Garazi Goia: “Hemengo hedabideetan ez gara behar bezain autokritiko”

Aurrera eta atzera dabiltza 1.362 km euri liburua aurkezten, aurretik BBCn eta orain Sky etxean dabilen Garazi Goia idazle eta komunikazioan aditua eta Goizalde Landabasok kazetaria. Elkarlanean sortutako lana elkarren arteko gutunen trukaketaren fruitua da. Goizalde Landabasok Londresen bizi den segurarra elkarrizketatu du TTAP aldizkariarentzat.

Aspaldiko, Garazi!

Aspaldiko! Zer moduz?

Oso ondo. Zelan zaude zu? Azkenengo elkar ikusi genuen hemen ere, Donostian. Gabonetan-edo izan zen?

Bai, eta hemen gaude berriro.

Gogoratzen naiz Xabier Mendiguren editorearekin liburuaren azken xehetasunak lotzeko izan zirela egun haiek. Gaur, liburua aurkeztera etorri gara…

Hainbeste denbora pasatzen da liburua idazten, lantzen. Gero, aurkezten duzu, eta jada bukatzen da. Horrelako antiklimax moduko bat sortzen da.

Bai, horrelako beheraldi bat… Zuk, gainera, hamaika gauza egiten dituzu. Kultur zaletasunak dituzu, bestelako ekitaldi sozialak, ama ere bazara… Zelan uztartzen duzu dena? Beti pentsatu izan dut zure egunak 24 ordu baino gehiago dituela.

Ba, agian, baditu; kar, kar, kar. Pentsatzen duzuenean zenbat gauza dituzun egiteko, beti denbora gehiago behar duzula esaten duzu, baina denbora gehiago, azkenean, bilatu egiten duzu. Uste dut ikasi dudala oreka bilatzen egiten ditudan gauza guztien artean. Azkenean, erabakitzen duzuenean zer egin eta zer ez egin, horretan egia da oso ortodoxo bihurtu naizela. Benetan ez baldin banau betetzen zerbaitek, ez dut egiten, eta egiten ditudan gauza guztiak betetzen naute. Agian, denbora gehiago beharko nuke gauzak fundamentu gehiagorekin egiteko, baina hor noa… Beti oreka hori bilatuz.

Sormen aldetik jaiotze bi izan dituzu: batetik, liburuarena; eta, bestetik, zure semearena.

Guk liburu hau idazten hasi ginenean esan genuen, ezta? Noiz bukatuko dugu hau? Ba, Kai jaio aurretik, nire semea jaio aurretik, orduantxe bukatuko dugu eta ez dira biak batera sortu. Guk jarritako muga izan zen: Kai jaiotzen denerako emango diogu proiektu honi amaiera eta gero jaioko da. Horrela izan zen.

Zelan eramaten dituzu zuk sormen prozesuak?

Niretzat, literatura eta sormena, batez ere, niretzako espazioa da, nire introspekziorako espazioa. Gauza asko egiten ditut eta, gehienetan, jendearen aurrean egoten naiz, aurkezpenak egiten, intentsitate handiko egunetan. Sormenak niretzako espazioa ematen dit, nire buruarentzat hausnarketa bat edo gogoetak egiteko. Eta horregatik da berezia. Ikasten dudalako nire buruari buruz, eta beste gauza batzuekiko nire ikuspuntu zintzoa jartzen dudalako. Berdin da noiz egiten dudan, baina beti behar dut sormena hor edukitzea egiten ditudan beste gauza guztiekin.

Eta, esate baterako, liburu honetan euri asko dago, euri egun askotan idatzia da; zuri on egiten dizu euriak?

