Fermin Etxegoien: “Geure burua jipoitzen dugu ikaragarri”
Bizipen linguistiko diglosikoari buruzko hausnarketa da Totelak eleberriaren ildoetakoa. Eta, bestalde, musikari eta musikazaleentzat argibide eta xehetasun bikainak bildu ditu Fermin Etxegoienek, musikaren historian aski ezagunak diren kantuak eta taldeak hizpide hartuta.
Eskerrik asko, Fermin, eta ongi etorri TTAPera.
Ez horregatik, ohorea niretzat.
Jakin badakizu kultur ekoizpenez ari garenean artefaktua hitza modan jarri dela. Eta neronek liburua irakurtzen nioen: “Uau, zer da hau?”. Egin duzun lanari aitortza eginez, zer da hau, Fermin?
Ez dakit gehiegi gustatzen ote zaidan artefaktu hitz hori. Gure lagun batek, liburuan maiz agertzen den ilustre batek, zioen: “Aizu, badaude instrumentuak eta artefaktuak”. Alegia, musika instrumentu guztiak ez daudela maila berean.
Galderari iskin egin didazunez, sartuko gara liburua aztertzen.
Ez, ez. Barkatu, Joni. Artefaktua bada. Liburua bada artefaktua.
Badira bi istorio, amaiera aldera elkartzen direnak. Funtsean, hizkuntzari buruzko literatur pieza bat da, baina musikak tarte zabala hartzen du. Eta niri ezinezkoa zait 25 minutuko elkarrizketa bat antolatzea, ertz asko dituelako zure azken liburuak.
Hizkuntzari buruzkoa bada, noski. Baina nik esango nuke bizipen linguistikoari buruzkoa dela. Idatzi nuen lehendabiziko liburua saiakeratxo bat zen, Neurona eta zeurona izenekoa, eta hura idazten ari nintzen ustez estanpa edo argazki moduko batzuk idatziz, elkarren artean zerikusirik ez zeukatenak. Eta halako batean etorri zitzaidan argia. Une epifaniko horietako bat non esan nuen: “Aiba dio, bizipen linguistikoa zera da: bizipen estetikoa”. Eta orduan banuen hor aterki bat, esandako guztiak batuko zituena. Ez ditut inoiz abandonatu bizipen linguistikoaren inguruko hausnarketak. Eta are gehiago esango nuke, bizipen linguistiko diglosikoaren hausnarketak.
Gu euskaldunak gara, baina euskaldun-erdaldunak, erdaldun-euskaldunak… Gutxienez, bikoiztasun baten araberako euskal hiztunak gara. Hori esploratzen dut norabide askotan. Norbait agertuko da nobelan esanez euskalduna izateko ez dela beharrezkoa euskaraz jakitea, eta beste batek esango du, ez. Barkatu. Euskalduna izateko ez da nahikoa euskaraz jakitea, ez baduzu zeure buruarekin hitz egiten, ez zara euskalduna. Izango da norbait euskaraz badakiena, baina ez zara euskalduna. Beraz, saiatzen naiz bizipen linguistiko diglosiko horien inguruan hainbat kontu mahai gainean jartzen. Tartean, hala-moduzko fikzioa dago.
Gure mugak, ezinak, argiro agertzen dituzu Totelak eleberrian: Espainolaren eta frantsesaren oihartzun ozena. Bertatik datoz euskaldunon ezintasunak. Euskararen oihartzuna ez entzutetik.
