Gaizka Peñafiel: “Leku pribatuetan kamera itzali egiten dut, errespetuagatik”

Euskal musika talde garrantzitsuenekin ibili da lanean, azken urteetan, Gaizka Peñafiel argazkilari eta musikari lezamarra. Urte hauetan bizitakoaz eta este hainbat kontuz mintzatu da Peñafiel Jon Gomez Garai kazetariarekin Azkue Fundazioaren egoitzan.

Gaizka trikitia txikitatik hartu izan duzu, baina esan zenidan argazki kamera bat ez zenuela hain goiz hartu. Eta argazkilari bezala agertokirik garrantzitsuenak ezagutu dituzu. Nola demontre egin duzu hori?

Argazkigintza afizio bezala izan dut beti, txikitatik, eta lehenengo kamera Ninja Dortoken bat zela gogoratzen dut. Argazkietan agertzen zen Ninja Dortoka… Beraz, imajinatu dezakezu zenbat denbora pasa den. Egia da, heldu aroan hartu dudala serioago. 2013an hasi nintzen buru-belarri, bideora enfokatuta hasieran, batez ere –gure herriko eskolako dokumentala egiten, adibidez–. Bideogintzan ikusten nuen nire burua hasieran, baina mundu nahiko antzekoa denez, azkenaldian argazkigintzan jarri naiz.

Egia da, elkarrekin ere agertokiak konpartitu ditugulako, argazkiak eta bideoak aldi berean egiteko gai zarela. Bideoa, beraz, ez duzu ahaztu…

Abantaila da gaur egungo baliabide eta teknologiarekin biak aldi berean egiteko aukera dugula. Hori duela hamabost urte pentsaezina izango litzateke. Gure lana bikoiztu egiten da, eta gehiago exijitzen digu, baina egia da gero musikari eta artistek eskertzen dutela bi euskarri izatea.

Argazkian buru-belarri. Badakit galdera zaila izango dela. Zein da inoiz ahaztuko ez duzun argazki hori?

Ba begira, ez da argazkirik onena, baina bai bereziena. Eta izan zen 2018ko udan, Japonian, Esne Beltzarekin Fujirock jaialdian. Bertan munduko artistarik ezagunenak elkartzen dira. Han gurutzatu ginen besteak beste Skrillex eta beste talde batzuetako kideekin… Eta bukaeran foto-finish moduko bat egin genuen, taldea argazkilariari begira eta atzean publikoa, 10.000 japoniar inguru, eta ikurrinak haien artean. Momentu oso berezia izan zen.

Zeintzuk dira horrelako kasuetan erabiltzen dituzun kamerak? Japoniara tramankulu oso handiak ezin izango zenituen eraman…

Hegazkinetan jartzen dituzten mugekin kontu handiz ibili behar dugu. Normalean bi kamera erabiltzen ditut, hasieran kamera bakarrarekin denbora asko galtzen nuelako objektiboak aldatzen. Kontzertuetan ezin dugu eman denbora gehiegi objektiboak aldatzen, denbora urrea delako. Bi kamera eramateak ematen dit aukera batean teleobjektiboa jartzeko eta bestean angelu handikoa. Horrela momentuaren arabera bata edo bestea erabili dezaket.

Kamera bat dena da argazkilariarentzat?

Bai, kamerarik gabe gure lanak ez duelako zentzurik. Baina badago betiko eztabaida hori; ez dela kamera baizik eta argazkilaria. Nik horri dagokionez, nire zalantzak ditut. Oreka bat egon behar du. Kamerarik onena izan dezakezu, baina gero abileziarik ez baduzu, alferrik da. Eta abilezia baduzu, baina kamera oso eskasa, mugak izango dituzu.

Eta zeintzuk dira abilezia horiek? Zer behar du argazkilari batek?

Teknikoki, argia behar du. Gu azkenean argi bila goazelako. Batez ere kontzertu argazkilaritzan. Agian, paisaiak ateratzea beste mundu bat da. Baina gure lana oso baldintzatuta dago argi-teknikariaren lanarekin. Berak zer nabarmentzen duen kontuan hartuz, guk hara begiratu behar dugu. Argi eza ere bilatu daiteke, noski, argazkilariaren estiloaren arabera. Eta horretaz gain, eta niretzat oso garrantzitsua da, emozioa egon behar da tartean. Sortzaileak gara azkenean, ez gaude gauza mekanikoak egiten. Eta sorkuntza dagoenean behar beharrezkoa da emozioak egotea. Eta emozio horiek bizitzea. Eta horretarako garrantzitsua da musika talde hori gustukoa izatea. Horrek ahalbidetzen du zure lana gustura egitea, eta normalean, emaitza hobeak ateratzea.

