Gabi de la Maza: “Euskal karaokeen frikia naiz”
Euskal karaokearen aita da Gabi de la Maza gorliztarra. Barnetegiko ikasleendako materiala sortzeko abiatu zuten bideak uzta oparoa utzi du hamaika urtean, Jon Gomez Garai kazetariari Azkue Fundazioaren Euskararen Etxean azaldu dion moduan.
Euskal Mr. Karaoke deitu zaitzakegu, Gabi?
Bai; bueno, alabak esango luke, euskal karaokeen frikia.
Denerako izan behar da frikia hainbeste eta gauzak halako gogoz egiteko, ezta?
Ez dakit, ba, nik, etxe honetan gaudela kontuan izanda, Azkuek batutako dokumentazio guztia kontuan izanda ere, bere sasoian frikia ote zen.
Eta ze polita horrelako frikitasunak izatea.
Hori da.
Youtubera zenbat bideo igo dituzun esaten jakingo zenuke?
2.500etik gora; 2.600era hurbiltzen ari naiz.
Hori, bi kanalen artean; izan ere, batetik, Gabi de la Maza dago, betiko Txantxagorri ezaguna, horrela ere deitzen zizuten…
Bai; ezizen horrekin hasi ziren deitzen: elkartu nintzenean Algortako lagun batekin, Javier Etxeandiarekin, elkarrekin abesten hasi ginen, bera Bob Dylanen itxurarekin, gitarrarekin eta harmonikarekin… eta bertsionatzen genituen beste abeslari batzuen kantuak. Plazaz plaza abesten hasi ginen, batez ere, Uribe Kostan, Santutxun eta inguru horretan, eta hantxe deitzen zidaten Txantxangorri, Fermin Valenciaren kantuarekin nahiko temati jarri nintzelako, orain karaokearekin bezala. 19 urterekin entzun nion abestia Fermin Valenciari, Boluetan, oraindik Franco bizi zela, eta gustatu zitzaidan pila bat. Lortu nuen letra eta jai guztietan abesten nuen. Gainera, jokoa ematen zuen: birigarroa alde iluna zen eta txantxangorria, askatasuna.
Eta geroztik, Txantxangorri ezizena. Youtubeko kanalez ari ginen, eta bi dituzu: Gabi de la Maza dago, batetik, eta Euskal karaokea, bestetik. Zenbat harpide dituzu?
Gabi de la Maza kanala 11 urte betetzear da eta 58.000 inguru ditu; Euskal karaokea-k bost urte ditu eta 28.000 inguru.
80.000 harpidetik gora, ia 3.000 bideo igota. Zenbat denbora daramazu honetan?
Youtube sortu baino lehenago karaokeak egiten nituen. Guztia nire lanean sortu zen.
Eta nolatan?
Ez dira bi urte erretiroa hartu nuela; 37 urte eman ditut lanean irakaskuntza publikoan, eta azken 26 urteak egin ditut Euskal Girotze Barnetegian, irakaskuntza ez formalean. Euskal Girotze Barnetegiak dira Hezkuntza Sailak dituen barnetegi batzuk ereduen gaia irten zenean sortutakoak, umeei baliabideak emateko aisialdian edo egoera informaletan euskara erabiltzeko. 1991n merezimendu lehiaketa baten bitartez sartu nintzen barnetegian. Sasoi hartan, Plentzian zegoen barnetegia; nik jaioterrian, Gorlizen, nuen plaza, eta hura laga eta Plentziakoa hartu nuen. Lan bikoitza genuen: batetik, zetorren taldea artatzea eta ekimenak prestatzea haien euskararen erabilera handitzeko; bestetik, hainbat egun genituen umerik gabe materiala sortzeko eta lan pedagogikoetarako. Musika oso garrantzitsua zen; egunero hiru ordu laurdenez euskal musika lantzen zen.
Hortaz, zure ikasleengatik hasi zinen, nolabait esatearren?
Bai; barnetegian hasi nintzen. Nire hiru pasio elkartu ziren; euskara, musika eta teknologia. 90eko hamarkadan hasi zen informatika sartzen eskoletan eta barnetegian ere bai, eta 2000. urtean baliabideak asko aurreratu ziren eta horri gehitu behar zaio material berria sortzeko Hezkuntza Sailetik ondo zaintzen gintuztela eta justifikatzen bagenuen zertarako behar genuen material bat edo beste, bada, jaso egiten genuela.
