Euskararen Eguna

Arantxa Urretabizkaia

Euskararen Egunarekin martxoaren 8arekin bezala gertatzen zait. Beste giro batean ospatuko nahi nituzkeela, ez aldarrikapenen soilaren usainarekin. Are gutxiago, folklore bihurtuta, data zehatz baterako ospakizun. Lagun arteko afari bat, pankarta bat, adierazpen publiko bat eta kito, libre gara datorren urtera arte. Eta, halere, bi datok badira zerbait. Gogoan dut oraindik mahaitxo bat Donostiako Bulebarrean, duela 50 urte, maindire bat gainean eta maindirean Martxoaren 8 idatzita, mahaiaren atzean dozena erdi feminista. Gogoan dut emakumeon tratu gaiztoen kontrako aldarria modu berean adierazia.

Gogoan dut, halaber, Donostiako kaleetan bi neska koskor euskaraz mintzatzen eta haiekin gurutzatzen zen gizon batek “horrela, horrela” esan zezakeela, mirari hura zoriondu nahirik. Oroitzapen horrek 60 urte baino gehiago ditu.

Eta bai, bi esparru horiei dagokienez ni eta nire belaunaldikook kobazuloetatik gatoz, katakonbetatik, eta orain ez dut esango eguzki betean gaudenik, baina bai argitan.

Jakin badakit gazte askok ez duela gustuko ikuspuntu hori, segundo gutxiren buruan esango dutela horiek zahar kontuak direla. Gehiegi dagoela egiteko argi horretan goxo antzean gaudela esateko.  Ez nator bat, ezin dugu gaurko egoera behar bezala baloratu ez badugu nondik gatozen gogoratzen. Azken hamarraldietan eman dugun aurrerapausoen pareko pauso emateko gauza bagina, abenduaren 3a eta martxoaren 8a ez lirateke orain direnak.