Zu, batez ere, kontzertuetan espezializatu zara?

Musikaren inguruan ibili naiz beti, orduan, hori da nire habitat naturala. Musika ikuskizunak. Agertoki handiak zein areto txikiak izan daitezke. Baina egia da ere, herrigintzako mugimenduetan ere ibiltzea gustuko izan dudala beti. Lezaman, herrian, saiatzen ere lan egiten eta ahal dudan guztian nire ekarpena egiten, eta Gure Esku Dagon ere urte asko ibili nintzen. Herri mugimendu baten gure lanbideak inpaktu handiagoa izaten lagundu dezakeela uste dut.

Ematen du ez dagoela argazki perfekturik, eta argazkilari asko, sarritan, mustur-luze ikusten dira… Entzuten gaituzten askok errieta egingo didate gero hau esateagatik… Baina ematen du inoiz ez dela argazkilari bat aseko.

Exijentea izatea garrantzitsua da. Nire ustez, bizitzaren esparru guztietan. Eta nire buruarekin nahiko exijentea naiz. Baina zure exijentziak giroa edo besteen bizitzetan eragin negatiboa badu, orduan akabo. Kontzertu batzuetan pozik geratzen naiz emaitzarekin, eta beste batzuetan egindako lana hobetu dezakedala uste dut. Baina ez naiz obsesionatzen horrekin. Etorriko dira kontzertu gehiago eta egin behar dena da ikasi eta ikasten jarraitu. Horrela gehiago izango dira emaitza onak aterako ditugun kontzertuak. Bilakaera bat duzunean erronka horiei askoz hobeto erantzuten diezu. 

Zure argazkiak ur marka edo sinadura barik joaten dira normalean… Zergatik?

Hori sarritan galdetu didate. Eta galdetu baino aurpegiratu egin didate. Jartzen duenak nire errespetu osoa du, eta ulertzen dut gainera. Baina nire lan egiteko moduagatik eta lan egiten dudan pertsonengatik ez dut behar hori. Nik ez dut behar nire marka edo izena argazki guztietan agertu beharreko aitortza hori. Aitortza beste era baten jasotzen dut. Batzuetan “eskerrik asko” bat jasoaz konformatzen naiz. Gainera, nik ezer esan gabe talde guztiek jartzen dute egiletza norena den. Eta ez balute jarriko ere, niri ez zait axola. Eta argazkilaritzan nire erreferente direnen argazkietan ere ez dut ur markarik ikusten. Eta batzuetan hasiberri bat ikusten duzu, hiru kontzertu ere ez dituenak egin, eta arduratuago ikusten dut ur markaz, argazki beraz baino. Eta euskal komunikabideak, honi guztiari dagokionez, uste dut nahiko arduratsuak direla. Eta material bat hartzen dutenean, egiletza kontuan hartzen dute. Nik esperientzia ona izan dut zentzu horretan.

“Euskal musikagintzan ez dut inoiz divo edo divarik ikusi”

Dena dela, nola kontrolatu ahal da zure argazkiekin besteek zer egiten duten?

Askotan gertatu zait nire argazki bat kartel batean edo editatua ikustea. Ez diot garrantzi handirik ematen. Azken baten, nire argazkia erabili badute gustuko izan dutelako da. Nire lana ondo egin dudanaren seinale. Nire helburua taldea gustura gelditzea da. Hori lortzen badut, hortik aurrera datorren guztiak ez dit hainbeste axola.

Ordu asko ematen dituzu musika taldeetako kideekin, kamerinoetan edo agertoki atzean. Zer esango luke zure kamerak berba egingo balu?

Gutxi esango luke, horrelako lekuetan beti itzali egiten dudalako kamera. Ni, berez, neurritsua naiz, nire bizitza pribatuan ere. Ez dut gustuko intimitatea konpartitzea. Leku pribatuetan gertatzen diren gauzak leku pribatuetarako dira askotan. Eta normalean ez da beste munduko ezer gertatzen. Euskal taldeen kasuan, gu modukoak dira, jende normala. Ez dituzte kamerinoak apurtzen eta horrelako gauzak egiten. Beraz, inoiz ez dut arazorik eduki. Egia da badaudela momentu horiek aprobetxatzen dituzten beste argazkilari batzuk. Nik taldeak eskatzen badit bakarrik egiten ditut. Deigarria den zerbait gertatzen dela? Ba baimena eskatzen da. Gogoratzen dut Lezamara Green Valley etorri zela jotzera, eta Xabi Solano etorri zela kolaborazio bat egiteko. Kamerinoan entseatzen zebiltzala, pentsatu nuen momentu ederra zela, eta baimena eskatu eta bideoa grabatu nuen. Bideo horrek, gero, kontzertuko argazkiak baino zabalkunde handiagoa izan zuen. Horrelakoak ere gertatzen dira. Baina kamerinoetan gertatu diren gauza intimoak harrapatu dituzten argazkilariak ere badaude, eta gero egoera itsusiak gertatzen dira. Eta azpijokoekin hasten bazara ezinezkoa da giro ona izatea.