Ez dakit on egiten didan, baina badago hor zerbait nire buruan. Eguzkia eta sormena ez datoz bat, ezin dira kontziliatu nire buruan, eta askoz hobeto idazten dut euria ari denean edo gristasuna dagoenean. Londresen, hain zuzen ere, ez du hainbeste euririk egiten. Agian, duela urte pila bat egingo zuen euri asko Londresen, baina orain, ni bizi naizen urteetan, ez dut gogoan etxetik aterkiarekin atera izana askotan. Eta konprobatu genuen, Euskal Herrian edo Londresen non egiten du euri gehiago benetan begiratuta. Nik gogoko dut euriarekin idaztea. Gainera, teilatupean idazten dut, teilatupean dagoen gela batean. Hango leihoan euriak jotzen duenean, ateratzen duen hotsa, babestuta sentitzea eta barruan egotearen sentsazio hori… Horrek laguntzen dio nire sormenari.

Zure bizitza Londresen zer-nolakoa da?

Ez dakit deskribatzen jakingo nukeen. Agian, intentsitate handiko bizitza da, hiriak erritmo azkarra duelako berez. Norberaren aukera da erritmo horretan sartzea ere; nire lanak bai eskatzen dizkit ordu asko, baina, era berean, sartzen ditudan ordu horietan jende askorekin nabilelako edo bete beharreko helburu batzuk daudelako, epeak daudelako… Beti noa oso bizkor. Sentsazio hori daukat, beti aurrera noala gauza asko egiten. Jendeak, agian, uste du horrelako hiri handi batean erritmo azkar hori ezin duzula kudeatu eta gehiegizkoa dela, baina Londresek eskaintzen du ere alde lasaiago bat. Ni bizi naizen auzoa herri handi bat bezala da eta ez dut sentitzen hiri handi bateko itomen hori. Beraz, nire intentsitatea horrela orekatzen dut. Astean zehar oso azkar noa, baina gero, nire bizitzan edo lanean egiten ditudan aukerak nire gustukoak direnez, azkartasun hori motibatzaile izatea egiten dute. Orain, bi seme-alaba ditut eta nahiko normalak diren gauzak ere egiten ditut, baina gero, arlo askotako jendea ere ezagutzeko aukera dut. Hori da gehien gustatzen zaidana, hiriak ematen dituen aukerak jende ezberdin asko, proiektu ezberdin asko, amets ezberdin asko dituen jendea ezagutzeko, eta hori nire bizitzaren parte handi bat da.

Izan ere, Londres eta Euskal Herria oso ezberdinak dira lan egiteko orduan, ezta? Lan erritmoa, lan kultura…

Bai, eta, batez ere, ni lan egiten ari naizen arloan, komunikabideen arloan, telebistaren arloan, Londres bada mundu mailako erreferentzia bat, eta nik lan egin dudan etxeak ere bai. Horrek inplizituki jartzen ditu hemen ez dauden parametro batzuk edo aitzindariak ez diren beste ekimen batzuk. Baina gehiago kulturalki ere oso ezberdinak garela. Beti hitz egiten da britainiar metodologiaz, edo zurrunagoak direla lan egiteko orduan. Hala dira, baina baita eraginkortasun gehiagorekin; behintzat, nire esperientziatik. Nire esperientzian, BBC eta Sky etxeetan lan egin izanak, lehenengoa izateak jartzen dizun presio horrek edo mundu mailan aitzindariak diren gauzak egiten saiatzen ari direlako, horrek berak jartzen ditu, nire ustez, lan egiteko beste modu batzuk. Noski, hemen ez daudenak, agian, maila horretaraino, eta, berriro adibide konkretuetara jotzearren, BBC bezalako etxe batean jendeak markarekiko sentitzen duen identifikazioa, pasioa, indarra lortzea marka horri buruz oso zaila da. Nik ez dut ikusi beste inon. Horrek atentzioa eman zidan hasieratik. Marka horrekin jaio dira, hezi dira eta ikasi dute, eta euren bizitzaren parte bat ere bada. Horrela sentitzen dute erantzukizun hori. Hori, adibidez, ez dut hemen ikusi.

Ez dakit zerikusirik duen, baina, esate baterako, britainiar bakoitzak urtero ordaintzen du diru kopuru bat zuzenean.

