. Egunero sartzea ezinezkoa da, batzuetan konpromisoak dauzkazulako edo beste batzuetan lesionatuta zaudelako, baina etxean nagoenean saiatzen naiz ahal dudanean uretan sartzen, edo, behintzat, egunero itsasoa ikustera joaten naiz.
Daukagun ziurgabetasun egoera edukita, txapelketa gehienak kolokan, nazioartera bidaiatzea ezinezkoa da… Nondik ateratzen duzu motibazioa egunero entrenatzeko eta zeure buruari gehiago exijitzeko?
Egia da txapelketarik gabe intentsitateari eustea zaila dela, lehiak beste ilusio bat eragiten duelako. Baina, aldi berean, uste dut aukera on bat izaten ari dela guretzat etxean egoteko. Beste urte batzuetan izan ez dudan aukera bezala hartu ditut hilabete hauek entrenatzeko. Aitortzen dut Espainiako txapelketaren ostean berriro kirolari sentitu nintzela, baina surflariok pasio handiz bizi dugu gure kirola, eta beste gauza batzuekin disfrutatzen ari gara bidean hobetzen dugun bitartean.
Esan duzu orain etxean egon zaitezkeela. Izan ere, surflari profesionalaren bizimoduak baditu hain idilikoak ez diren zenbait alde: kanpoan denbora asko ematea edo bakardadea, adibidez. Zer ematen dizu trukean itsasoak?
Etxetik urrun egon arren, etxean sentitzeko modu bat da.
Itsasoa da zure ingurua? Itsasoan sentitzen zara ondoen?
Bai. Iaz, ia urte osoa eman nuen uretatik kanpo, eta itzultzean sentitu nuena izan zen ordura arte egindako guztia uretara bueltatzeko zela, uretara itzultzeko modu baten bila ibili nintzela denbora horretan guztian.
Surfaren aurpegi idilikoaz eta ez hain idilikoaz hitz egingo dugu, Garazi, zure historia pertsonalak asko baitauka horretatik. Hasiera bai, guztiz idilikoa izan zen…
Oso txikitatik Lagako hondartzara joaten nintzen, ia astebururo, furgonetan nebarekin eta gurasoekin. Han kanpatzen genuen. Gurasoek kayak surfa praktikatzen zuten eta eskalada egiten zuten Ogoñon, eta nik, arreba txiki on batek bezala, neba imitatzen nuen. Ur ertzean ibiltzen ginen bodyboard batekin zutik jartzen ikasi arte. Oso garai polita izan zen. Joan den astean egon nintzen Lagan eta oso oroitzapen politak ekarri zizkidan.
Hor piztu zitzaizun surfarekiko maitasuna eta handik aurrera lagun taldetxo bat sortu zenuten praktikatzera joateko…
Gaur egun Sopelan surf eskola bat duen Gorka Yarriturekin hasi ginen. Orduan ez zen horretara dedikatzen, baina gure gurasoak Getxo inguruan surfean irakasteko gai zen norbaiten bila zebiltzan eta Gorkarekin egin zuten topo. Adin ezberdinetako haur talde bat sortu zen, uste dut ni nintzela neska bakarra, eta oso modu naturalean hasi ginen. Inork ez zeukan lehiatzeko asmorik, hori ez zen ia existitu ere egiten… Garai hartako olatuez ez naiz askorik gogoratzen, baina bai egiten genituen umekeriez eta lagun giro hartaz.
Eta noiz hasi zen hori aldatzen?
Asteburuetan txapelketetara joaten hasi ginen. Lagunekin eta gurasoekin hondartzaz hondartza bidaiatu, bokatak jan eta kanpaldiak egiteko beste modu bat zen guretzat. Gero, Frantziako lehiaketetan parte hartzera pasa ginen. Han zegoen Europako surfaren meka, maila handiagoa zen, eta emaitza onak lortzen hasi nintzen. Quicksilver edo Billabong bezalako markak nire gurasoekin kontaktuan jartzen hasi ziren. Euren Europako taldeetan sartzea proposatu ziguten, eurekin bidaiatu eta txapelketa garrantzitsuagoetan aritzea. Garai hartan etorri zen surfaren boom-a eta orduan hasi nintzen nire ikuspegia apur bat aldatzen. Profesionala izatea ez zitzaidan burutik pasa ere egiten, baina Australiara edo Maldivetara doan joatea posible zela ikusten nuen, izurdeekin igeri egitea… Haur baten ikuspegitik, noski, baina ohartu nintzen beti egin nahi izan nituen gauza haiek eskura egon zitezkeela.