Betiko eztabaida, edo agian gutxi eztabaidatzen den kontua. Non hasi eta amaitzen da artistaren intimitatea argazkilari bat tartean sartzen denean?

Sarritan barne eztabaida bat izaten dut. Beti pentsatu izan dut nik egiten ditudan argazkiak ez direla soilik nireak. Nirea eta agertzen den pertsonarena ere badela, alegia. Azkenean, nahiz eta toki publiko baten izan eta argazkia ateratzeko eskubidea izan, argazki hori biona da. Agertzen denak ere badu argazki horren gaineko zeresana. Eta ez baduzu gustuko edo ez bazaude ados, nik ez dut argazki hori elkarbanatzeko eskubiderik. Ez zait iruditzen lan egiteko modu egokia. Hau esanda, artistaren momentua agertokian dago, eta hor argazkiak egiteko askatasuna dugu. Hortik kanpo beste esparru baten sartzen gara. Azkenean artistak pertsonak dira, eta elkarbanatu nahiko dituzten gauza batzuk egongo dira, baina beste batzuk ez.

Agian intimitate hori ondo zaintzen duzulako, argazki onak ateratzen dituzulako… Ez dakit zenbat motibo egongo diren, baina Berri Txarrak, Gatibu, Esne Beltza, Zetak… Mila talderekin ibili zara eta batzuekin bidaiak ere egiten.  Baina, bestalde, orain dela gutxi hasi zinen mundu honetan. Askok ez dizute intrusismoa leporatu?

Bai, eta batzuetan nik neuk ere bai. Duela gutxira arte argazkilaria barik argazkizalea nintzela esaten nuen. Eta ni musikaria naiz, eta neurri baten ere horrek ateak zabaldu dizkit. Ez nautelako argazkilari bat bezala bakarrik ikusi. Musikarien, teknikarien eta produkzioko langileen konfiantza errazago lortu dut. Gainera norberaren bilakaera oso garrantzitsua dela uste dut. Norekin hasten zaren, edo zein den zure kidea oso garrantzitsua da. Horregatik zorte handia izan dut. 2013an Esne Beltzarekin hasi nintzen eta horrek ate pila bat zabaldu dizkit. Eta jende askok konfiantza jarri du nigan, ezagutu gabe ere. Eta ez dut behar izan esfortzu handiegia lekuetara sartzeko edo jendea ezagutzeko edota lana lortzeko. Jendeak nigan izan duen konfiantza moduko bat izan dut. Horregatik beti eskertzen diet nigan konfiantza jarri duten talde guztiei. Esperientzia izugarriak bizi izan ditudalako, eta ate gehiago zabaldu dizkidalako. Ni hasi nintzenean argazkilarienganako mesfidantza handia zegoen. Eta batez ere produkzioko langileek arazo asko izaten zituzten argazkilariekin. Batzuk ez dutelako ulertzen argazkilariak ez garela kontzertu baten gauzarik ezinbestekoena. Kontzertua musikarik gabe ez dago, teknikaririk gabe ez dago, produkzio langile barik ez dago. Argazkilari gabe kontzertua aurrera doa arazorik gabe. Horregatik errespetuz jokatu behar dugu, ez bakarrik abeslariarekin, baizik eta bere inguruan dagoen jende guztiarekin. Eta euren lana baloratu egin behar da. Eta horri guztiari buelta ematen ere ibili behar izan dut.