Zu pozik eta zure ikasleek ere zelako pagotxa! Dena den, lehen erabiltzen zenituen programak karaokeak egiteko eta gaur egungoak ez dira berdinak izango…
Hasiera baten, argazki muntaiak egiten nituen, baina, zerbait hobearen bilaketan, uste dut 2004an izan zela, beste barnetegi bateko irakasle batek, Rafa Arrizubietak, Karafun programa frantsesaren berri eman zidan eta probetan hasi nintzen.
Eta horrek berak ematen du aukera karaokea sortzeko? Hor enkajatu egin beharko dira denborak, kantua sartu, letrak sartu…
Bai; prozedura nahiko mekanikoa da.
Zenbat denbora ematen duzu bideo bat egiteko?
Batez bestekoa desberdina da. Hasieran egiten nituen argazki muntaiek denbora gehiago behar zuten; baina bideoklipa baldin baduzu, gutxiago, bakarrik letra sinkronizatu behar da: chorma key bat egiten diozu, hau da, fondo berde edo urdina jarri letra sinkronizatzeko programarekin; gero, bideo edizio programa batean kokatu biak, eta listo. Batez beste, hiru bat ordu behar ditut abesti bakoitzeko.
Hiru minututan ikusten duguna egiteko hiru ordu behar dituzu.
Hori hiru minutuko kanta baterako; badira bi minutu irauten dutenak, eta hamar. Eta musika estiloaren arabera ere ezberdina da. Lehen aipatu dizudan Karafun programaren berri eman zidan Rafa Arrizubietaren alaba Aroa Arrizubieta bertsolariak aipatu zidan behin Gasteizko rap kantari batek bere kantetako baten honako hau esaten zuela: Eta hauek ez ditu transkribituko Gabi de la Mazak. Harira bueltatuz, raparen letra sinkronizatzeko, egon behar duzu denbora guztian atzera eta aurrera, oso arin doalako. Bada, sinkronizatu egin nuen Gasteizko rap kantariaren kanta eta handik gutxira rap kantariak bidali zidan: Touche.
“3.000 abesti inguru igota eta 80.000 harpidetik gora ditut”
Bideoklipik ez duten abestien kasuan, zuk bilatzen dituzu irudiak muntaia egiteko. Irudiak nondik ateratzen dituzu? Imajinatzen dut Googlerekin ezkonduta egongo zarela.
Beti nabil argazki bila. Inoiz inor nire ordenagailuan sartzen bada, zoratu egingo da. Baditut abestien karpetak, kantuen karpetak… Argazki interesgarriak topatzen ditudanean, klasifikatu eta gorde egiten ditut gaiaren arabera.
Gabi, goazen arin-arin erantzutera. Zein da egin duzun bideo-karaokerik gustukoena? Esan duzu badituzula ia 3.000 igota Youtubera.
Aurrekoan, Kanaldude-ko Pantxika Maitiarekin izan nintzen eta hari esandako bera esango dizut: lankide ohi baten kanta da, ez dago inon grabatuta. Duela bi urte, Naroa Gaintza abeslariak bidali zidan kanta bat eta esan zidan: “Gabi, ea zer egiten duzun honekin”. Arkaitz Estiballesen letra da eta gaia da Saturrarango emakumeen kartzela; hortaz, memoria historikoarekin du lotura. Naroa Gaintzaren ahots gozoarekin, oso abesti gomendagarria da, Saturraran 1938-1944 du izenburua. Iaz gehien ikusi zen bideoa izan zen.
Hori zen hurrengo galdera, ea zein den bisitaldi, ikustaldi gehien jaso dituen bideoa.
Umeen bideoen artean, Pintto Pintto eta Riki Riki dira arrakasta gehien dutenak eta denbora luze daramate igota. Gainerakoen artean ere kontuan izan behar da zenbat denbora daramaten igota: Lau teilatu, Salbadorren heriotzean… Imanol, Mikel Laboa, Xabier Lete… 2008an kanala zabaldu eta 2010era bitartean, nik inkunable deitzen ditudan horietako asko igo nituen.
