Fibrosi kistikoaren aurrean… bixi!

Fibrosi kistikoa gaixotasun ezezaguna da askorentzat. Eta jakina da ezagutzen ez dena ez dela existitzen. Gaixotasun kronikoa eta hereditarioa da fibrosi kistikoa. Gainera, osasun-arazo larriak eragiten ditu, batik bat, biriketan eta digestio-sisteman. Euskadin, gutxi gorabehera, 180 pertsonak pairatzen dute.
Tratamendu desberdinak aurrera eraman ahal izateko, gaixoengan ez ezik, familiako kideen artean ere edozenbat gorabehera sortzen ditu, kasuan kasuko tratamenduak eskolarekin eta lanarekin uztartzeari dagokionez, gehienbat.
Gaixotasun degeneratiboa eta ziurtasunik gabekoa ere bada. Horrek berarekin dakar zaintza berezia eta gaixoek 24 orduko laguntza behar izatea sarritan.
Hain zuzen, fibrosi kistikoa bistaratzeko helburuarekin sortu da Bixi ekimena, zabalagoa den plataformaren baitan, eta Arnasa nahiz FQ Euskadi erakundeen osagarri. Plataformaren gaineko informazioa https://www.bixi.eus/ webgunean jaso da.
Bada, Bixi ekimena ekimen solidarioa da. Uztailaren 26tik abuztuaren 7ra, Bruselatik Ondarroarako bidea bizikletan egingo dute Seber Uribe Aranburu ondarrutarrak eta bere kideek. Asmoa hauxe: Bruselan, Europar Batasuneko erakundeetan, eta bidean zehar aurkituko dituzten hainbat hiritan gaixotasunaren berri ematea eta behar bezalako babesa eta laguntza eskatzea.
Zinez, garrantzitsuak dira horrelako ekimenak, erakunde desberdinei gogorarazteko euren egitekoen erdigunean pertsonak jarri behar dituztela beti. Biba zuek eta bixi!