Gaizka Insunza: “Gaur egun, publikoak ez dauka atentzioa mantentzeko gaitasun handirik”

Gaizka Insunzak ibilbide musikal oparoa dauka. Izan ere, hainbat talde eta proiektutan ikusi izan dugu; Audience eta Capsula taldeekin, esaterako. 2020an, bakarkako lehenengo diskoa argitaratu zuen.

Kaixo, Gaizka. 2020ko abenduan, Audience taldeak 20 urte bete zituen…

Gure lehenengo kontzertua 1999ko abenduaren 30ean Gernikako Metropol areto mitikoan izan zen. Efecto 2000 hura zegoenean, bazirudien mundua bukatuko zela. Mundua ez zen bukatu; orain arte, behintzat. Hemendik aurrera, ikusiko dugu… Hogei urteko ibilbidea, zortzi disko, hainbeste EP, pelikuletarako soinu bandak egin ditugu… Aurretik etorkizuna badugu.

Musikarekiko pasioa txikitatik izan duzu?

Hor abantaila izan dut, Audience taldean nire anaiarekin jotzen dudalako. Anaiak eta biok etxean musika asko izan dugu. Disko asko eduki ditugu; batez ere, disko anglosaxoiak. Gurasoek musika asko entzun dute, The Beatles-en jarraitzaileak izan dira eta. 60ko hamarkadako Ingalaterrako musika, The Who, The Rolling Stones… Hori asko ezagutu dugu gaztetatik, David Bowie, Bob Dylan…Txikitatik izan dugu pasio hori. Eta instrumentu musikalak jotzen hasi ginen. Anaia gitarrarekin hasi zen, eta pianoarekin. Batak besteari irakasten hasi ginen. Eta biok bukatu dugu instrumentu ezberdinak jotzen. Urteak aurrera joan ahala, biok aukeratu ditugu instrumentu berriak, eta, horrela, gure soinuari aberastasuna eman diogu.

Audience taldeak hogei urteko ibilbidea bete du, eta soinua aipatu duzu. Euskal Herrian ez gara hain ohituta egon horrelako soinuetara?

Badugu horrelako idiosinkrasia berezi bat, zaila egin zaigu hogei urte hauetan publikoarekin komunikatzea. Baditugu horrelako ezaugarri batzuk nahiko bereziak. Orokorrean, ingelesez abesten duten euskal taldeek beste profil bat edukitzen dute. Jendeak, guregana hurbiltzen denean, gure artean euskaraz hitz egiten dugula ikusten du. Agian, euskaraz abesten duten talde batzuk baino gehiago egiten dugu euskara gure artean, gure ingurua oso euskalduna delako. Gurea erabaki estetikoa da. Gure influentzia musikalek eraginda ingelesa hautatu genuen gure hizkuntza nagusi bezala. Baita ere ingelesa dominatzen dugulako. Ez dugu edozer esaten. Pauso garrantzitsua izan zen Bidehuts-ekin diskoak ateratzen hasi ginenean, hor hurbildu ginelako euskal entzuleriara. Batez ere, nik nabaritu nuen, barrutik, behintzat, Amerikanuak-en  soinu banda egin genuenean. Amerikanuak lanak uztartzen du euskalduna izatea, baina euskaldunak Ameriketan. Hor uste dut oso ondo enkajatu genuela, eta, agian, urruneko ikusten gintuen entzuleria bat hurbildu egin zen guregana eta identifikatu zuen Audience euskal taldea zela. Bai sentitu dut handik aurrera, agian, onarpen gehiago euskal kulturaren mundutik. Hasieran, asko joaten ginen kanpora. Radio 3-eko lehiaketa irabazi genuen, Estatu mailan horrelako errekonozimendu bat eduki genuen, eta horrek, agian, urrundu egin gintuen hemengo publikotik. Barrutik horrela sentitu dugu; agian, entzuleek ez dute horrela bizi izan.

“Talde bat duzunean, kritika txar bat hobeto onartzen duzu talde bat zarelako”

Instrumentu ezberdinak aipatu dituzu; Audiencek beste soinu bat ekarri du?

Estilo aldetik eboluzio bat egon da. Garai hartan, Amerikanuak plazaratu genuenean, klixe bat hartu genuen euskal talde countrya bezala. Ez dakit guztiz zehatza den… Gu beti kontsideratu gara rock talde bat, gitarran, baterian eta baxuan oinarrituta. Beste instrumentu guztiek lagundu egiten digute, jantzi egiten dute gure musika, kolore ezberdinak ematen dizkiote. Niri, adibidez, klixe hori gustatu egiten zait. Badakit ez dela guztiz egia, baina esplotatu behar dudanean gai naiz esplotatzeko. Klixe horrek duen indarra ikusten dut; beraz, ez da desatsegina. Urteak pasatu ahala horrenbeste klixe eta kategoria ezberdinetan sartu gaituzte… Horretaz aprobetxatu gaitezke.

