Fernando Baptista: “National Geographicen hasi nintzenean, beldur nintzen ez ote nuen neurria emango”


Munduko diseinatzaile onenaren saria jaso berri du Fernando Baptista (Bilbo, 1965) bilbotarrak. Azken bi hamarkadak National Geographicen eman ditu lanean, eta gaur egun, 2026an erakunde ospetsu horrek Washingtonen irekiko duen museoko prestatze-lanetan murgilduta dago.
Society For News Design elkarteak munduko diseinatzaile onena izendatu berri zaitu; zer da horrelako aitortza bat jasotzea?
Oso ondo sentitzen naiz 33 urte grafikoekin lan egiten eman ostean, estilo berdinarekin jarraituz. Izendapen hori nire ibilbideko gorena izan daitekeela dirudi.
Eta nola eman zenituen zure lehenengo pausoak Bilbon?
EHUn Arte Ederrak ikasi nituen, Pintura espezialitatea, eta marrazketan oinarrituriko bi urteko doktoretza egin nuen. Nire helburua tesia egin eta unibertsitatean irakasle izatea zen. Bilboko Begoña eta Zurbaran auzoetan pintura eskolak eman nizkien umeei, eta, ondoren, freelance aritu nintzen, ilustrazioak, standen diseinuan, erretratuak egiten, margolanak egiten… 1993an, El Correo egunkarian hasi nintzen lanean, eta han ikasi nuen infografiaren mundua; kazetaritza arloa eta diseinua. Irakasle izateko helburua alde batera utzi nuen orduan, nahiz eta azken urteetan EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterrean eskolak ematen ari naizen. Hasierako planera bueltatu naiz, azkenean.
2007a ezkero, National Geographic erakundean ari zara lanean; nolakoa da horrelako ikono erraldoi baten lan egitea?
Hasi nintzenean, beldur nintzen ez ote nuen neurria emango. Askorentzat munduko aldizkaririk onena da, eta bikaintasunaren bilaketa horretan presioa sekulakoa da. Dena milimetrikoki ondo antolatuta egoteak harritu ninduen; batzarrak, aditu ugarirekin elkarlana eta egunkari batean baino denbora gehiago izate horrek. Egin zuten lehena grafikoendako ikertzaile bat eskaintzea izan zen. Orduan konturatu nintzen zer-nolako ikerketa eta zehaztasun maila bilatzen zuten; denak perfektua izan behar zuen.
Egin dituzun infografia eta ilustrazio guztien artean, baten bat bereziki gogoratzen duzu?
Zaila da bakarra aukeratzea, baina, agian, Pazko uhartearen grafikoa izango litzateke. Moai erraldoiak harrobitik azken helmugaraino nola eramaten zituzten azaldu genuen aldizkarian. Aldizkarirako egin nuen lehen azala izan zen, eta horretarako Hawaiin egon nintzen, moai bat korden bitartez mugitzeko esperimentuan parte hartzen. Esperimentua bikain atera zen eta estatua mugitu egin zen. Oso berezia izan zen harri erraldoi hura mugitzen ikustea kordatik tiratzen nuen bitartean.
Aldamenean ilustratzaile- eta diseinatzaile-talde handia izango duzu… Talde-lana da funtsa?
Papererako egiten dudan lana nahiko bakarkakoa da, egia esateko; infografiaren kontzeptua proposatzen dut, eta ondoren, diseinua eta ilustrazioa egiten ditut. Proiektuaren ikertzailearekin batera lan egiten dut. Hura informazioa biltzeaz eta adituekin egoteaz arduratzen da. Gero, kazetari batek gure lana berrikusi egiten du, copy editor batekin batera. Animazioetarako, bideogintzan aditua den laguntzaile bat dut, eta eszena zailenetarako 3-4 pertsona egoten dira aldi berean lanean. Gainera, arte saileko lankideek ere laguntzen didate.
Infografia bat egiten duzunean, aurretik tokia bisitatzen duzu?
Batzuetan. Zortea izan dut, eta Jerusalemen, Perun, Amazonas oihanean, Hawaiin, Parisko Notre Dame katedralean, Turkian eta Pasaian –euskal baleazaleen grafiko bat egiteko– egon ahal izan naiz. Nire lanaren alderik onena da, zalantzarik gabe. Hala ere, estresagarria da, dena oso ondo prestatuta eduki behar duzulako, adituen informazioa jasotzeko eta erreferentzia bisualak ondo jasotzeko.
Bete nahi duzun erronkarik baduzu? Modalitate edo formatu berriak probatu nahi dituzu?
Nire ibilbidearekin oso pozik nago, egia esateko. Mota askotariko grafiko eta animazioak egin ahal izan ditut, baita interaktiboak ere. Gaur egun, sare sozialetarako lan egiten ari naiz, bereziki: Instagram eta Tiktok. Oso ezberdina da lana, oso ondo zuzendua izan behar duelako. Denbora librean animaziozko proiektu pertsonal bat egin nahiko nuke; zientzia fikzioan, batez ere.
Washingtonen National Geographicek irekiko duen museoaz zer aurreratu dezakezu? Parte-hartze garrantzitsua izango duzu, ezta?
Esplorazioaren museoa irekiko du National Geographicek 2026an, eta urte batzuk daramatzagu eraikinean jo eta ke lanean. Mundua deskubritzeko espedizioa batean murgilduko dira bisitariak. Nire proiektuen pausoak erakusteko –hasierako marrazkiak, erreferentziazko modeloak eta bukaerako piezak–, urtebete baino gehiago daramat lanean. Niretzat ametsa da proiektu horren parte izatea. Txandakatzen joango diren sei proiektu aukeratu ditugu, eta, apurka, berriak gaineratzen joango gara.
Konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure zaletasunen bat.
Komikizale amorratua naiz umetatik, eta bilduma handia dut. Egunero irakurtzen dut baten bat. Komikiek, nola edo hala, nire ibilbidean lagundu egin didatela uste dut; batez ere, grafikoekin.