Ebidentziak dira, begi bistako kontuak dira, baina ez dira aipatzen, nire ustez. Kontrakoa aipatzen da, geure burua jipoitzen dugu ikaragarri euskaldun ez nahikoak garelakoan. Nola izango gara euskaldun nahikoak? Jasotzen ditugun input gehienak, %99an, erdaldunak baldin badira? Eta gero entzuten dugu:”Katalanek lortu dute, guk ez dugu lortu”. Nola ez zuten lortuko gure aldean gaztelania eta katalana lehengusu propioak baldin badira? Alde horretatik, poltsikotik ateratzen ditut Soziolinguistikako Klusterrean onartuko ez lituzketen hainbat kontzeptu, sasi-kontzeptu, hala nola oihartzuna edo inkontziente linguistiko kolektiboarena. Zer gara gu? Euskaldun kontzienteak gara, baina izango bagina inkontzienteak? Seguruenik, hainbat hobe, duela ehun urtekoak zirenen antzera. Eta normala da kontziente izatea eta ez inkontzientea. Inkontziente kolektibo linguistiko batek bizi baldin gaitu, erdaldunagoa delako euskalduna baino. Horregatik, gure erregistroak infinituak dira. Baina ez al da normala? Zer egin behar dugu horren aurrean, geure burua jipoitu? Edo hortik aurrera reset modukoa egin eta gauzak beste modu batez aztertzen hasi? Oihartzunari buruz, gauza bera. Zer da hizkuntza, oihartzuna ez bada? Muturreko galdera litzateke, hizkuntzak benetan ikas daitezke? Prozesu intelektual baten araberako emaitzak dira edo errepikapenaren errepikapenez norberak bereganatzen dituen egitate mentalak edo kulturalak? Eta hor ere eduki nuen beste epifania moduko bat da, Oñatiko lagun batekin hizketan ari nintzela. Zeren eta ni Oñatiko euskerian ez naiz ona, ez daukat doinua behar bezala hartuta, gure belaunaldia ikaragarri erdalduna izan zelako. Historiako erdaldunena, alegia. Gu baino zaharragoak baziren gu baino euskaldunagoak, eta gazteagoak baita ere. Oñatin nola eman zaion buelta miragarria da, baina, agian, Oñatin baino ez da gertatu, 5.000 biztanletik gorako herrien artean. Lagunak askotan esaten dit: “Oñatin ez da horrela esaten!”. Eta pertsona hori azken urteetan bizi izan da Hondurasen, Norvegian… Halako batean, etorri zitzaidan, eta badakit gauza sinplea dela eta, agian, begi bistako aurkikuntza, baina esan nion: “Keltze –horrela deitzen baita–, zuretako euskeria oihartzun bat da. Oihartzun bat da. Zuk badakizu zela esan biozun esan biozuna, oihartzun bat delako. Eta netako ez da oihartzun hori”.
Orduan, batuaren bitarteko euskararen oihartzuna ozena da? Ez da ozena.
“Bikoiztasun baten araberako euskal hiztunak gara“
Horri lotuta, liburuan aurrerago aipatzen duzu euskararen batasuna egina dagoela, “baina hiztunen arteko konpaktazioa ez”.
Bai, beste kontzeptu bat duela 20-30 urte askotan ibiltzen genuena. Kafe Antzokian eta Zenbat Garan. Zertarako egin zen Kafe Antzokia? Euskaldunen arteko konpaktazioa lortzeko Bilbon, Euskal Herrian, munduan. Hori zen gure helburua; orain, erabileraren inguruan ari gara eta konpaktazioaren kontzeptua bazterrean bezala gelditu da, baina ebidentzia bat da. Badakizu, Twiterren eta halako diskusioetan ibiltzen gara Pipi Zabala, Lander…: “Garbizaletasunari eutsi behar zaio, neurri batean”, “Bai, baino ez. Euskañola onuragarri litzateke, espainola erabil genezake euskara erregistro desberdinen arteko aglutinazio modura“… Horrelako eztabaidak. Eta guztizko egia ez dago, ez hemen eta ez han. Testuinguruaren arabera. Berria-rako artikulu bat edo telesail bat bikoiztua ez dira gauza bera. Ez dugu ezer egiten, alde horretatik. Adibidez, telebistak ez du ezer egiten alde horretatik. Telebistetako zuzendaritzan egongo banintz, fikzioko gauza guztiak hortik abiatuta egingo nituzke.
Hip-hop musika eta argota aipatzen dira liburuan…
Jar naiteke garbizale, testuinguruaren arabera kontrakoari ere eutsi behar zaio. Argota dela eta, esaten dena da: argota zer da? Bere horretan da jende gutxi batek baino ulertzen ez duen ideolekto bat, hizkuntza pribatu moduko bat. Euskaraz aritzerakoan ez ote da berez horrelakorik gertatzen? Sentsazioa ez zarela jende guztiarengana ailegatzen, baizik eta ez talde murritzago baten baitan ari zarela, ezta? Horrek balioko luke, behintzat, esateko: “Bueno, ari naiz modu murritzago batean, baina argotaren bitartez modu gustagarri batean ere ari ninteke”. Gauza homeopatiko moduko bat, baina hor ez dago tesi sendorik. Hori da pertsonaia batek halako batean botatzen zuena, aurreikusiz zer datorkigun. Eta ikusten ari gara, zer da Chill Mafia?
Liburuaren amaieran pertsonaien artean eztabaida sutsuak agertzen dira. Halako batean, talka handi bat dago, eta Negu Gorriak taldearen kantua etorri zitzaidan burura. Nere baitan daude biak, zapaltzailea eta zapaldua, dio kantuak. Talka hori irudikatzen da ondoan Gizon bidaiariak eta Marga izeneko protagonistetan. Era berean, irakurlea protagonista batekin identifikatzen da eta baita bestearekin ere.