Audience taldeaz gain, 2019 bukaeran bakarkako lehen lana argiratu zenuen?

2016an grabatu nuen. Harremana du Capsula taldearekin edukitako harremanarekin. Garai hartan, Capsularekin ibili nintzen. Asko jo genuen, Ameriketako Estatu Batuetara joan ginen, eta oso esperientzia onak eduki nituen. Harreman oso ona landu dut Capsulako Martin Guevararekin. Martinek Bilbon estudio txiki bat du, eta, egoera aprobetxatuz, abesti batzuk nituela, grabatu egin genituen.

Nola sentitu zara taldekideak aldamenean izan barik?

Diskoa kaleratzeko orduan erresistentzia asko izan ditut. Niretzat jauzi bat izan da. 2016an grabatu nuen eta 2019an kaleratu dut. Beraz, etxean gordeta hiru urte eduki dut. Urte hartan, Audiencek Isla diskoa kaleratu zuen, Kuban grabatu genuena. Urte berean bi disko ez nituen argitaratu nahi. Biak aurkeztu eta biak elkarrekin promozionatu… Ez nuen nahi, biei merezi duten mimoa emateko. 2019ra arte ez argitaratzeko beste faktore bat nire barruko beldurrak izan ziren. Azkenean, talde bat duzunean, kritika txar bat hobeto eramaten da. Hobeto asumitzen duzu talde bat zarelako. Bakarrik horrelakoak onartzea zailagoa da; lehenengo kronikak oso adi irakurri nituen, eta nolabaiteko urduritasunarekin. Agertokira bakarrik igotzerakoan ere eduki dut urduritasuna.

Hala ere, agertokira igotzearena guztiz hankaz gora jarri da…

Martxoaren 11n etxeratu gintuzten; egun hartan, Plateruenan nuen kontzertua. Gero, apiril bukaeran, Beratu jaialdia zen Oñatin; hura ere bertan behera geratu zen. Postkonfinamendu garai honetan, non ekimen kulturalak badauden, sektore batzuk kristoren lana egiten ari dira, eta baditut data batzuk, baina asko aldatu egin dira. Esfortzu handiarekin datak aldatzen ari gara.

Musikari gisa nola ikusten ari zara egoera?

Ni ez naiz musikari profesionala, eta musika aspektu ezinbestekoa da niretzako, hogei urtean nire pertsonalitatearen oso parte garrantzitsua izan delako. Edozein kasutan, ez naiz profesionalki musikara dedikatzen. Erantzuna, beraz, maila horretatik emango dut. Musikari profesional bezala horren dependentzia izango banu, badakit egoera niretzako latza izango litzatekeela. Alde batetik, ikusten ditut lagun asko musikari profesionalak direnak eta erabaki dutenak lana uztea eta hainbat taldetan ibiltzea. Adibide bezala Joseba Irazoki aipatuko dut. Hainbeste taldetan aritzen da… edo nire Capsulako lagunak. Egoera oso latza da. Eman ditut kontzertu batzuk; ni gustura sentitu nintzen, baina publikoa maskararekin ikustea eta dauden murrizpen guztiekin, ez dakit… Kontzertuak badu aspektu sozial bat. Aspektu sozial hori guztiz galdu da. Estilo batzuei beste batzuei baino gehiago eragin die. Musika teknoa, dantza egiteko dena, edo musika fisiko bat, aspektu fisikoak garrantzia daukana, edo heavya, oso kaltetuta sentitu dira, eta, agian, orain, kantautoreak gailentzen ari dira, eserita ikustean letra aditu ahal dugulako… Beste mota bateko kontzertuak dira. Gaueko giroaz ez dugu hitz egingo. Publiko bezala zerbait arraroa sentitu dut. Antzezpen bat bezala da: nahi dugu hau izatea, lehen bezala, eta ezin dugu lortu. Musika energia da, eta moldatu egin beharko dugu. Streaming bidez ikusitako kontzertuak ez ditut batere gozatu. Hori beste pauso bat da, ez dakit emango den, teknologiak beti sorpresaren bat ematen digu eta. Etorkizunean zer geratuko den jakitea zaila da, baina pena handia litzateke pauso edo trantsizio hori ematen bada. Hori ez da zuzenean; zuzenean zure aurrean egotea da.

