Frankismoaren bilobaren gutuna

Amak kontatzen du Franco hil zen egunean bere amamak –nire birramona– txanpain botila bat ireki zuela, eta ikurrin-soineko bat atera zuela armairutik amak jantzi zezan eta horrekin kalera irten zedin ospatzera. Nire amak, orduan, 8 urte zituen eta Algortan bizi ziren denak, nahiz eta Bilbotik zetozen. Aitite gerrako semea da, 36ko uztailean jaioa, eta guda garaian hirian bizitzearen miseriak gogoan ditu oraindik. Bere aita preso eraman zuten Kantabriara, eta heriotzaz libratu zen arren, ez zuen erraza izan lana lortzea ondoko urteetan. Birramonak amari ikurrin-soinekoa atera zion etxe berean egiten dut lo orain astean behin, lanagatik Algortan geratzen naizenean.
Baina berez, bizi, Lasarten bizi naiz, noizbait aitona eta amonaren etxea izan zen etxe berean. Orain dela gutxi joan naiz hara: bosgarren belaunaldia izango naiz bertan. Etxea atontzen ari ginela aurkitu ditut Bilboko birramonaren ikurrin-soinekoaren garaikidea den ikurrin bat, eskuz egina, neurriak ongi betetzen dituena, oihaletan bildua, altxor preziatu bat balitz bezala. Aurkitu dugu, halaber, metalezko kutxa bat, eta lagunari esplikatu diot aitonak behin eta berriro kontatzen zigun istorioa. Antza denez, gerra herrira ailegatu zenean, aitonak eta haren familiak ihes egin zuten eskualdeko baserri batera, baina haien izeba geratu zen etxea zaintzen. Gau horietako batean frankistak sartu ziren indarrez etxean, eta aitonaren izeba gela batean giltzapetu zen, beldurrez. Biharamunean, soldaduek ihes egin zuten, baina odoldutako maindireek eta metalezko kutxa hark betiko utzi zuten noizbait etxea okupatu zutenaren lorratza. Orain, kutxa hori bera daukat etxe horretan bertan, nahiz eta ordutik bi belaunaldi pasatu diren.
Egunotan Algortako aitite eta amama Lasarten izan dira, eta gurasoekin joan dira zinemara Karmele ikustera. Igande-bazkari batean aititek galdetu dit ea nire belaunaldikoek ikusi eta ulertu duten filma. Esan diot pentsatzen dudala baietz, eta berak ihardetsi iruditzen zaiola gazteok pentsatzen dugula diktadura historia aurrean gertatu zela, eta ez duela mende erdi. Egiari zor, lagunartean hitz egin izan dugu naturalizatuta dugula gure gurasoak frankismoan jaio zirela eta hamarkada bat horrela bizi izan dutela, diktaduran, besteak beste ikastoletan modu klandestinoan ikasten, aitak bezala. Are gehiago, naturalizatu dugu gure aiton-amonak 40 urtez bizi izan zirela erregimen faxista batean. Nire familia ez zen bereziki politizatutako sendia izan, eta, halere, erbestea eta kartzela ezagutu zituzten; beraz, pentsa zenbateraino dugun haragituta.
Eta normaltzeaz ari, noizbait frankistek metalezko kutxa utzi zuten etxe bereko balkoitik ari naiz orain herriko plazara begira, eta ikusi ditut berrogeita hamar ertzain legeztatuta dagoen alderdi faxista baten informazio karpa zaintzen ostiral arratsalde batez. Eta nire buruari galdetzen diot ea naiz eta agerraldi horrek ostiral arrunt bateko plazako ohiko dinamika –haurrak jolasean, helduak poteoan, gazteak pipak jaten– erabat aldrebestu duen, iritzi publikoak ez ote duen gehiegi aztoratu gabe normaldu iragan hartatik datorren diskurtso erreakzionario horiekin elkarbizitza.