Bai, horrela da BBCren finantzazioa. Telebista daukan etxe bakoitzak 150 libra ordaintzen ditu urtean eta horren bidez lortzen du BBCk bere finantzazioaren %90 inguru. Hori sortu zenetik abian dagoen modeloa da, eta, nolabait, jendeak zerbait behar du bueltan. Hau da, ordaintzen dute eta bueltan zerbait espero dute jasotzea. Baina inork ez du zalantzan jartzen ordaintzearen kontua. Izan ere, etxeak edukiekin eta BBC den gauza horrekin erantzuten du. Hala ere, ez dut uste egun batetik bestera sortu daitekeen edo errepikatu daitekeen modelo bat denik; batez ere, erantzun behar delako kalitatearekin, erantzun behar delako proposamenekin… Eta, batez ere, konexio hori lortzea jendearen eta etxearen artean. Hori ez dut beste inon ikusi.

“BBC-k jendearekin lortu duen konexioa ez dut beste inon ikusi”

Noski, hemen asko ikasi beharko genuke eta urrats handiak egin beharko genituzke horren parean egoteko, baina uste dut Europako beste telebista publikoek eta hedabide publikoek asko ikasi beharko luketela BBCrengandik…

Bai; azken batean, erreferentzia bat izan delako. Mundu mailan egin dituen gauzengatik; hau da, zer errepresentatzen duen ez bakarrik Erresuma Batuan, baizik eta mundu mailan. Albistegietan edukietan, lan egiteko moduan eta jorratu daitezkeen beste hainbat alorretan. Konparaketak ez ditut gustuko, azkenean, BBC bezalako jatorri bat eta sortu izanaren zergatia duten leku asko ez daudelako. Orduan, ez litzateke bidezkoa telebista txikiago batekin konparatzea. Baina ikasi, bai noski. Eta, agian, kanpoan egoteak kritikoago egin nau, edo kanpoko ikuspegiak zenbaterainoko balioa duen gehiago estimatzera. Zenbat ikasi dezakegun kanpotik datorren horretatik. Ez gure etxekoa ez delako hura bezain ona, batzuetan bai, beste batzuetan ez, baina, baldin bada ere, norabide egokian goazela konfirmatzeko ezinbesteko irudia iruditzen zait kanpora begiratzea. Hemen askotan esaten dugu: “hau da gure helburua” edo “hau egitera iritsi nahi dugu”. Zerbaitera iristen bagara bukatu dugula esan nahi du, eta ez dagoela gehiago ikasterik. Nik ibilbidean sinesten dut gehiago; beraz, beti ikastearen eta handitzearen kontzeptu hori oso presente izan dut.

Hemen ez gara kritikoak?

Nik uste dut ez garela izan beharko ginatekeen bezain autokritikoak. Autokritika eta norbere buruaz barre egitea kultura britainiarrak, adibidez, oso ondo egiten du. Norbere defektuez eta akatsez barre egitea askoz naturaltasun gehiagoz egiten da han. Zerbait kulturala dela uste dut, umoristetatik hasita. Euskal Herriko umoristek lantzen duten umorea oso ezberdina da. Baina, hori lan egiteko testuinguru batera zabalduz, oso garrantzitsua da, eramaten duelako autoerrekonozimendu batera. Euskal Herrian uste dut ez dugula askotan gure buruaz ikasten, eta askotan biktimismo bat sortzen dugu. Askotan, arrazoi zilegi asko ditugu, baina horrek, askotan, ez gaitu bide onetik hobetzera eramaten.