“Zaila egin zaigu hogei urte hauetan publikoarekin komunikatzea”

Lanbidez irakaslea zara, eta tesian bi pasioak uztartu zenituen. Musikaren industria bizi izaten ari zen eraldaketa aztertu zenuen…

Unibertsitateko irakaslea naiz. Doktore-tesia egiteko orduan, musika globalizazioaren inguruan eta teknologia berriek duten eragina aztertu nahi nuen. Musikaren industria digitalizazioarekin eta teknologiarekin paradigma berri batean dago. Denok ikusi dugu euskarri fisikotik streaming-aren modeloetara trantsizio bat izan dela. 2016ko tesian argudiatzen nuen teknologia digital berri hauek eragina dutela musikaren industriaren paradigma berrian. Paradigma berri horretan online ereduak gailentzen ari dira euskarri fisikoen kontra. Gaur egun ikusita, pentsatu dut paradigma berri hau aldatu egin dela; pandemiak, orain, beste paradigma berri bat ekarri du. Ikusiko dugu nola garatzen den. Agian, nire tesia zaharkitu samar geratu da. Orain, kulturak behar ditu beste argudio batzuk, eta beste egoera berri batean gaude.

Tesiaren atal batean aztertzen zenuen musikaren ekoizpena, eta hor bai dago aldaketa. Aukera gehiago dago diskoak grabatzeko?

Euskal Herrian autoekoizpenak izandako eragina aztertu nuen. Izan ere, hor publikatzen dira Euskal Herrian urtean editatzen diren disko guztiak; Entzun aldizkarian eta Eresbil-en sailkatu egiten dituzte autoekoizpenak. Gora egin du. Musika grabatzeko teknologiak, audioari lotutako teknologiak merkatu egin dira. Merkatze horren ondorioz, home studioak gero eta gehiago dira. Baina baita ere finantzaketa lortzeko orduan crowdfunding bezalako plataformak sortu dira. Beraz, finantzaketa arloan bide berriak egin dira. Gaur egun, zure diskoa dendetan egotea, agian, zaila da, baina sare sozialen bidez promozionatu dezakezu; beraz, testuingurua sare sozialetan dago.

Hartzailearengana heltzea zailagoa da?

Herbert Simon ekonomialariak esaten zuen: “Abundancia de información genera pobreza de atención” (Informazio-ugaritasunak arreta-pobrezia sortzen du). Horrek esparru askotan eragina du. Kulturaz gozatzeko edo kultura kontsumitzeko dagoen ohitura nagusia, segundo batzuk entzun edo ikusi eta ez bazaigu gustatzen, kalera. Gaur egun, diskoek gero eta abesti gutxiago dituzte. Lehen, hamar abesti baino gutxiagoko diskoa ez zen disko bat. Agian, disko psikodeliko bat, non abesti guztiek hamar minutuko iraupena zuten… Baina, gaur egun, formatu txikia gailendu da. Esaterako, nire diskoak zortzi ditu. Gaur egun argitaratu diren disko askok formatu txikia jarraitzen dute. Publikoak ez dauka atentzioa mantentzeko gaitasun handirik.

Publikoak galdu egin du ohitura diskoa osorik entzuteko?

Singleen merkatura itzuli gara. 60ko hamarkadan eta 50eko hamarkadan singlea produktu nagusia zen. 60ko hamarkadan, Sgt. Pepper’s disko kontzeptualak egin zuen LPa (Long Play) gure formatu nagusia izatea. Gaur egun, sareetan berriro singleen garaietara bueltatu gara.

Streaming-ari erreparatuta, ze punturaino daki musikariak entzuna den?

Nik ez dut musika streaming bidez entzuten. Nahiz eta teknologiak nola eragiten dion musikaren ekonomiari aztertu, teknologiarekin oso traketsa naiz. Duela gutxi, Spotify doako kontu bat egin dut, kuriosoa egin zait, eta inoiz ez dut begiratu Audience taldeak zenbat entzunaldi izan dituen. Bat-batean, begiratu egin dut. Arraroa egiten zait.

