Galder Gonzalez: “Oso garrantzitsua da euskarak bere entziklopedia izatea”
Galder Gonzalez Larrañaga euskarazko Wikipedian lanean dabil azken urteetan. Harekin hitz egin dugu entziklopediei buruz, proiektu horren egoeraz eta dituzten erronkei buruz, besteak beste.
Galder Gonzalez Larrañaga, ongi etorri TTAPera!
Kaixo!
Zure aurkezpena egiteko Wikipedian begiratu dut, noski. Hauxe jartzen du: “Ezkerreko abertzalea, dibulgatzailea eta wikilaria da. Argia Saria (2010), Durangoko Azokako Sormen Beka (2018) eta CAF-Elhuyar Saria (2020) irabazi ditu, eta euskarazko eta doako ezagutza entziklopedista librea ontzen eta sustatzen dihardu”. Bat egiten duzu aurkezpen horrekin?
Nik ez nuke horrela idatziko. Wikipedian norberak ezin du bere buruari buruz idatzi. Adibidez, Argia Saria kolektiboa izan zen; hau da, ez nuen nik bakarrik irabazi. Eta Sormen Beka ere kolektiboa izan zen.
Eta wikilari eta dibulgatzaile definizioekin bat egiten duzu?
Dibulgatzailearena jarri zuten dibulgazioko Elhuyar Saria irabazi nuenean. Ez dakit Wikipedian niri buruzko orri bat beharko nukeen, egia esan. Nire sare sozialetan hauxe jartzen dut: “Geologia ikasi nuen, primatologiaren bidez giza eboluzioa ulertzeko. Oraindik ez dut lortu. Wikilaria, wikizalea”. Wikidepian asko gertatzen zaigu hori. Hau da, jendeak esaten digu: “Horrela ez dut agertu nahi”. Baina Wikipedian hori ez dago zure esku, besteok erabakitzen baitugu nola agertuko zaren.
Ikasketei dagokienez, Geologia eta ondoren Primatologia ikasi zenituen; nola bukatu zenuen euskarazko Wikipediaren ontzia gidatzen?
Beti gustatu zait eboluzioa, bai eta zientzia eta zientziaren dibulgazioa ere. Bartzelonan ikasi nuen Primatologia, eta giza eboluzioaren eta neandertalen inguruan egin nuen ikerketa. Baina, gero, gauzak ez dira ateratzen nahi duzun bezala. Primatologook Euskal Herrian lan gutxi dugu. Lehen, bazeuden tximinoak Igeldon, baina orain ez [Barre]. Lanean ibili naiz ordenagailuei loturiko gauzetan, Interneti lotutakoak, komunikazioari buruzkoak… Duela urte batzuk, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen bidez hezkuntzari lotutako proiektu bat egiteko aukera sortu zen, eta hartu egin ninduten.
Noiz egin zenuen topo Wikipediarekin?
2006ko urtarrilean egin nuen lehendabiziko aldaketa –erregistratuta dago–. Orduan, oraindik euskarazko Wikipediak 4.700 artikulu bakarrik zituen. Ez zen hasiberria –2001ean hasi zelako–, baina lehen bizpahiru urtetan ia-ia edukirik gabe egon zen. Garai hartan, Interneten nahikotxo ibiltzen nintzen, eta, halako batean, ingelesezko Wikipediarekin topo egin nuen. Orduan konturatu nintzen euskarazkoa ere bazegoela, eta bertan sartu nintzen, ezagutzaren esparrua asko gustatzen zaidalako. Baina, aipatu bezala, une hartan euskarazko Wikipediak eduki gutxi zuen.
Zeren inguruan egin zenuen lehenengo ekarpena?
Unibertsitatearekin loturiko zerbait izan zen. Normalki, gertuko gauzak egiten dituzu. Gogoan dut ikasten ari nintzen gaiei buruz editatzen nuela, nire apunteak berrordenatzeko edo berridazteko modu bezala. Oraindik, batzuetan, topatzen ditut garai hartako artikulu batzuk, inork editatu ez dituenak, eta pentsatzen dut hobetu egin beharko liratekeela, oso eskematiko daudelako, edo ez direlako oso ulergarriak.