BBC utzi duzu eta orain Sky etxean zaude. Beste hedabide handi bat…

BBC ez bezala, sektore pribatuan dago, eta modelo komertziala eta finantzazioa guztiz ezberdinak dira. Erresuma Batuan etxeen erdiak Sky erabiltzen du edukiak kontsumitzeko eta 11 milioi etxe dira harpidetza ordaintzen dutenak. Orduan, oso-oso sartuta dago, eta doan eta ordainpeko telebistaren arteko oreka hori hor dago, %50ean. Sky duela 30 urte sortu zen, eta 24.000 langile gara, ez Erresuma Batuan bakarrik, Alemanian eta Italian ere badagoelako, eta orain Espainian ere zerbitzu bat eskaini delako. Baina, orokorrean, helburuak, lan egiteko moduak, jendearen motibazioak… ezberdinak dira. Esan ohi dut BBCn sofistikazio gehiago dagoela, jendeak ez duelako helburu komertzial bat bete beharrik, jende asko dutelako marka horretan eta jendearen pasioa markarekiko oso nabaria delako egunerokotasunean. Aldiz, zure pizgarriak baldin badira harpidetzak mantentzea edo bezero gehiago lortzea, ezinbestean sortzen ditu lan egiteko beste modu batzuk eta eskatzen diren ezaugarriak eta jendearen esperientzia ezberdina da baita ere. Kontraste hori interesgarria izan da. Denbora gutxi daramat Sky etxean, baina ikusten nabil nola ezartzen dituen lan egiteko modu ezberdinak eta nola borroka antzekoa den, bi hedabideen helburua delako audientzietara heltzea. Nola iristen diren ezberdina da; orduan, bide horretan lan egiteko modu horiek hausnartzea oso interesgarria egiten ari zait.

Atzerritar sentitzen zara Londresen?

Ez. Oso hiri kosmopolita da eta badaude hainbat kultura, arraza eta sentsibilitate ezberdin. Hori da erakargarria, alde batetik. 15 urte daramatzat, eta hasieratik ongietorria sentitu nintzen. Eta hiri gogorra da, batez ere, ez bazaude lanean gustuko duzun horretan, edo ez baldin badituzu baldintza egoki batzuk. Baina asmatu dut nire lekua aurkitzen eta beste bat sentitzen naiz, eta hiriak eskaintzeko duen horretaz guztiaz aprobetxatzeko beste pribilegiatu bat.

Eta arrotz sentitzen zara Euskal Herrian?

Ez. Hau izango da beti nire herria. Agian, kanpoan egoteak, arrotza sentitu baino gehiago, ohartarazi nau beste gauza batzuetaz. Euskal Herriaren eta Londresen arteko distantzia horrek ematen dit kritikotasun gehiago, eta hobetzeko nahia ere nire eguneroko bizitzan. Baina herriaren sentimendu hori oso indartsua da nire barrenean. Eta distantzia hori kudeatzeko sormena edo literatura erabiltzen dut, eta gertutasun hori presente izateko beti. Eta ez beldurra dudalako arrotza sentitzeaz, baizik eta, askotan, denok behar ditugulako bizitzan horrelako lokarri batzuk.

1.362 km euri liburuan galdera bat egiten dizut. Sortu duzu Euskal Herri txiki bat Londresen?

Hasieran, Euskal Etxera joan nintzela gogoan dut. Lehenengo egunetan egin nuen bidaietako bat izan zen, eta banuen horrelako ideologia erromantiko bat edo Euskal Etxeak atzerrian eta zein zen Londreseko etxearen papera hizkuntzaren edo kulturaren inguruan. 2003a-edo izango zen eta orduan gauza asko nahasten ziren Euskal Etxearen inguruan nik nuen ideia erromantiko horretan. Uste nuen egongo zela gazte talde bat hizkuntzarekiko eta herriarekiko sentsibilitate handiarekin eta, nolabait, denon artean talde bat sortu eta kanpotik Euskal Herrira ekarpen txiki bat egingo genuela. Ez zen horrela, kontzeptu asko nahasten zirelako, eta ez nuen aurkitu bilatzen ari nintzen hori. Beraz, hori ez nuen erabili gailu bezala, euskal komunitate talde bat sortzeko, baina gero, bidean agertu dira euskaldunak 15 urtean, beti joan-etorrian dabiltzanak edo han geratu direnak. Eta baditut lagun batzuk han eta hori ere garrantzitsua egiten zait, batez ere orain seme-alabak ditudala, eta haiek ez izatea ni bakarrik euskararen igorlea izango dena beraientzat.