Tesian, musikaren industria aztertzen, aipatzen zenuen hiru edo lau enpresak kontrolatzen dutela merkatuaren %80…

Oso kontzentratuta dagoen industria da. Musikaren industria oligopolio bat da. Tesia egiten hasi nintzenean, artikulu zientifikoak irakurtzen, musikaren industrian sei enpresa nagusi zeuden, diskoen %80 dominatzen zutena. Kuriosoa da zigilu horiek, enpresa handi horiek ez direla musikan hasi diren enpresak, kasu gehienetan. Adibidez, horietako bat Warner da. Warner anaiak zinemaren munduan hasi ziren, baina nahi izan zuten zineman musika sartu zenean beraien pelikulen egile eskubideak izan. Horrela ireki zuten edizio musikal bat. Egun, musikaren multinazional handienetako bat da. Berdina geratzen da Sonyrekin. Sony elektronikako enpresa da. Baina Sonyk CDa asmatu zuen, 1982an. Beraz, CDa asmatu eta diskoetxea sortu zuen. Zer gertatu da azken urte hauetan? Enpresa nagusiekin gertatzen den bezala, batak bestea zanpatu egin duela. Tesia hasi nuenean, sei enpresa zeuden, gero bost, gero lau, eta azkenengo mugimendua izan zen Universalen eta Warnerren artean Emi erostea. Europako bakarra zen lau handi horietatik. Orain, hiru multinazional daude: Warner, Universal eta Sony. Horiek dominatzen dute musikaren salmenta, streaming-a eta musikaren negozioaren %80. Eta gainerako %20a, musika independentearen zigiluek osatzen duten hainbat diskoetxe txikik. Kuriosoa da Sonyk zigilu asko dituela; adibidez, Espainian Subterfuge zigilu independentea Warnerrek zanpatu egin zuen. Beraz, diskoetxe independenteek arrakasta dutenean, zanpatuak izaten dira. Egitura bertikal bat da, kristoren oligopolioa.

Beste alor enpresarial batzuetan gertatzen den bera gertatzen da?

Kulturaren alor askotan gertatzen da. Zineman ere, zinemako produkzio independentea da negozioaren emaitzen oso tarte txiki bat. Zinemaren munduan ere oso oligopolio handia dago.

Audience taldera bueltatuz, 2017an Isla diskoa kaleratu zenuten, Kuban grabatuta. Lehenengo aldiz entzun genuen Audience euskaraz kantatzen, eta aurkezpenean esan zenuen zaila egiten zitzaizula gauza batzuk euskaraz kantatzea…

Orokorrean musika ingelesez entzun dudanez, abesteko orduan eta gitarra hartzerakoan beti lehenengo esaldiak ingelesez ateratzen zaizkit. Euskaraz abesteko orduan lengoaia berri bat bezala aurkitu behar dut. Hor badago beste elementu bat: ingelesez abesten dudanean pertsonaia bat sortzen dut; hau da, niretzako ez da berdina agertokira igo eta “I love you” esatea. Agian, esaldi horretatik urrun sentitzen naiz, beste hizkuntza batean esaten dudalako. Niretzat oso ezberdina da eta indar ezberdina dauka. Nik kontzertu batean ingelesez abesten dudanean badakit jendeak ez didala ulertzen; orduan, nik badakit ezin naizela publikoarengana heldu, agian, Anari heltzen den moduan. Anarik esaldi bat esaten duenean ez da bakarrik musika, musikak indar handia dauka, baina hitzak, batzuetan, barruraino sartzen zaizkizu. Nik badakit hori ezin dudala lortu ingelesez abesten, behintzat, daukagun publikoarekin Euskal Herrian; beraz, hizkuntzarena neure buruarekin dudan eztabaida bat da.

Disko berria nolako izango da?

Oraingoan, Euskal Herrian Kakirekin grabatu dugu. Guretzako  musika konposatzea ezinbestekoa da, egiten dugu pentsatu barik noiz eta nola kaleratuko dugun. Egia esan, oraintxe, hausnarketa horretan gaude. Pandemiaren egoera hau Audienceren idiosinkrasiarentzat nahiko krudela da. Nahiz eta grabatu dugun,  sare sozialetan bideo txiki bat eskegi dugu. Oraindik ez naiz ausartzen esatera noiz kaleratuko dugun, zein forma izango duen, eta abar. Nahiz eta musika konposatu eta grabatu dugun, material asko daukagu eta oso pozik nago emaitzarekin.

Hala ere, beste proiektu batean ibili zarete, Irungo Harrera sarearekin elkarlanean.

Proiektu hori Irungo Udalarekin eta Irungo Harrera Sarearekin batera eta AFI-IAE Irungo Argazkilari Elkartearekin egin dugu. Guk proiektuan Beatriz Sanchez inplikatu genuen. Guztion artean diziplina anitzeko pieza bat sortu dugu eta emaitza sarean dago ikusgai. Beatriz Sanchezek zuzendutako bideoa dago eta guk horri musika jarri diogu. Denok istorio komun baten gainean egin dugu lan.

Esperoan geratuko gara Audience oholtzan ikusteko berriro…

Kristoren gogoa dut. Berdin du publikoa maskarekin dagoen, baina gogoz agertokietara itzultzeko.