Garazi Kamio: “Olatuan joatea oso erosoa izaten da beti”

Jazarpena ezartzen duenaren eta pairatzen duenaren artean mundu bat dago. Eta bertan sartzen gara gu guztiak. Antzekoa gertatzen zaio Bikini eleberriko protagonistari. Horixe izan da TTAPi eskainitako elkarrizketaren hizpide nagusia.
Garazi Kamio, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko, Joni.
Zure sorterrian gaude, Andoainen. Bastero Kulturgunean.
Lehenengo aldia da horrelako leku batean elkarrizketa bat egiten dudala, eta herrian gainera. Askoz ere hobeto.
Uda atzean geratu zen eta bikini hitza aipatuz hasiko dugu elkarrizketa. Udari lotuta dago, ezinbestean. Hitz hori zure lan berrienari oso lotuta dago, oso bestelako kontuak aipatzeko. Egingo diguzu Bikini zure lan literario berrienaren laburpentxo moduko bat?
Bikini hitza bainujantzi bat izan daiteke eta, hitzarekin jolastuz, Mediterraneoan gehienbat, urdaiazpiko eta gaztaz osatutako sandwichari ematen zaion izena ere bada. Hitzarekin jolastu nahi nuen. Liburu hau haur literaturari begira dago. Neska batek, neska baita pertsonaia nagusia, bere burua nola sentitzen duen. Bi ogi xerren artean sentitzen du bere burua. Bi ogi xerra horiek dira bere bi lagun. Bat jazarria da, itxuraz, eta besteak jazartzen du edo jazarpena egiten dionetako bat da.
Pertsonaiaren sentipenak adierazi nahi izan ditut. Azken urte hauetan hainbeste aipatzen den begiralearen edo hor geldirik dagoenaren pasibotasuna adierazten duen pertsona horren paperean sartuta. Azken finean, pertsonaia honek egiten duena da bikini moduan sentitu. Jazarria dagoenarekiko sentitzen duelako pena edo gaizki eginda dagoelako sentsazioa. Baina beste alde batetik, ez ditu lagunak galdu nahi. Protagonista tarte horretan dagoelako jarri nion Bikini izena.
Prentsa oharrean bullying-a hitza aipatzen da. Adiera hori berri samarra da, baina oso jokabide zaharra da. Antropologiaren ikuspegitik ere aztertu beharrekoa. Arrazaren, identitatearen edo elementu fisikoen kontura gizakiak badaukalako fijazioa ezberdina dena egurtzekoa.
Bullying-a azken urte hauetan, zoritxarrez edo zorionez, modan dagoen hitza da. Eskoletan beti egon da, eta beti egongo da. Beti daukagu fijazioa; beharbada gure gabezietatik abiatuta eta gabezia horiek ikusi gabe, beste norbaitengan jartzen dugu gure begipuntuaren xedea. Normalean izango da gure gabezia hori estali nahi duena; edo guk geure burua gutxiagotzat ikusten dugunez, beste horrengan jartzen dugu indarra eta gurea ezkutatu nahi izan dugu. Baina, hala ere, bullying-a eskolan bai, aipatzen dugun zerbait da, baina azkenean bullying-a gizarte osoan zabalduta dago. Izan liteke arrazagatik, izan liteke generoagatik edo izan liteke oso ausartak garelako anonimoki hitz egiten dugunean. Azken hilabete hauetan bogan egon den kasua izan da Rubialesen kasua. Oso ondo ikasita daukagu gaizki dagoela esatea, baina sare sozialetan begiratzen baldin badugu, Rubialesen aldeko mezuak izugarri pila izan ziren. Orduan, anonimoki jokatzen dugunean, oso ausartak gara. Iruditzen zait hori adibide bat dela.
Protagonistaren ikuspegiaz hitz egin diguzu. Ez da biktima, ezta erasotzailea ere. Deserosotasunetik idatzitako lan bat da?
Bai. Protagonistak pentsatzen du: ez nago horren alde, baina ez daukat eduki behar dudana heldu bati adierazteko zer gertatu zaidan. Eta, beste alde batetik, jazarpena egiten duena edo erasotzaile horren laguntasuna ez dut galdu nahi. Zeren eta horrek du boterea. Boterearen taldean baldin banago, eroso sentituko naiz. Aldiz, jazarria dagoena defendatzen baldin badut, litekeena da boterea duenak ni ere edo jazartzea edo nire kontrako zerbait esatea. Eta hori ez dut nahi.
Ikuspegi hori hartu izana, bada gehiengoari egiten zaigun interpelazioa. Gizartearen eskala guztietan badirelako iritzi liderrak eta horiek eragin handia dute besteengan.
