Euskal unibertsitatea 86 urte geroago
1936ko azaroaren 18ko Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zen Euskal Unibertsitatea sortzeko Dekretua. Euzko Irakastola Nagusia izenarekin sortu zen ofizialki. Gerra zela eta, horren errektoretza, ordezkaritza- eta kudeaketa-organoak izendatzeko ardura gerogarrenerako utzi arren, erabaki zen Bilbon Medikuntza Fakultatea zabaltzea. Areago, ikasturtea abenduaren 1ean hastea erabaki zen, bai eta hasi ere. Aitzitik, frankistek Bilbo hartu zutenean, ezerezean geratu ziren fakultate hori ez ezik, dekretu bidez sortzea aurreikusi ziren gainerakoak ere.
Oñatiko, Iruñeko, Iratxeko eta Vitoria-Gasteizko aurrekari historikoak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Euzko Ikaskuntzaren jarduna eta, besteak beste, Rada, Servet, Vitoria, Eluyar eta Loyola bezalako pertsonaiak gogoan izanik, Dekretuak hilabete lehenago eratutako bi batzordeen ondorioak izan zituen oinarri. Halaber, hasieratik aurreikusi zen Medikuntza Fakultateko irakasgaien artean euskara izatea,
Belgika eta Suitzako esperientzien haritik elebitasuna ezartzeko.
Herritar guztiei ateak zabaltzeko asmoarekin sortu zen Euskal Unibertsitatea, gaitasuna izateaz gain bokazioa zuten herritarrak hautatzeko.
Euskal nortasuna oinarri, jakitate guztietan aurrerakuntza bultzatu nahi zen, Euzkadik ere aurrera egin zezan. Bestela esanda, sustraiak sendo eta adarrak luze izan behar zituen Euskal Unibertsitateak.
86 urte geroago, ez dezagun ahaztu nor garen eta nondik gatozen, argi izateko norantz eta nola nahi dugun joan.