Harria taldea

Durangoko Azokan aurkeztu zuen Bergarako Harria taldeak estreinako lana, Harria diskoa. Belceblues, What A Band, Bidelapurrak, Brigada Criminal eta Bizardunak taldeetan aritutako musikariek osatzen dute taldea.

Nortzuk zarete Harria eta zein musika estilo jorratzen duzue?

Guille Sanz (bateria), Maitane Azkarate (ahotsa), Ekaitz Aranberri (gitarra eta ahotsa) eta Aitor Aldanondo (ahotsa) gara. Zuzenean aritzen garenean, gainera, Adolfo Alcocer aritzen da gitarran eta Ander Elorza baxuan. Esan daiteke rock-folka country kutsuarekin lantzen dugula.

Nola sortu zenuten taldea?

Pandemia aurretik hasi ginen etxean Maitane eta biok [Aitor Aldanondo], eta sortu genituen kantu batzuk lokalean Guillerekin grabatu genituen. Gero, Ekaitz etorri zen taldera kantu berri bat ekarrita. Hamabi abesti sortu genituenean, Fredi Pelaezen Pottoko estudioetara joan ginen, 2022 hasieran. Fredik berak egin ditu produkzio lanak. Grabaketak udan bukatu genituen.

Diskoa kaleratu berri duzue; zer dakar lehen lan horrek?

Autoekoizpena izan da eta hamabi kantu dakartza. Barrura begiratzetik, sufritzetik, lanketatik, lorpenetatik zein garapen eta moldaketa aberatsetatik sortu da. Kantu instrumentalak, rock indartsua, oinarri elektronikoa duen abestia, rock klasikoa… Egia esan, entzuleek askotariko doinuak aurkituko dituzte.

Agertokietara igotzeko gogotsu zaudete?

Agertokietara igotzeko gogoz, bai; otsailean hasiko gara diskoa pixkanaka aurkezten, eta, momentuz, entseguetan zuzenekoak prestatzen ari gara, poliki-poliki.