Irakaskuntzan egiten dut lan, eta hori da azpimarratu nahiko nukeena. Jarri ohi dugu fokua beti haurrengan edo txikienengan. Zer egin behar duten esaten diegu, baina helduok ere gauza asko dugu ikasteko. Horietako bat da boterea; izan liteke botere politikoa, izan daiteke iritzi boterea, izan liteke botere estetikoa. Sare sozialetan ikusten ditugu 17 urteko instagramer-ak operazio estetikoak egiten, eta horrek azken batean zer egiten du? Besteen iritzia, besteen ikuspegia aldatu. Hori beste esparruetara zabaldu daiteke. Futbolean zerbait pasatzen da edo talde batek zerbait egiten du, eta olatu bat doakio atzetik. Eta azken finean, giza-portaeraz ari gara. Zerbaiten kontra joateko indarra ez baldin badaukazu, olatuan joatea oso erosoa izaten da beti.
“Irakurleak deserosotasuna sentitzea gustatuko litzaidake“
Irakaskuntzan ari zara eta niri tokatzen zait gurasoen paperean jartzea. Sentsazioa daukat irakasleoi geroz eta ardura gehiago jartzen zaizkizuela. Esango nuke beste esparru batzuetan egiten ez dena zuei egitea exijitzen zaizuela.
Hamarkadetan aldatuz joan da irakaskuntza. Niri grazia gehiena egiten didana da nola esaten duten “sukaldaritza erakutsi behar zaie”, “balore zibikoak erakutsi behar zaizkie”, ez dakit zertan erakutsi behar zaie… Eta orduan etxean zer egiten dute? Gauza batzuek etxetik etorri behar dute, noski, elkarlanean irakasleekin eta hezkuntzako langileekin. Haurrak eskolan pasatzen baldin badu urte osoaren %16a, beste guztia gurasoen esku dago. Gertatzen dena da eskolan egin behar duela, baina etxetik ere eraman behar du motxila, eta gero motxila beteko dugu denon artean elkarlanean.
Etxeko atea ixten denean, gurasoak eredu izan beharko luke alor askotan.
Haur batentzat, heldua eredu da. Heldua izan daiteke irakaslea. Denbora asko pasatzen du pertsona horrekin eta gauza asko kontatzen dizkio, urteak aurrera joan ahala, gurasoei kontatuko ez dizkienak beharbada. Baina gurasoek izan behar dute eredu. Eta egon daitezke fruta egunak eskoletan, astean behin gutxienez fruta eramateko. Oso ondo dago. Egingo dugu, noski. Baina etxetik ere bultzatu behar den zerbait da. Adibide sinpleena jartzeagatik.
Bikini irakurrita, irakurleak zer sentitzea nahiko zenuke?
Enpatia ariketa bat da. Deserosotasuna sentitzea gustatuko litzaidake, baita ere. Errealismo kritikoak, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, erabaki zuen haurren ipuinak, Perrault edo Samaniego idazleek idatzitako alegiazko haiek, aldatu eta errealitatera ekarri behar zituztela haurrak. Niri iruditzen zait haurrek ikusi behar dutela horrelako kasuak badaudela. Literatura bat badagoela. Badago Juul liburua, oso ezaguna dena. Pertsonaia egurrezkoa da eta galtzen ditu atalak. Bullying-a jasotzen duelako. Oso sinbolikoa, baina nahiko nukeena da deserosotasuna, enpatia garatzea eta ikustea benetan badagoela. Ez dela liburuetan agertzen den zerbait.
Irakasle zara, zutabegile prentsan. Idazle noiz izan behar duzun, zerorrek aukeratzen duzu?
Nire buruarekin badaukat halako talka bat. Nire burua ez dudalako oraindik idazletzat hartzen. Idazleok garapen bidean dagoen hizkuntzan idaztean, gehienez milioi bat irakurle izan ditzakeena, eta horietatik kendu adinekoak eta ez alfabetatuak, gutxi gelditzen dira… Askok beste lanbide bat eduki behar dugu. Eta idazlea izatea noiz erabakitzen dudan? Orain otu zait hau, egingo dut. Loari orduak kendu eta zutabegintzari eta irakaskuntzari heldu eta gero… Hortik ateratzen da dena.
Idaztearen prozesua obsesio bilakatzen da?
Bai. Ez naiz oso pertsona ordenatua, metodikoa, ordubete pasako duena egunean… Baizik eta bota egin behar dut guztia. Eta gero behin botata, kaxoian sartu eta hortik ateratakoan aldaketak egiten ditut.
Orduan, noizbehinkako pasio bat da?
Pentsatzen dut beste idazle guztiei bezala, buruan bueltaka dabilzkidala ideiak. Behin argi daukadanean eta heltzen diodanean, orduan hasten naizela.
Lan hau sariketa baten ondorioz dator. Sariketek garrantzia handia dute kultur jarduera ezberdinetan. Baita zure ibilbidean ere. Eta era berean, Euskal Herrian, azkeneko hamarkadetan izan da sari handiekiko maitasun-gorroto harreman bat. Zu, aldiz, alde agertzen zara.