Eta biekin batera. Zeintzuk lirateke muturretan dauden kontzeptu nagusiak? Bat botako dut: hizkuntzaren eta aberriaren aldeko diskurtso bat, nagusi dena eta zeinak esaten duen euskaldun-euskaltzale konprometitua inoiz ez dagoela oker. Horrek emango balizu Aita Santuaren infalibilitatea edo hutsezintasuna. Baldin bazara euskaltzalea, euskararen alde baldin bazaude, engaiatua baldin bazaude, nolabait beti zaude zuzen. Badakizu, Busturian nahiz Tuteran. Mutur batera baldin bagoaz, hori genuke. Eta beste muturrean kontrakoa genuke: diskurtso axiomatikoa, izan nahi ez duena. Ez dago axiomarik eta dena kontestuala da. Eta orduan aitortu behar da zer den Bilbo, zer den euskara, zer den euskal izaera Bilbon, zer den Oñatin, zer den ez dakit non. Ulertzen dut axiomatikoa ez den diskurtsoaren bitartez euskarak kaput egingo lukeela. Euskal nazioak, aberriak kaput. Horrek nora eramaten gaitu? Nire kasuan, jakin nahi izatera zein den nire kontratua euskararen aldeko diskurtsoarekin eta baita ere neure buruarekin. Zein da nik neure buruarekin nahi dudan kontratua? Axiomatikoa den erabateko diskurtsoa? Ez, ez zait interesatzen. Bestaldean dagoena? Ezta ere. Kondenatzen ari naizelako heriotzara, bai euskara bera, baita euskal nazioa dena delakoa… Ez dakit ulertu den.
“Gutxienez, bikoiztasun baten araberako euskal hiztunak gara”
Eztabaida horietan irakurleak zeure burua behin baino gehiagotan ikusiko du. Fermin Etxegoien agertzen baita eleberrian zuzenean, zeharka… Batzuetan, Kafe Antzokiko kazetaria zara; beste batzuetan, Ruperren lagun bezala definituta agertzen zara; eta baita izen eta abizen eta guzti.
Keinutxo bat da, autofikzioa dela eta. Batzuen ustez, hain deitoragarria! Eta niri iruditzen zait gehien maite dugun literaturaren oinarrian dagoela autofikzioa.
Probokatzaile, agian?
Ez da alde probokatzaile horrek gehien harrotzen nauena. Exhibizionismoa, zergatik ez?
Bilborocken gaude; adin bat badugunok beste Bilborrock bat ezagutu genuen. Zu ezagututa, gusturago egongo zinateke Bilboko Kafe Antzokian, katedral bat zuretzat eta denontzat. Hamargarren galderan gaude eta ez dugu Ruper Ordorika oraindik aipatu. Eleberriaren giltzarrietako bat Ruperren musika da, eta haren musikaren inguruan egiten dituzun hausnarketak. Gau zoragarri bat bizi izan genuen Bilboko Kafe Antzokian, Bernardo Atxagak eta zuk zeuk gidatuta. Gala modukoa izan zen, Ruper Ordorika omentzeko baliatu zenutena.
Izar and Star zikloa Jerry Corral hemengo kazetari historiko baten ideia izan zen. Artista baten bertsioak egiten dira ziklo horretan. Normalean, kanpotarrak izaten dira.
Oraingoan, ordea, etxekoa aukeratu zenuten.
Baina Ruper ez zen etorri. Gonbidatuta zegoen. Eta niri esan zidan: “Baina nola joango naiz? Publikoan egongo naiz eta jende guztia niri begira ea nola erreakzionatzen dudan?”.
Entzuleen edota irakurleen artean ez dakit zenbat izango diren gau hartan bertan izan zirenak. Neuk neure burua ez dut oso euforikotzat hartzen, eta, gainera, gauzak oso serio hartzen ditut. Euforiko irten nintzen, gogoangarria izan zen.