Wikipediaren garrantziaz segituan konturatu zinen? Ez; pixkanaka konturatu naizen zerbait izan da. Hasieran, gustatu zitzaidan, jendeak zuzenean parte hartu zezakeen proiektu bat zelako. Gaur egun, oso ohituta gaude, baina duela 20 urte Internet gehiago zen irakurtzeko, eta ez hainbeste ekarpenak egiteko. Horrek erakarri ninduen. Komunitate bat zegoela bertan ikusteak, jendea bazegoela idazten… Egia da garai hartan komunitatea oso teknikoa zela, informatika eta software libretik zetorren jendeak osatzen baitzuen. Ez dakit noiz erabaki nuen nire denbora librea dedikatzeko proiektua izango zela, baina nahikoa azkar izan zela badakit. Lanean bertan hamaika urte geroago hasi nintzen, 2017an. Orduz geroztik, ezagutu dut munduan zehar badagoela mugimendu oso bat horren inguruan eta konturatu naiz hizkuntza batentzat entziklopedia bat izateak duen garrantziaz.
“Wikipedia oso gardena da“
Zergatik da garrantzitsua?
Oso garrantzitsua da hizkuntza batek bere entziklopedia edukitzea. Adibidez, Lur entziklopediaren hitzaurrea irakurtzen baduzu, Jean Haritxelarrek idatzi zuena, esaten du gure ikasleek behar dutela gure mundua ulertzeko entziklopedia bat. Hezkuntza sistema bat edukitzea bezain garrantzitsua da, zerbait behar duzuna. Mundu digitalean ez dago muga fisiko bat, nahi duzun beste idatzi dezakezu. Andras Kornai ikertzaile hungariarrak planteatzen du XXI. mendean munduko hizkuntza gehienak hilko direla. Wikipedia izateak ez zaitu salbatzen heriotzatik, baina Wikipediarik ez izateak heriotza hori ziurtatzen du. Kontuan izan behar dugu ChatGPT eta adimen artifizial irekia entziklopediekin trebatzen direla –itzultzaile automatikoak eta Alexa bera–. Entziklopediak kontsultarako ez dira hainbeste erabiltzen, baina teknologia berri horien azpian daude. Bestetik, garrantzitsua da guk idaztea guk nola ikusten dugun mundua. Eta guk hori da entziklopedia hori idazten dugunok. Gaur egun, askotan esaten dugu emakumeek kontatu behar dutela nola bizi dituzten gauzak, eta Wikipediaren kasuan ere euskaldunok kontatu beharko dugu nola bizi dugun mundu hau. Adibidez, Jupiterren artikulura sartzen bazara, berdina jartzen du ingelesez eta euskaraz, baina beste gauza batzuk ezberdin kontatzen ditugu edo ezberdin bizi izan ditugu, edo badaude xehetasun batzuk guretzat interesgarriak direnak. Uste dut hori jasotzea oso garrantzitsua dela. Ez soilik herri bezala, baizik eta memoria ariketa bezala. Ez da soilik entziklopedia bat.
Zeintzuk dira Wikipediaren oinarriak?
Entziklopedia inprimatuetatik ez da askorik desberdintzen. Saiatu behar dugu ez idazten edozer gauzari buruz, baizik eta adeitasun minimo bat daukaten gauzei buruz. Egia da eztabaidagarria dela zer den adierazgarria batentzat eta bestearentzat. Iturriak aipatu behar dira, eta gero, saiatu behar dugu ahalik eta modu neutralenean idazten. Hori ere eztabaidagarria da, ezer ez baita neutrala, baina saiatu behar dugu ikuspuntu desberdinak azaleratzen. Entziklopedia gehienen asmoa da munduko ezagutza bildu, sistematizatu eta irakurleari ematea munduan gertatzen diren gauzak ulertarazteko. Filosofia hori berdintsua da guztiontzat. Kontua da Wikipediaren kasuan ez dagoela muga fisiko bat, paperak baduena. Horrek ahalbidetzen du ingelesez ia 7.000.000 artikulu egotea. Euskarazko Wikipedia inprimatuko bagenu, Lur entziklopedia baino hogei aldiz handiagoa izango litzateke. Beraz, Wikipediak daukan berezitasuna da gauza gehiago sartzen direla, ikuspuntu gehiago sartzen direla.