“Begietan berreskuratu dudan distirak esaten dit ondo nagoela“
Australiara doan joatea aipatu duzunez, badaukazu horri buruzko pasarte sinestezin bat…
Nik obsesioa neukan Australiarekin. Niretzat surfaren munduko meka zen Hawaiiren gainetik eta hara joan nahi nuen. Gurasoek ez zuten serioegi hartzen, baina aitak, behin, erdi txantxetan, Getxoko Udalera idazteko esan zidan.
Zenbat urte zenituen orduan?
13 urte. Kontua da aitak bere garaian Getxoko Udalera idatzi zuela lagun talde batekin eskalada espedizio baterako laguntza eskatuz eta laguntza eman ziotela. Horregatik bota zidan ideia erdi brometan, prentsatuz bere horretan geratuko zela… Baina nik serio hartu nuen. Akatsez betetako gutun bat idatzi nuen, Word-en, argazki eta guzti, azalduz Australiara joan behar nuela han piloa ikasiko nuelako, eta, denon harridurarako, dirulaguntza bat eman zidaten eta hara joan nintzen! Han bete nituen 14 urteak!
Inoiz hitz egin duzu gutun hori jaso zuen pertsonarekin?
Ez, egia esan, ez. Ez dakit nor den. Honezkero ez da udaletxean egongo, baina gustatuko litzaidake jakitea zer pentsatu zuen. Baina lehen aipatu duguna da, umeen inozentzia. Heldua zarenean ez duzu egiten ezetz esango dizutela pentsatzen duzulako, baina umeek ez daukate beldur hori.
14 urte zenituen eta zure ametsa betetzen ari zinen etorkizunean pentsatu gabe… Zer gertatu zen bat-batean dena hankaz gora jartzeko?
Asko bidaiatzen hasi nintzen. Hurrengo urtean, adibidez, nebarekin itzuli nintzen Australiara. Mundua ezagutzen ari nintzen eta oso momentu politak ziren, baina, pixkanaka, gauza serio jartzen hasi zen. Bidaiak familia eta lagunekin egitetik Europako surf taldearekin egitera pasa nintzen. Asko frantziarrak ziren, nik ez nuen frantsesa hitz egiten eta bakarrik sentitzen nintzen. Gainera, 18 urterekin badirudi zure bizitzako erabaki garrantzitsuena hartu behar duzula, nahiz eta gero konturatu bizitzak buelta asko ematen dituela; eta disfrutatzeari utzi nion. Ez nuen ulertzen zergatik egiten nuen egiten nuena. Sentitzen nuen ez nekiela beste ezer egiten. Surfa alde batera uztea erabaki nuen pare bat urtez, ikusteko benetan nahi nuena hori ote zen.
Krisi existentziala…
Batez ere, zergatia ulertu nahi nuen. Zergatik praktikatzen nuen surfa. Txapelketak irabazi eta txapelduna izateko beharra nuelako? Garazi surflaria nintzen mundu guztiarentzat, baina ni hori baino gehiago naiz. Norbere identitatea sortzen den garaia zen eta nik krisi bat izan nuen. Gainera, denbora asko ematen nuen kanpoan, lagunek nik egin ezin nituen gauza asko egiten zituzten, orduan ez zegoen gaur egun dagoen aukera unibertsitateko ikasketak online egiteko… Nire bizimodua benetan hori izatea nahi ote nuen galdetzen nion neure buruari.
Krisi hartan eragina izan zuen, gainera, surfaren munduan garai hartan emakumeek zenuten presentzia eskasak?