Azken liburu hau idatzita neukan eta, kasualitatea, Euskal Idazleen Elkartetik bidaltzen zaigun agenda begiz jota neukan. Eginda nuenez, sariketara bidali nuen. Sariketek duten gauza ona da epaimahaikideen artean badela literaturaren munduan eta edizioen munduan bizi den jendea. Beharbada ez da irabazten, baina beste bide batetik argitaletxera bidali daiteke. Nire kasuan, balizko idazle horren bizitza baldintzatu zuen lehenengo saria Igartza saria izan zen. Urteak neramatzan, zalantzan. Eta, behin, azkenean, ez dakit nola, lotsa guztia kenduta bidali nuen eta hortik aurrera eratorri da beste hau guztia. Beharrezkoak diren? Alde nago, eta ez bakarrik irabazlearen ikuspegi hutsetik, baizik eta sariketetan beti beste nonbaitetik gauza oso onak agertzen direlako.
“Badaukat halako talka bat, nire burua ez dudalako oraindik idazletzat hartzen”
Oraingoan, Mikel Zarate sariketan, epaimahaikide aritu dira Leire Bilbao eta Xabier Mendiguren. Poz erantsia da izen horien begiradapean zure lana saritu izana?
Leirek eta Xabierrek, adibidez, badute esperientzia handia. Leirek haur literaturan eta poesiagintzan, eta Xabierrek duela gutxi atera zuen Oso latza izan da bere azken eleberria. Bien ibilbidea oso luzea da. Bien begirada haur literaturan eginda dago. Ez dira atzo jaiotakoak, haur literaturan.
Zer eman dizu literaturak zuri urte hauetan guztietan?
Pertsonalki, txikitatik atsegin nuen zerbait egia bihurtzea, idazle izatearen amets hori errealitate bilakatzea, liburu batek ISBNa edukitzea, egiazkoa bihurtzea. Lehenengoz, hori izan da. Lortu dut. Beste batzuek, agian, ez dute bere bizitzako amets hori lortu. Eta hortik, hizkuntzarekin jolastea, eta hortik eratorritako beste mila gauza. Izan liteke beste zerbait idaztea, beste genero batean ibiltzea, euskalgintzan murgilduta egotea. Azkenean, norberaren gogo edo asebetetze maila igotzen dituen bideak ireki dizkit, eta pozik nago hori lortu dudalako.
Rikardo Arregi eta Martin Ugalderen sorterrian gaude, Andoainen. Bastero Kulturguneak, bestalde, hogei urte bete ditu urrian. Eta hementxe gaude, sarrera nagusian elkarrizketa egiten. Aipatu dugu komunikazio munduan, irakaskuntzan eta bestelako gauzetan ere bazabiltzala. Adibidez, besteak beste, Martin Ugalde ipuin lehiaketaren antolaketan. Zuk idatzitako gidoi baten bitartez, Martin Ugalde biziberritu zuten Basteroko taula gainean.
Duela bi urte izan zen. Laster banatuko dira Martin Ugalde sariak. 27. edizioa izango du eta 25.ak izan zuen halako xarma berezi bat. Bastero kulturgunean, areto nagusian, Urtzi Ugalde jarri genuen Martin Ugalderen paperean. Familia etorri zen. Herri honek eman duen idazlerik handiena izan da Martin Ugalde. Jaio zela ehun urte bete ziren, eta 25 urte, ipuin lehiaketa abiatu zela. Beraz, bi data esanguratsu izan ziren batera. Eta gidoi bat idatzi genuen.
Senideen aurrean horrelako zerbait egitea bada bi aldiz pentsatu beharreko zerbait, ezta?
Bai. Baina, gehienbat, senideak prest agertu ziren horrelako gauza bat egitera. Bertigo txiki bat da. Senideek oso ondo hartu ninduten. Nik ez dakit nire gurasoak falta izango balitzaizkit eta horrela ikusiko banitu, ez nuke jakingo nola erreakzionatu, baina uste dut egun polita izan zela.
Garazi Kamioren karpetan, koadernoan zenbait ideia-zirriborro daude?
Potoloena, Martin Ugalde erdian jartzen duen antzerki obra bat dago. Hilabete gutxi barru-edo bukatutzat emango dudana. Badaukat haur literaturan gauzatxo bat, eta nire arantza helduen literaturara itzultzea da. Baina orrialde hori oraingoz zuri dago.
Antzezlan horren inguruan zerbait aurreratzerik bai?
Martin Ugaldek bi antzerki-obra idatzi zituen eta interesgarria iruditu zitzaigun Ama gaixo dago antzezlanari buelta bat ematea. Ama gaixo dago 1964an oker ez banago, Venezuelan bertan idatzi zuen lan bat izan zen. Ama euskara da. Noski, duela berrogeita hamar urte idatzitako lan bat da. Pertsonaiak gizonezkoak dira, oso markatuta daude. Hirira doan pertsonaia medikua da. Herrian gelditzen denak arlote itxurak ditu. Horri guztiari buelta ematen ahalegindu gara.
Horren zain izango gara, Garazi. Eskerrik asko zure denboragatik.
Eskerrik asko zuei.