Oso abesti ezagunak dira, baina gertatzen da letra ez jakitea. Irrintzi bat entzun da beharrean, irrintzi ba ketzuta entzun izan dut nik kalean. Pentsatzen dut jendeak eskertuko duela letra irakurri ahal izatea eta doinuarekin sinkronizatuta, gainera.
Euskal Herrian zein kanpoan. Sartzen banaiz bi kanaletako estatistiketan, hein handi batean, estatu espainiarrean ikusten dira, eta, bereizketarik ez duenez egiten, pentsatzen dut Euskal Herrian izango dela. Hurrengo Frantzia agertzen da, baina kasu honetan ere Ipar Euskal Herria izango da. Eta, horrez gain, mundu osoko klikak ikusten dira: AEB, Hego Amerika… Azken bi urteetan kanaletara igotako abestien artean, Saturrarango kantuaz gain, asko entzuten ari da Mikel Urdangarinek eta Izarok abesten duten Errefuxiatuena abestia. Esango nuke proportzionalki, orain, gehien entzuten ari den abestia dela.
Zenbatean behin igotzen dituzu kantak?
Dagoeneko asko eginda daude; beraz, orain, gutxiago egiten ditut. Taldeek eskatzen didatenean egiten dut, talde ezezagun zein ezagunek.
Eta hain euskal influencer-a izanda, Youtubek eskaini dizu sekula dirurik?
Ez dakit lehenago aipatu dudan, baina zergatik ireki nuen bigarren kanala? Politikak aldatzen ari zirelako. Une honetan ez dut ezer kobratzen eta 11 urte daramat kontu honekin. Hasiera baten, kobratu nuen diru apur bat. Youtuberen sorreran, diskoetxeak, abeslariek oraindik Youtuben arreta jarri gabe zutenean; ez dakit urte bat edo bitan kobratu nuen diru apur bat, baina hori berehala bukatu zen. Hala, une honetan begiratzen baduzu, Gabi de la Maza kanalean publizitatea dute ia bideo guztiek eta hori diskoetxeek kudeatzen dute, edo diskoetxeek kontratatutako enpresek. Nik igotzen dudanean bideo bat agertu egiten da eskubideak beste norbaitenak direla eta ager daitezkeela iragarkiak, baina haiek kudeatuta. Esandako moduan, politikak aldatzen doaz, nik egiten ditudan karaokeek beste batzuen musika dute… eta beldur naiz egunen baten kanalak blokeatuko dituzten.
Amaitzeko, utzidazu deabruaren abokatuaren lekuan jartzen. Oraintxe aipatu duzu egile kontua, beste batzuk direla kantuek egileak, bideoen egileak eta letren egileak. Letrak nondik ateratzen dituzu, euren webgunetik, diskoen liburuxketatik…?
Interneten daudenean, bertatik kopiatzen ditut, baina gero, landu egin behar dira: silabak banatu behar ditut, erabaki behar dut zela erritmoa markatzeko… Letra lortu ezin izan dudanean, CDak ere erosi izan ditut edo abeslariarekin harremanetan jarri izan naiz sare sozialen bidez, eta eskatu izan diet letra… %90ek laga izan didate.
Eta ez duzu inoiz kritikarik jaso, agian, bideoklip ofizial bat zapaldu izan duzulako?
Abeslariren baten kritika jaso izan dut, eta, kasuren baten, kritika eta konponbidea ere bai. Gaizka Peñafielek mezu bat bidali zidan esanez oso ondo dagoela egiten dudana, baina bideoklipa kaleratzen den egunean edo biharamunean ez igotzeko nire kanalera. Eta orain, hori egiten dut, bi edo hiru aste itxoiten dut bideoklipak bere bidea egin dezan. Izan ere, nik karaokea ia aldi berean igoz gero, batzuetan originalaren aurretik jartzen zen. Baina nik hori lehen ez nekien, ez naiz profesionala, eta hori ere ikasten zoaz.
Hamaika urtetan ia 3.000 bideo, 80.000 jarraitzaile Youtuben… Kontuan izanda egunen baten Youtubeko politikak alda daitezkeela, ondo gorde bideo guztiak.
Baditut gordeta disko gogorrean, baina kalitatea apur bat jaitsita. Sekula norbaiti aipatu diot, nahiko nuke egunen baten fundazio edo halakoren batek zerbitzari baten ipintzea; nik uste dut ondo legokeela gordetzea.