Fernando Velazquez: “Agertoki gainean dago festa, eta nik ez dut galdu nahi”

Biolontxeloarekin hasi eta gure herriko musikagile eta orkestra zuzendari sarituenetako bat izatera heldu da Fernando Velazquez (Getxo, 1976). Azken urteetan, Ura bere bidean ikuskizunean dabil murgilduta.

Ura bere bidean 2024ko urriaren 25ean eta 26an izango da; sarrerak salgai jarri zituzten egunean bertan agortu ziren, urtarrilean.

Egia esateko, bai. Zoragarria da urtez urte deialdia handitzen doala ikustea eta sarrerak hain azkar bukatzea. Gainera, jendeak artistei eta errepertorioari miresmena diela erakusten du horrek. Formatua ulertu eta gozatzen dute. Zoragarria da.

Kontzertua prestatzen hasi zarete dagoeneko?

Errepertorioa itxi bezain laster hasi ginen abestien konponketekin. Egongo diren sorpresa eta gauza bereziak prestatzen ere hasi gara. Dena ez da kartelean agertzen! Duetoak, orkestraren ukitu bereziak…

Orkestra sinfonikoa herritarrei gerturatzeko balio izan du kantu ezagunak eta artista ezagunak batzeak?

Egia da formatu horren bidez orkestra sinfonikoa jendearengana hurbiltzen dugula. Baina ez dugu intentzio horrekin egiten, intentzio pedagogikoarekin baizik, eta zerbait ederra sortzen saiatzen gara. Egiteko gai garena erakutsi eta ospatu nahi dugu, mugarik eta konplexurik gabe. Orkestra batean denak du tokia. Orkestra batekin edozer egin dezakezu, eta horri artista handiak batzen badizkiozu… Orkestra bat martxan ikusita konturatzen gara gure kulturako mirari handienetakoa izan daitekeela.

Konpositorea, musika sortzailea, orkestra zuzendaria, konponketak egiten dituzu… Non zaude erosoago?

Denean; betiere, sorkuntza tartean badago. Hutsetik sortzea gustuko dut, nahiz eta oso zaila izan batzuetan eta indar handia jarri behar den. Eta agertoki gainean ere oso gustura nago orkestra zuzentzen. Hor dago festa, eta ez dut festa hori galdu nahi.

Goya eta Feroz sariak irabazi zenituen 2017an, Un monstruo viene a verme pelikulako musika sortzeagatik. Grammy sari bat ere irabazi zenuen 2022an Jorge Drexlerren El plan maestro kantuan egindako konponketengatik… Sariek laguntzen dute?

Bai, asko laguntzen dute, eta noski eskertzen direla. Hala ere, garrantzitsuena atzean dagoen lana da. Eta lan hori egitea da dibertigarriena. Nik nire lana eskolan antzeko gauzak egiten nituenean bezala sentitzen dut. Baina, sarietara itzulita, nire ustez, ilusio berezia egiten dute lankideek edo lankidez osaturiko epaimahaiek emandakoek. Lanbide bereko kideek atzean dagoen lana aitortzen dizutenean… asko eskertzen da.

Pelikula edo telesail baten musika sortzea eskatzen dizutenean, nondik hasten zara?

Aldi bakoitzean modu ezberdin baten hasten naiz… Proiektu bakoitza oso ezberdina da. Batzuetan, pelikula bukatuta dagoenean, bukaeratik hasten naiz, eta beste batzuetan, irudirik gabe pentsatu behar izaten da musikan. Gidoia ulertu eta galdekatu behar duzu. Pelikula ikusi bai, baina zuzendariak zer egin nahi duen ulertzea da garrantzitsuagoa. Batzuetan, itsu baten moduan makilarekin jo behar diozu, ea asmatzen duzun.

Raphael, ETS, Pasion Vega, Doctor Deseo, El Drogas, Zea Mays… Oso profil ezberdineko musikarientzat produzitu duzu. Askotariko profil horiek lana baldintzatzen dute?

Artista oso ezberdinekin lan egiteak baldintzatu baino gehiago animatu egiten nau. Elkarlanak planteatzen ditugunean, gauza ezberdinak egiteko izaten da. Artista gehienek eremu berri batera doazela ikusten dute, dibertigarria dena, eta euren ibilbiderako aberasgarria izan daitekeena, gainera. Suspergarria da niretzat.

Eta hori guztia biolontxelo batekin hasi zen…

Nik izan nuen lehen musika-tresna izan zen. Etxean anaiak gitarra bat zuen, eta noizean behin lapurtu egiten nion. Kontserbatorioan lekua zegoen biolontxeloa jotzeko, eta horregatik hasi nintzen. Biolontxelista izateak asko lagundu nau nire ibilbidean. Orkestran jotzeak orkestra hori barrutik ondo ezagutzea ahalbideratzen dizu. Musikaren ikuspegi oso organikoa ematen dizu horrek.

Musikaria izan ez bazina, zer izango zinateke?

Musikaria izatea erraza da. Edonor izan daiteke. Beste gauza bat musikari profesionala izatea da. Baina zerbitzaria izan zaitezke eta musikaria ere bai, edo garbitzailea eta musikaria. Hala ere, esango nuke irakasle izatea gustatuko litzaidakeela. Edo kultura ikertzailea. Kultura eta sorkuntza maite ditut. Baina musikari profesionala ez banintz, musikari amateurra izango nintzateke.

Zerk motibatzen zaitu lanean?

Bideak eta helmugak. Helmugak estimulatzen gaitu, normalean, irauten duen zerbait egiten dugulako. Grabatu egiten dugu emaitza, eta nik eta ikus-entzuleek gozatu dezakegu. Baina prozesuaz gozatzen ikasi dut.

Zein amets bete nahiko zenuke?

Agian, ametsa amets hau betetzen jarraitzea da. Egiten dudana oso dibertigarria da eta asko gozatzen dut. Jende eta artista zoragarriekin lan egiten dut. Hau egiten jarraitu nahi dut, sortzen, eta publikoaren babes hori jasotzen. Publikoak ematen digu arnasa.