‘Eyeliner’-aren paradoxa

June Fernandez

Komunikazio ez-sexistari buruzko tailerrak gidatzen ditudanean, hurrengo asimetria nabarmentzen dut: gizonei argazkiak ateratzeko orduan, ohikoagoa da angelu kontrapikatua erabiltzea; eta, emakumeen kasuan, angelu pikatua. Kontrapikatuak figura handitzen du eta, ondorioz, boterea transmititzen du; pikatuak, aldiz, argaldu egiten du, baina handitasuna kentzen dio pertsonari. Are gehiago, biktimizazioa adierazi nahi denean ohikoa da pikatua: esaterako, indarkeria matxista irudikatzeko argazkietan, emakumea zoruan eserita agertzen denean, kiribilduta. Kezkaz aipatu ohi dut plazandre askok angelu pikatua nahiago dutela, haien kezka nagusia kamera aurrean lodi agertzea delako. Ez da haien errua, noski, baizik eta kanon estetiko sexista eta lodifoboa ezarri digun sistema patriarkalarena.

Bada, kritikatzen dudan horretan erori nintzen, bete-betean, ETB1eko Aske maite saioan agertu nintzenean. Urduri samar nengoen, euskal telebistan harrotasun lesbikoaz eta bisexualaz hitz egiteak errespetua eta pudorea ematen zidalako. Grabaketaren ondorengo egunetan diskurtsoa zen nire kezka nagusia: “Ondo esplikatu ote naiz? Zer aterako dute bi orduko elkarrizketa luze horretatik?”. Alabaina, saioa ikusi nuenean, konforme geratu nintzen esandakoarekin; ez, ordea, irudiarekin. Lehenengo agerpenean, kamera behetik gora hurbiltzen da nigana. Indar handiko planoa da, baina ezin izan nuen alboratu pentsamendu obsesibo bat: lodi agertzen naiz.


Antzeko egoera bizi izan dut berriki Yoko ona bideo-podcastean. ARGIAn publikatu dudan erreportajeari buruz galdetu zidaten: Kamera aurrean gaztea, argala eta liraina izan behar duzu… emakumezkoa bazara. Presio estetikoak izugarri baldintzatzen du telebistako emakume kazetarien jarduna. Esaterako, haiek makillatzen eta ilea orrazten ematen duten denbora luzea kazetaritza-lana aurreratzeko baliatzen dute gizonezko lankideek. Paradoxa da nik neuk ez nuela egun hartan aurkezlearekin elkarrizketaren nondik norakoak komentatzeko astirik izan, makillaje gelan luzatu egin nintzelako. Gizonek daramatzaten hautsak soilik nahi nituela esan nezakeen, baina eyeliner-a eskatu nuen. Makillatzaileak ez zuen marrarekin asmatu, hurrengo saiakeran begiak kliskatu nituen nahi gabe… Neure buruarekiko errua eta epaia aktibatu zitzaizkidan orduan: a ze feminista inkoherentea eta txolina naizen!


Eskerrak Pierre Bordieu soziologoaren indarkeria sinbolikoa kontzeptua dudan presente, Naiara Vinkek erreportajearen abiapuntua izan zen doktoretza-tesian luze azaltzen duena. Alegia, zapalkuntza ez dator soilik kanpotik; sistemaren mekanismo maltzur bat da zapalduak berak araua barneratzea eta hautu librea balitz bezala betetzea. Gogoratu Cristina Pedrocheren soinekoak Gabon zaharretan pizten duen eztabaida: erdi biluzik agertzeko askatasuna aldarrikatzen du hark, baina ez da kasualitatea beraren hautuak bat egitea patriarkatuaren agintearekin; hots, emakumeok sexy agertu behar dugula, gizon heterosexualen plazererako.

Gure ahalduntzea eta parte-hartze soziala oztopatzea dira, hain zuzen ere, presio estetikoaren helburuak. Kanonarekin betetzen ez badugu, baztertuak izango gara –lodiak edo zaharrak bagara, ez dugu kamera aurrean lan egiteko aukerarik izango– eta, betetzen badugu ere, norberaren eta inguruaren epaiak baldintzatuko gaitu une oro. Lirain agertu nahi dugu, baina gero, haserretu egingo gara jendeak gure irudia komentatzen duenean eta ez gure diskurtsoa.