‘Ezinbesteko Hermioneak’
Itxaso Paya Ruiz
Harry Potterren sagak mundu osoan milioika irakurle liluratu ditu, baina bere xarma ez da soilik magiaren eta abenturaren artean kokatzen. Azpian, ideologia eta balioen inguruko mezu sendoak aurkitzen dira. Horietako bat oso argia da: norberaren nortasuna ez du jatorriak zehazten, baizik eta hautuek. Baina kontakizun horietan bada hitz bat bereziki mingarria: mudblood, euskaraz odol-zikina. Voldemortek eta haren jarraitzaileek erabiltzen dute guraso muggle-en seme-alabak iraintzeko; hau da, magiarik gabeko senidedun ikasleak. Ez du zerikusirik ez ikasteko gaitasunarekin, ezta trebetasunarekin ere: jatorriak markatzen du hierarkia. Hizkuntzalariek diskriminazio hereditarioa deitzen diote horri: norbait bere jatorriarengatik baztertzea, ahalegina edo meritua kontuan hartu gabe.
Hermione Granger da horren adibiderik argiena. Hogwartseko ikaslerik azkarrena da: liburutegian orduak ematen ditu, edabeen formulak buruz ikasi eta azterketetan emaitza bikainak lortu. Hala ere, behin eta berriz entzun behar izaten du Malfoyren irria: “Sekula ez zara benetako sorgina izango”. Arrazoi bakarra dago: gurasoak muggle-ak izatea. Irudimenezko ariketa eginda, galdera berehala sortzen da: zer gertatuko litzateke Hermionek magiaren ordez euskara ikasi nahiko balu? Guraso erdaldunen alaba izanik, euskaraz ikasiko luke, gramatika menperatuko, literaturan sakonduko eta hizkuntzaren erabileran trebatuko litzateke. Baina litekeena litzateke euskaldunberri etiketaren azpian beti bigarren mailan kokatzea. Bere prosodia, zalantzak edo erdaretatik ekarritako egiturak izango lirateke azpimarratuenak eta ez bere ezagutza edo borondatea.
Euskararen errealitatean horrelakoak ez dira arrotzak. Batzuetan, hizkuntza-purismoak eta autentikotasunaren ideologiak baldintzatzen dute nola sailkatzen ditugun hiztunak. Nor da euskaldunagoa, gipuzkoarra ala arabarra? Euskaldun zaharra ala euskaldun berria? Zortzi abizen euskaldun dituena ala…? Euskaltzaindiaren hiztegiak berak esaten digu: “Agian ez dira euskaldun zaharrak bezain jatorki mintzatuko” eta “euskaldun berrien arazoak”. Beraz, komunitatearen barruan hierarkia ikusezinak agerian geratzen dira. Horrelako jokamoldeek, praktikan, hizkuntzaren etorkizuna ahultzen dute: indarrak batu ordez, zatitu egiten gaituzte.
Baina paradoxak hor jarraitzen du. Harryren abenturak berriz irudikatuta, argi dago nekez iritsiko zela amaierara Hermioneren laguntzarik gabe. Kasu honetan, Hermioneren ezagutza, grina eta ausardiarik gabe, Harryk ezingo ziokeen inoiz iluntasunari aurre egin. Eta gauza bera gerta liteke gurean: euskaldun berririk gabe, euskarak ez luke etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko behar besteko indarrik izango. Haien ekarpena, sarritan isilarazia edo gutxietsia, funtsezkoa da komunitatearen biziraupenerako.
Ondorioa, hortaz, garbia da: Harry Potterren munduak erakusten du odolaren garbitasuna mito hutsa dela, bai magoen munduan, baita gurean ere. Hermionek Harryren ondoan iluntasuna argitu zuen; gurean, euskaldun berriak dira maiz hizkuntzaren etorkizuna argitzen dutenak. Snaperen, Voldemorten eta Harryren istorioek frogatzen dute norberaren balioa ez duela jatorriak definitzen, hautuek baizik. Eta euskararen kasuan ere, horixe bera da giltza: hiztun baten zilegitasuna ez datza jatorrian, baizik eta hizkuntza hautatzeko eta erabiltzeko borondatean. Horixe da gure benetako magia: elkarrekin hautatutako bidea, ez odolean idatzitakoa.