Wikipediak jasotzen duen kritiketako bat da edozeinek idatzi dezakeela bertan; nola bermatzen da egiatasuna?
Bai, eta normala da kritika hori egitea. XVIII. mendetik aurrera eta, batez ere, XX. mendearen hasieran, adituek idazten zituzten edukiak. 1911-1912. urteko entziklopedia britainiarrean Marie Curiek idatzitako artikulu bat dago, pentsa! Hau da, normalean akademiak idatzi ditu entziklopediak. Wikipedia idazten dugunok idatzi nahi dugun aditu ez garen talde bat gara, eta horrek mesfidantza sortzen du. Nik uste dut mesfidantza horiek logika zeukatela Wikipediaren lehenengo hamarkadan, eta hurrengo hamarkadan justu kontrakoa gertatu da. Hau da, gero eta fidagarritasun handiagoa du. Unibertsitatera noanean hitzaldiak egitera, ikasleek esaten didate euren Bigarren Hezkuntzako irakasleek esaten zietela ez kontsultatzeko Wikipedia, ez delako fidagarria. Nire ustez, bi gauza desberdin dira ez-fidagarria izatea eta kontsultatzea. Badaukazu ikasleei esatea ez fidatzeko ezertaz, ez Wikipediaz, ez medioez… eta izateko irizpide kritikoa eta baloratzeko informazio hori. Eta beste gauza bat da esatea Wikipedia ez kontsultatzeko. Orokorrean, Wikipediako edukia ondo dago; erreferentzia bibliografikoak ditu eta nondik lortu duen informazioa jartzen du. Oso gardena da. Ikusi dezakezu nork zer eztabaidatu duen. Dagoeneko argitalpen zientifikoen aipuetan ere agertzen da. Egia da edonork idazten jarraitzen duela, baina egia da ere edonor horiek asko direla euren esparruko unibertsitateko adituak, euren esparru zientifikoa hobetzen saiatzen direnak. Jende hori, normalki, fede onez ari da. Eta hori da gure oinarrietako bat, hain zuzen ere, fede onez aritzea.
Euskarazko Wikipedia nola hasi zen?
2001eko abenduaren 6an erregistratu zen Wikipediaren euskarazko azpidomeinua. Lehenengo artikulua astronomiari buruzkoa izan zen eta Doctor Polilla izeneko wikilari batek idatzi zuen –nik neuk ez dut ezagutzen–. Software librearen inguruan ibiltzen ziren pertsona batzuek jarri zuten martxan. Katalanezko Wikipedia munduko bigarrena izan zen, ingelesezkoaren atzetik, eta lehenengo artikulua ABBAri buruzkoa izan zen. Lehen urte haietako informazioa topatzea ez da erraza.
“Entziklopediak teknologia berri askoren oinarriak dira”
Eta zein da euskarazko Wikipediaren osasuna?