Orain, Erresuma Batuan brexit-a datorkizue… Zure bizitzan ze eragin izango du?

Ez dut uste eragin gehiegirik izango duenik. Bakarrik denok pasatu ginela dezepzio sentsazio batetik apatia batera. Bi urte pasatu dira eta begira zer nahasmen, zer kaos sortu den hango Gobernuan, eta ez dut uste narratiba asko aldatu denik bi urte horietan zehar, eta orain, desilusioa da nagusi. “Bukatu dadila”, esaten du jendeak, orain gertatu behar delako, eta ea zeintzuk diren ondorioak. Egia esateko, Londres bada, zentzu horretan, burbuila moduko bat. Ez da Erresuma Batuko hiri tipikoena, eta brexit-ak ere ez dio berdin inpaktatuko. Beraz, ikusiko dugu zer datorren.

Baina zuk bai ikusten duzu Erresuma Batuan eragina izango duela…

Bai, zalantzarik gabe. Ez ekonomikoki bakarrik, nahiz eta ez dakigun oraindik zein izango den negoziaketaren azken emaitza, baina argi dagoena da ezin dela Europatik atera edozein preziotan. Beraz, inportazio eta esportazio parametroak eta arauak jartzen dituzten baldintzen arabera, eragina ezinbestekoa izango da. Batez ere, hasten baldin badira atzerriko lantegiak handik ateratzen eta beste leku batzuetara eramaten, jendea lanik gabe geldituko da. Arantzelen erabakiak garestitu dezake asko sartzen diren produktuen salneurria, eta gero, nire ustez, sortzen ari da gizarte maila batean: oraingo belaunaldiak zer espero du Ingalaterraz? Eta hor badago sentimendu erromantiko bat ere, Ingalaterra inperialistarena. Guk bakarrik ahal dugu hori. Ilusio hori ez da horrela eta jendea pixkanaka hasi da konturatzen sortu zuten azaleko erretorika horrek ez zeukala mami gehiegirik eta inork ez zekiela benetan zein izan behar zuen honen ondorioa.

Zuk baztertzen duzu erabat Euskal Herrira bueltatzea egunen batean?

Egia esateko, nik ez dut ezer baztertzen orokorrean nire bizitzan. Ez naiz epe luzerako planak egitearen oso zalea. Hemendik 12 hilabetera zer egingo dut? Ariketa hori egiten dut. Edota azken 12 hilabeteetan zer lortu dut? Ze ekarpen egin dut? Zergatik sentitzen naiz zoriontsu? Beraz, epe luzeagoekin deseroso sentitzen naiz, ez ditudalako parametro guztiak kontrolatzen. Orain, ondo nago, baina batek daki. Planeatu ezin daitezkeen gauza asko gertatu litezke bizitzan, eta sorpresa elementu horri uzten diot bidea.

Argi dagoena da 1.362 kilometro ez dela distantzia. Distantzia beste modu batera neurtzen dela, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Eta 15 urte han eraman arren, distantzia kudeatzearen erraztasuna azpimarratuko nuke. Orain, ostiralean hegaldi bat hartu eta igandean buelta naiteke, hori inongo arazo edo planifikaziorik gabe egin dezaket. Eta ez hori bakarrik, teknologia berriek erraztu dute bideoz komunikatu ahal izatea. Familiarekin hitz egin dezaket… Horrek erabat aldatzen du distantziaren kontzeptua. Duela 15 urte telefonoz egoteak bakarrik esfortzu gehiago eskatzen zuen. Harremanak ezberdinak ziren. Orain, askotan, etortzen naiz hona, eta nahiz eta ez egon gertutasun fisiko hori, badago beste hainbat baliabide hori kudeatzeko.