Kafe Antzokia izan da gauza euforiko bat. Eta Bilbo bera hiri euforiko bat da. Bilbon bada euforia. Euforiko dira eta ez bipolarrak, eta ez dut hori arinki erabili nahi. Kopa galdu, eta hurrengoan hasten dira esanez: “Bueno, galdu dugu, baina, agian, gu gara munduko galtzailerik onenak”. Badaukate euforia hori. Eta hori ondo dago. Eta hori kutsatu egiten da. Liburuan egiten da horri buruzko aipamen bat. Ruperren ekitaldi historiko horiek, urtearen amaieran egiten den kontzertua eta nobelan aipatzen dudana, euforiara eramaten gintuzten. Nola deituko diogu horri klixeetan erori gabe? Klixeetan eroriko naiz: moderno, eta eklektiko, eta euskaldun noranahiko eta urbanita eta horrelako tontokeriak…. Hori guztia benetan sinesten genuela pentsatzen dut.
Musika aipatzen hasita, liburua patxadaz irakurri beharrekoa da. Musika aipamen asko egiten dituzu. Xehetasun handiz aztertzen dituzu hainbat kantu, ez bakarrik Ruper Ordorikarenak. The Beatles, Cohen… Musikazale modura musikara gerturatzeko ezinbesteko liburua dela iruditzen zait. Gauza da ezinezkoa izan zaidala liburuaren orrialdeak besterik gabe pasatzea. Tarteka geratu eta irakurtzen ari nintzen hori entzuten jarri naiz. Pantailara jo dut, Youtubera, Spotifyra… Oso ariketa polita izan da. Jakinduriaz bete gara, zure liburuari esker.
Eskerrik asko; egia da Internetek asko laguntzen duela. Elvis Costeloren biografia irakurtzen gauza bera gertatu zitzaidan. Irakurraldi lagundua izaten da.
Badira eztabaida arinagoak, ez dira denak sakon-sakonak.
Kar, kar.
Herri musika vs kontserbatorioko musika. Izan ere, do-la-fa-sol notak jota mundua konkistatzera iritsi ziren Beatlesak. Eztabaida eternoa.
Bai, horrela da. Gauza asko esan genezake, noski, baina horren inguruko hausnarketa pila bat dago. Adibideak jartzen dira, Ruper bera jartzen dugu noranahiko izan daitekeen artista baten adibide edo erakusgarri gisa. Eta hor badago beste paralelismo bat, euskara dela-eta, lehen aipaturiko inkontziente-kontziente jokabide horrekin. Txet musikari zaputz edo frustratu horri gertatzen zaio akademiatik datorrela, kontserbatoriotik datorrela. Eta, funtsean, musikari inkontziente izan nahi luke, bere burua askatu, Blowin’ in the wind do-fa-sol nola ez…
Edo do-sol-la-fa So lonely izan zitekeen; izan ere, oso lonely dago.
Eta hor dago, tenkatuta. Bi ildo narratiboak oso bestelakoak direla dirudi, baina, seguruenik, gauza beraren inguruan ari gara. Arrazionalitatea eta sena, azken finean. Hori baino gauza eternalagorik ez dago, seguruenik.
Badira idazkeran deigarri egin zaizkidanak: txatxatxan behin agertzen da, jajaja askotan. Eta a tomar por culo ere irakur daiteke. Eta hori lotzen dut bukaera aldean adierazten duzunarekin. Zabar jokatu duzu tarteka, eta zuk diozu hori egin behar izan zela euskararen batasunaren garaian.
Horregatik esaten dut hori fikziozko narrazio batean, ez tesi bat modura. Ez naiz hain anbiziosoa tesi bilakatzeko, baina intuizioa bada, oso modu sinplean esanda, duela 40-50 urte batua antolatu zenean, ikusten baldin bada egoera diglosiko batean zaudela zer egin behar duzu diglosia horri aurre egiteko? Goazen euskararen barruan dagoen espainola erauztera, kentzera. Bueno, ba, agian, ez.
Era berean, tarteka, oso dibertigarria zarela iruditzen zait. Asterix eta Obelix-en komiki-liburua aipatzen ari zara, eta esaldi bat ekartzen duzu liburura. Eta jarraian parentesia: Menda menta da.
Bestela ez da ulertzen. Menda? Menda da menta!
Eskertu dut parentesi artean jarri izana. Ziotson bezalako aditz trinkoak erabili dituzu, maiz.
Eta, halako batean, bukaera aldean, imajinatuz balizko etorkizun bat, esaten dut: “Nakus bezalako aditzak modan jarri ziren”. Ikusten nau, nakus. Zein ederra, ezta?
Gauza asko aipatu gabe utzi ditugu; Unamuno bera maiz aipatzen duzu. Gustura nengoke zurekin Maserati batean edo auto arrunt batean, Zalduondorako bidean Ruperren kantuak entzuten ditugun bitartean.
Ea egiten dugun!
Eskerrik asko, Fermin. Eta zorionak!
Zuri. Mila esker.