Ez zara beti talde handiekin ibiltzen, baina Berri Txarrakekin ibili zara azkenaldian. Nik ez dakit zer den Gorka Urbizuren dei bat jasotzea, adibidez, edo zuk zure burua eskaintzea. Ez dakit horren kontziente zaren…

Batzuetan izaten ditut nire buru-janak. Egia da denborarekin hasi naizela asimilatzen, bost edo sei urte oso gogor izan direlako. Nik ez diot garrantzi handiagoa ematen publiko gehiago ekartzen duen musikariari, areto txiki batean jotzen duenari baino. Denak berdin tratatzen ditut. Eta gainera, maite ditut hain ezagunak ez diren artistak. Beste zirkuitu baten mugitzen direnak, beste ikuskizun mota bat planteatzen dutenak. Baten edo bestearen mezua jaso? Ez diot bati garrantzi handiagoa ematen.

Baina presioa ezberdina izango da? Berri Txarrak taldearen mezua jaso edo gure Oxabi taldearena jaso. Ez da berdina…

Ez da berdina, batez ere, tratuagatik. Agian denbora luzean ibili naizen taldeekin konfiantza handiagoa dut. Berri Txarrakekin azken urtean ibili nintzen argazkiak ateratzen eta ez dut Esne Beltzarekin edo zuokin dudan konfiantza eta barne-bizitza hori. Beste talde batzuekin nabilenean beste taldekide bat naiz eta horrela tratatzen nauzue. Beste talde batzuekin, beste ikuspegi profesional batekin zoaz. Zure lana egiten duzu, baina ez zara taldearen barne-bizitza horretan mugitzen. Egia da kontzertu potoloak daudenean, eta leku handietan izaten direnean, gure lana zaildu egiten dela, eta hor exijentzia mailak gora egiten duela, publikoak ere jartzen duena, hortik material bat ateratzea espero duelako. 2019 bukaera oso oso exijentea izan da eta energia guztiak hustuta amaitu dut. Bidaiak, nire lana, lo gutxi… Gauza asko izan dira eta orain atseden hartzeko tartea ere hartu dut.

Uztartu egin behar izan duzulako, kontzertuak gauez, eta horrek dakarren nekea, baina zu berez, trikiti irakaslea zara. Eta trikitiari esker sumatzen dut argazkilari moduan hasi zinela ere. Zein izaten da zure ikasleek egiten dizuten galderarik ohikoena?

Euren zalantza handienetako bat da, “baina famatu hori agertokietatik kanpo horrelako edo halakoa da?”. “Sare sozialetan den modukoa da bizitza pribatuan?”. Gazteek itxurati asko daudela uste dute edo irudi hori dute. Agertokian oso jatorrak direla eta handik jaitsi eta guztiz ezberdinak direla. Nire esperientziatik, batez ere Euskal Herrian, taldeak taula gainean eta taulatik kanpo antzekoak dira artistak. Ez dago alde handirik. Eta jendeak hori konprobatu dezake. Joan zaitez Durangoko Azokara, hurbildu zaitez, eta ikusiko duzu nola hartzen zaituzten.

Baina hori ere erakusleiho bat da ezta?

Bai, bueno, baina baita izan daiteke kontzertu baten ostean edo aurretik soinu proben ostean. Ez dut inoiz divo edo diva jarrerarik ikusi. Euskal musikagintzan dabilen jendea oso herrikoia da. Egia da batzuek karga oso handia daramatela gainean, eta haiengatik txarto pasatzen dut batzuetan. Ni agobiatuko nintzateke, baina gehienek ulertzen dute hori euren lanaren barruan doala. Hor esparru batzuk errespetatzen ikasi behar da, eta hori esaten diet ikasleei. Bazkaltzen badaude, lagun batekin berbetan… Utzi eta agian hamar minutura izango duzu aukera argazki bat edo ateratzeko. Zale amorratuak bihurtu gara denok, gaur egun, eta argazkiak sare sozialetan jarri nahi ditugu ahalik eta azkarren. Artistekin eta musikariekin errespetuz jokatzeko esaten diet ikasleei.

Solasaldia amaitzeko, Gaizka. Hilabete batzuk hartu dituzu apur bat erritmoa jaisteko eta sare sozialetatik ere ikusi zaitugu aldenduta. Proiekturik baduzu orain buruan?

Udaberriarekin batera kontzertuak hasten dira, eta jaiak ere, eta agenda hasi zait betetzen dagoeneko. Beraz, urte amaierara arte lan izango dut. Bestalde liburu bat prestatzen ari naiz. Konturatu naiz argazkiak sare sozialetara igotzen ditugula eta bi egunetara time-line horretan galdu egin dela argazki hori. Horregatik ere sortu nuen webgunea eta euskarri fisikoa ondo legokeela ere uste dut. Alde batetik urte guzti hauetan jasotako argazki aipagarrienak biltzeko, eta bestetik nigan konfiantza jarri dutenei eskertzeko.