Futbololololo

Maider Galardi

Ez dut futbolaren kontra debalde hitz egingo. Berez, zazpi urte egin nituen jokatzen, eta txikitatik izan naiz athleticzalea. Gehiago ala gutxiago segitu ditut liga eta kopa: gizonezkoena aurrena, bestelako erreferentziarik ez genuelako haur ginenean; emakumezkoena ondoren, besteak beste kuadrillako lagun bat Realean jokatzen izan zelako urte luzez. Joan ginen bere atzetik Zubietatik Lezamara, Granadara, Madrilera eta Salamancara. Horixe, ba, irakurle asko baino futbolzaleagoa naizela.

Jendea harritu egiten da, eta ni ez nago harro, baina ohartu naiz futbolarekiko dudan ezagutzak passing-a ematen didala mutiko gazteen artean. Duela gutxi izan nintzen DBHko laugarren mailako gazte batzuekin, feminismoa ardatz zuen podcastgintzari buruzko ikastaro bat eskaintzen. Talde osotik aparte, izkina batean ikusi nituen gizon gazteak, hormonek eta patriarkatuak goraino mozkortuta, nirekiko mesfidati hasieran.

Feminismoaz zer zekiten eta berdintasunaz zer pentsatzen zuten galdezka, segituan hasi ziren Tiktokeko bideoren batean ikusi zituzten argumentuak errepikatzen: gauza bat dela feminismoa eta beste bat feminaziak; berdintasuna jada existitzen dela, baina aitortu behar dugula emakumeek hobeto egiten dituztela lan batzuk eta gizonek beste batzuk; berdintasuna nahi badugu, polizia eta suhiltzaile izateko probek berberak izan beharko luketela; gizonezkoak justiziaren aurrean zaurgarri daudela feminazien erruz; eta, noski, emakumezko futbolariek ez dutela gizonezkoek adina kobratzen, txarrak direlako.

Behin hasierako shock-a pasata, nire hamaikakoarekin irten nintzen zelaira. Eta, besteak beste, galdetu nien: “Borja Iglesias eta Messi maila bereko jokalariak dira?”. Txiripaz nekien Iglesias delakoak Celtan jokatzen zuela, bezperan kafea hartzera joan nintzen tabernan kirol-egunkari bat gainetik irakurri nuelako, baina inpresioa egin zien mutikoei Barçako eta Real Madrileko jokalariez aparte futbolari gehiago ezagutzen nituela jakiteak. Hor sartu nituen poltsikoan, eta hasi ziren beren defentsan akats larriak egiten eta gola ate propioan sartzen.
Kontua ez da bi ordu haietan lau misogino potentzial domatu nituela, ez eta nire pedagogiarako gaitasun liluragarriekin berdintasunaren aldeko bideaz konbentzitu nituen ala ez. Kontua da ni etxera itzuli nintzela pentsatzen egia zela, ezin zirela emakumeen eta gizonezkoen futbola alderatu. Ez zaitez bentajista, izan irakurle, nik ere badakit merkatuaren balantza noren alde dagoen nabarmen oraindik, ez naiz ari horretaz.

Dokumental bat aipatu zidaten gazteek: Un equipo llamado España. Beste dokumental bat ikusi dut nik: #Seacabó: diario de unas campeonas. Bietan dira protagonista Espainiako futbol selekzioko jokalariak, eta biak dira txapeldun, aurrenekoak Eurokopakoak eta bigarrenak mundukoak. Eta, halere, biak berdin izanda, oso bestelako istorioak biltzen dituzte bi filmek: aurrenekoan gorazarrea, anaidia eta ospakizuna dira; bigarrengoan ahizpatasuna ageri da, jakina, baina halabeharrez egoerak inoiz baino lotuago egotera bultzatu zituelako neskak.

Egunotan izan da Rubialesen aurkako epaiketa, eta Jenni Hermoso ikusi behar izan dugu epaitegian azaltzen onartu gabeko muxu hark sortutako egoera biolentoak zer eragin dion. Duela aste batzuk ikusi dugu Elisa Mouliaa aktoreak nolako mespretxuak jasan behar izan dituen epailearen partetik, eta ikusi ditugu biak, Errejon eta epailea, ekipo beraren parte izaten. Ziur Rubialesek ere hamaikakoa duela bere atzean, anaidiaren taldean, justifikatu nahian nagusi batek bere langileari emandako onartu gabeko muxu bat.

Ez dut futbolaren kontra debalde hitz egingo, baina botereaz hitz egiteko baliatuko dut aurrerantzean. Oraingoz joko-zelaian geratzeko prest gaude eta.