Une hartan ez. Nire arazoa gehiago zen uste nuela bizitza osoa baldintzatuko zidan erabaki baten aurrean nengoela. Eta, gainera, disfrutatzeari utzi nion, jada ez zelako lagunekin egiten nuen zerbait. Surfean emaitzetan bakarrik pentsatzen baduzu, ez du merezi. 300 lehiakidek hartzen dute parte txapelketa batean, eta bakarrak irabazten du. Ez dago partidu bat astebururo. Ez dago irabazteko edo galtzeko aukera portzentaje bera. Emaitzetan soilik fijatuz gero, oso kirol gogorra da, eta pasioa erraz gal daiteke. Horregatik neukan zergatik egiten eta handik zer gehiago atera nezakeen ulertzeko beharra. Surfa oso kirol polita da, gauza asko egin eta bizitzeko aukera ematen du eta emaitzei beste modu batera begiratzen ikasi behar da.
“Txapelketarik gabe zaila da intentsitateari eustea”
Emakumeen presentziarena galdetu dizut, inoiz entzun izan dizudalako surfak puntu matxista bat zeukala. Ez dakit horrela izaten jarraitzen duen.
Hala zen, baina ez zen hori nire arazoa une hartan. Agian, bai gazteagotan, 10-14 urte inguru neuzkanean. “Marichico” esaten zidaten, ez zegoen ia neskentzako surf-jantzirik, nire nebarekin eta bere lagunekin joaten nintzen neskek ez zutelako surfik egiten… Orduan bai sentitzen nintzen arraro, eta hori ez da atsegina. Orain, ordea, hainbeste neska ikusten dira uretan… eta hori gauza ederra da.
Hainbeste galdera eta zalantzazko une hartan beste Gorka bat agertu zen zure bizitzan, Gorka Alegria. Nor da, eta zer eman zizun?
Lagun baten laguna zen, eta niri laguntzeko gai zela uste zuen, nire nemesia delako, nolabait esatearren. Oso ordenatua da, arrazionala, eta neure burua momentu hartan hankaz gora zegoen. Ordena hori behar nuen. Ez dakit zergatik, baina laguntzea erabaki zuen, eta esperimentu txiki batekin hasi ginen, diziplina eta errutina batzuk ezarri zizkidan buru barruan neukan zarata hori guztia baretu eta hobeto pentsatu ahal izateko. Oso gauza sinplea zen, baina niretzat zoramena: egunero gimnasiora ordu berean joan, ordu berean bazkaldu, eta gauero mezu elektroniko bat bidali behar nion hurrengo eguneko ordutegiarekin, helburuekin eta helburu horiek ez betetzeko beldurrekin. Sinplea dirudi, baina gauero hamarretan mezua bidaltzeak lagundu zidan pixkanaka urratsak egiteko orduan. Gaur egun ere, txapelketa baten aurretik dauzkadan beldurrak edo zalantzak horrela lantzen ditugu, eta ez soilik surfean, baita bilera batera joan aurretik edo bizitzako beste edozein alorretarako.
Pauso txiki eta sinpleak emanez txapelketetara itzuli zinen, oso emaitza onekin, gainera, Espainiako txapeldun 2017an eta 2018an, Europako txapeldunorde ere bai, eta unerik onenean zeundenean bigarren kolpea…
Hossegorren nengoen Andy Crierrekin eta nire ahizparekin. Egia da urte hartan oso arin bizi izan nintzela, batetik bestera, nire gorputzari entzun gabe. Bi urte neramatzan bizkarreko minarekin. Olatu bat hartu nuen eta bat-batean oso min handia sentitu nuen bizkarraren behealdean. Ahal izan nuen bezala atera nintzen ur ertzera eta zutik jartzerakoan lurrera erori nintzen. Ezin nintzen zutik mantendu. Bizitza osoa pasa zitzaidan burutik… Orain hemen nago, oinez nabil eta ez dut une hartako beldurra sentitzen, baina momentu hartan ezin nuen sinetsi ni nintzela ur ertzean mugitu ezinik etzanda zegoena.
Momentu hartan ez zen surfa kolokan zegoena, berriro oinez ibili ahal izatea baizik!