Ona da. Laguntza beti behar izaten dugu, baina gure hizkuntzaren tamainarekin bat dator. Artikulu kopuruari dagokionez, munduko 33.ak gara eta laster 450.000 artikulura iritsiko gara. Badaude egoera neurtzeko bi neurgailu interesgarri. Horietako bat da Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluena, mila gai ebidenteenak. Eta gero, beste bat dago, 10.000 artikuluena; hor gaiak ez dira hain ebidenteak. Lehenengoan nahiko ondo gaude, hamalaugarrenak gara eta italiera gainditu berri dugu. Eta 10.000koan hamazazpigarrenak gara, bulgariera gainditu berri. Hiru hizkuntza daude bakarrik 10.000 artikulu horiek edukitzea lortu dutenak: serbiera, katalana eta euskara. Beraz, alde horretatik, ondo gabiltza. Boluntario kopuru majoa daukagu, dugun hizkuntzaren tamainarako; izan ere, munduko altuenetako bat da. Eta euskarazko Wikipedian idazten duten emakumeen kopurua ere altuagoa da, eta, horretaz gain, taldeak ere badaude Durangon, Oiartzunen… Astero 30 emakumeren biografiak idazten dituzte.
Zeintzuk dira EWKEren erronkak?
Elkartea Donostia 2016ko testuinguruaren baitan sortu zen. Instituzioek Wikipedian zerbait egin nahi zuten, eta, horretarako, elkartea sortu genuen. 2017an, Eusko Jaurlaritzarekin akordioa egin genuen, Bigarren Hezkuntzarako behar ziren artikuluak hobetzeko, eta horretan buru-belarri aritu gara, eta emaitza onak lortu ditugu. Orain daukagun erronka da datozen hiru urteetan 500.000 artikulura iristea, eta ondo goaz neurketetan. Badaukagu biografien herena emakumeena izateko erronka ere, hori ere nahiko bideratua. Eta gero, 1.000 eta 10.000 artikulu horietan ahalik eta gehien haztea. Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektua ere martxan daukagu; bertan, museoekin elkarlanean ikus-entzunezko materialak sortzen gabiltza. Eta gero, Ikusgela proiektu handia daukagu, gure dirulaguntzen gehiena bertara bideratzen duguna. Hezkuntzara zuzendutako ikus-entzunezkoak sortzen ditugu bertan –filosofia, historia, literatura,…–, baina ez horretara bakarrik. Astero ari gara bizpahiru bideo estreinatzen, eta urtean 100 bideo atera nahi ditugu.
Eta zer-nolako harrera dute ikus-entzunezko horiek?
Agian, ez dira iristen behar genuen publikora. Bideo horiek, batez ere, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat pentsatuta daude, baina ikasle horiek euskarazko produkzio oso gutxi kontsumitzen dute, tamalez. Hala ere, zorionez, haiengana iristen ari gara euren irakasleen bidez. Badakigu bideo batzuk erabiltzen ari direla. Zenbat eta bideo gehiago izanda, orduan eta gehiago ikusten dira. Artikuluak ere irakurtzen dituzte, baina, batzuetan, irakurtzen dute ingelesezko artikulua Googletik euskarara itzulita; hau da, hala moduz. Natibo digitalak deitzen diegu, baina nik gatibu digitalak deituko nieke. Konturatzen ari gara ikasle askok adimen artifizialari galdetzen dizkiotela gauzak, pentsatzen dutelako makina batek egiten duena Wikipedia baino fidagarriagoa dela, Wikipediak pertsonek egiten dutelako. Eta, hain zuzen ere, horregatik da fidagarriagoa Wikipedia, pertsonek idatzi dutelako; badakitelako zer sartu behar den.
Nola hasi gaitezke Wikipedian idazten? Onena izaten da bakoitzak dituen interesei buruz idazten hastea. Egia da gero eta gauza gehiago daudela idatzita eta hutsunea topatzea zailagoa dela. Euskaraz ondo idazten duen jendearen beharra daukagu, zuzenketak egiteko eta berrikusteko. Emakumeen biografiak idazteko taldeak sortzea ere ondo legoke. Eta irakasleak animatu nahi ditugu Wikipediatik abiatuta ariketak sortzeko. Wikipedian badituzu tutorialak idazten nola hasi azaltzen dutenak, eta, horretaz gain, komunitate bat dago eta edozein zalantza galdetu dezakezu. Garrantzitsuena beldurra kentzea da.