“Euskal Herriari bira ematen dion espedizio nomada eta gaztea da Euskarabentura”

Uztailaren 1ean hasi da Euskarabenturaren bosgarren espedizioa. Euskal Herriko 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez, uztailaren 31ra arte. Euskararen erabilera sustatzeko ekimena Atharratzetik abiatuko da aurrenekoz, eta aurten, berritasunen artean, Iparraldeko gazteen presentzia askoz handiagoa izango da. TTAP aldizkaria Euskarabentura elkarteko kide eta sortzaile Iker Goñirekin eta aurten espedizio-buru den Libe Martinez de Rituertorekin izan da.

ELKARRIZKETA

Zer da Euskarabentura?

Iker Goñi: 2015ean, Euskal Herriko hainbat lurraldetako gazte batzuk elkartu ginen Boisen, kezka bati erantzunezko asmoz. Hau da, euskararen ezagutzak gora egiten zuela, baina erabilerak ez zuela aurrerapausorik ematen, eta gure esparrutik nola eragin genezakeen pentsatu genuen. Batzuek ondo ezagutzen genuen Ruta Quetzal, eta, hori eredu hartuta, Euskarabentura antolatu genuen. Euskal Herriari bira ematen dion espedizio kulturala. 125 gazte elkartzen ditu urtero, uztail osoan, eta lantaldean 30 urtetik beherako 30 lagun ere izaten dira. Esan dezakegu, beraz, Euskal Herriari bira ematen dion espedizio nomada eta gaztea dela.

Nortzuek sortu zenuten elkartea?

I.G.: Euskarabentura irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Boisen geundela, euskararen erabileran eragin nahi bagenuen onena elkarte bat sortzea zela pentsatu genuen. Hainbat lurraldetako zortzi pertsonak osatu genuen elkartea. Azken bi urteetan belaunaldi erreleboa gertatu da elkartean, baina zortzi pertsona gabiltza urte osoan egin behar den kudeaketa egiten.

Zeintzuk dira abentura horren helburuak?

I.G.: Elkarteak, Euskarabentura espedizioaren bidez, lau helburu ditu: euskararen erabilera sustatzea gazteen artean; euskaldunen arteko sare bat sortzea; Euskal Herriko ondare kulturala –materiala zein immateriala– ezagutzea eta ezagutza horretan sakontzea; eta balio osasuntsuak eta positiboak sustatzea gazteengan –bizikidetza, genero ikuspegia, turismo arduratsua…–.

Espedizio horren aurrekaria da Ruta Quetzal?

I.G.: Horretan inspiratuta dagoela esan dezakegu. Hala ere, Ruta Quetzalek beste elementu batzuk zituen, bai geografikoki, baita hizkuntzaren aldetik ere. Uste dut Euskarabentura fisikoki gogorragoa dela. Baina bai, Ruta Quetzaletik edan genuen.

Nola antolatzen da Euskarabentura moduko espedizio handi bat?

Libe Martinez de Rituerto: Espedizioa pasa eta hilabete batera bi lagun hasten dira dena prestatzen. Urte osoa uztailari begira igarotzen dute. Lo egiteko tokiak aurkitzen, gonbidatuak lotzen, otorduak antolatzen… Eta gero. 30 laguneko lantaldea eratzen dugu. Hamar begirale edo sherpa egoten dira, osasun taldea, komunikazio taldea, koordinatzaileak… Sekulako lana izaten da aurretik egin beharrekoa, baita espedizioan zehar egin behar izaten duguna ere.

Gazteak prozesu baten bidez aukeratzen dituzue; nolakoa da prozesu hori?

L.M.: Gazteek aurkezpen-bideo bat bidaltzen digute lehendabizi, minutu batekoa edo, eta hori elkarteak baloratzen du. Gero, lan potoloagoa dago. Hainbat gai daude aukeratzeko –aurten, emakumea eta kirola, euskalkiak eta euskara batua eta utopia–, eta gai horren gaineko lana egiten dute, edozein formatutan –bloga, eskultura, literatura…–. Lan horiek Eusko Ikaskuntzak baloratzen ditu. Bi bide horien arabera izaten da aukeraketa.

Zeintzuk dira aurtengo berritasunak?

Handiena hasiera izango da. Espedizioa sortu zenetik Maule izan da abiapuntua, eta aurten Atharratzetik hasiko da. Gainera, aurreko urteetan baino askoz gazte gehiago etorriko dira Iparraldetik; iazko bikoitza, adibidez. Horiek izango dira nabarienak.

Zer-nolako esperientzia izan da zuendako Euskarabentura?

L.M.: Nik lehenengo alditik parte hartu dut. Ni Tolosaldeko burbuila euskaldun hartan bizi nintzen, eta lehenengo aldiz handik ateratzeko aukera izan zen. Mundua horrelakoa ez dela konturatu nintzen, eta, gainera, etxetik kanpora gurasorik gabe hilabete bat pasatzea independentzia puntu bat hartzeko ere balio izan zidan. Norberaren ardurak bizitzeko aukera bat. Jende berria ezagutzeko ere bai. Euskal Herrira eta harreman berrietara jauzi bat izan zen niretzat.

I.G.: Ruta Quetzal gazte eta monitore gisa bizi izan nuen, eta niretzat une katartiko bat izan zen. Denbora luzez etxetik kanpora egotea, gurasorik gabe… Jende berria eta ezberdina ezagutzeko aukera izan zen. Uste dut Libek esaten duenagatik Euskarabenturak antzeko aukerak ematen dituela. Antolakuntzan gauden aldetik, Euskarabentura sekulako ikasketa izan da. Sortu behar izan genuen proiektua hasieratik, finantzaketa lortu, aurrekontua… Nire bizitza profesionalean izan dudan ikasketarik handiena izan da.

Zer garrantzi ematen diozue euskara hutsean horrelako esperientzia bat bizi ahal izateari?

I.G.: Ni bizi naizen tokia ez da euskararen arnasgune bat, eta hori Euskal Herriko beste hainbat pertsonari ere gertatzen zaie. Orduan, niretzat, inpaktu handia izan da. Hilabete oso batez euskaraz egiteko aukera eman dit, eta, nolabait, erakutsi dit Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukera ere badagoela.

L.M.: Bai da hilabete utopiko bat. Zoritxarrez, gaur egun, ez dago euskaraz ehuneko ehunean bizi daitekeen tokirik Euskal Herrian. Okinak ez dakielako edo supermerkatuko langileak ez dakielako… beti zaude behartuta zerbait erdaraz egitera. Beraz, hilabete batean harreman guztiak euskaraz sortzeko eta mantentzeko egoera utopikoa eta zoragarria da.

Zergatik gomendatuko zenioke gazte bati Euskarabenturan parte hartzea?

L.M.: 15-16 urteko gazte euskaldun guztiei gomendatuko nieke. Sekulako sarea sortzen da, harremanak sortzen dira, eta etxetik ateratzeko eta hilabete bat gauza berriak egiten bizitzeko lehen aukera ere bada. Bizitza osorako arrastoa utziko dizu Euskarabenturak.