Noski! Surfak ez zuen batere inporta. Gutxienez, supermerkatura erosketak egitera oinez joan ahal izatea nahi nuen momentu hartan. Berriz korrika egiteak ere ez nuen eskatzen! Ur ertzean botata nengoen, medikuak etorri arte denbora pasa zen eta bitartean jendearen aurpegiak ikusten nituen, onetik irtenda, beldurtuta, zer esan jakin gabe. Baionara eraman ninduten anbulantzian eta aurrena bizkarrezur muina minduta ote neukan begiratu zidaten. Ezetz esan zidatenean… uf, ez nuen galdetu ere egin berriro surfa praktikatzerik izango nuen. Opari bat izan zen. Lau orduz kendu zidaten zerbait itzuli izan balidate bezala…
Errekuperazio prozesua grabatzea erabaki zenuen. Zergatik? Eta zertarako balio izan dizu?
Begira, 18 urterekin lehenengo krisi hura izan nueneko argazki batzuk dauzkat, neure burua, neure gorputza eta neure orduko pentsamenduak nolakoak ziren gogoratzeko balio izan didatenak. Batez ere, ondo egon naizenean atzera begiratu eta pertsona bera zeinen ezberdina izan daitekeen konturatzen lagundu didate. Txarto zaudenean edo zalantzak dauzkazunean, egoera batetik irten eta bestera iristeko modua badagoela. Eta hori egin nahi izan nuen errekuperazioa grabatzerakoan. Momentu zail batean nengoen, eta prozesu pertsonal hori jaso nahi izan nuen. Bi urteren ostean irudi horiek ikusten ditudanean ohartzen naiz orain zeinen ondo nagoen, ez surfean emaitza onak dauzkadalako, baizik eta nire begiek daukaten distiragatik.
Bide batez, aurreneko urratsak egin zenituen dokumentalista gisa, eta aurten Vergüenza aurkeztu duzu, itsasoetako kutsadurari buruz. Titulua zeure buruari egindako autokritika da?
Bai. Dokumental hori egitera bultzatu ninduen sentimendua izan zen. Pelayo Salinas itsas-biologoarekin izan nuen elkarrizketa batean sentitu nuen lotsak galderak sortu zizkidan eta dokumentala egitera eraman ninduen.
Lotsa… sentitzen zenuelako ez zenituela benetan ezagutzen zure ingurunea den itsasoa eta itsasoak dauzkan arazoak?
Ezagutu ez, jakiteaz arduratu. Orain ere, ez dut askorik ezagutzen, ez naiz aditua, baina askotan egon naiz itsasoaz asko dakiten pertsonekin eta kuriositaterik ere ez dut agertu izan, eta hainbeste ordu ematen dituzun inguruneaz hain gutxi jakiteak lotsa eragiten zidan, bai. Lotsa, eta, aldi berean, iruditzen zitzaidan pertsonok autodefentsa mekanismo moduko bat daukagula hain arazo handien aurrean beste alde batera begiratu eta zama hori gainetik kentzeko. Baina horrek ez digu erantzukizuna kentzen eta nik ulertu egin nahi nuen zergatik egiten dugun hori eta nola egin beste alde batera ez begiratzeko.
Eta lortu duzu beste alde batera ez begiratzea eta zerbaitetan aldatzea?
Bai, baina ez da erraza. Mundua abiadura handian dabil eta nik neuk ere asko nabaritzen dut nire bizimoduak abiadura handia hartzen duen sasoietan. Zaila da goizean une bat hartu eta kantinplora urez betetzea edo joan behar dudan tokira joateko autoa ez hartzea. Imanol Zuberok dokumentalean dio lehenengo pausoa pentsamendu kontzientea garatzea dela, eta ni horretan ahalegintzen naiz. Hartzen ditudan erabakien ondorioen jakitun izaten saiatzen naiz, nahiz eta batzuetan kontraesanean erori eta erabaki batzuk okerrak direla jakin. Gutxienez egin dezakedana egiten dut eta gaizki egindakoa ahal dudan neurrian konpentsatzen.
Ordena berreskuratu duzun honetan, disfrutatzen ari zaren honetan, norantz doa zure bizitza?
Uste dut inork ez dakiela garbi norantz doan bere bizitza, baina, gauzak behar bezala badoaz, datorren maiatzean Munduko Surf Txapelketa jokatuko da eta han Joko Olinpiarretarako plaza egongo da jokoan. Asmoa momentu horretara sasoi onenarekin iristea da, plaza lortzeko borrokatzea eta, ahal bada, txartela eskuratzea. Beti esan dut nire bizitzan eta karrera profesionalean bidea gozatzea dela, eta horretan nabil.