Etxeko Lanaren Nazioarteko Eguna dela eta
Gaur ospatzen da Etxeko Lanaren Nazioarteko Eguna. Horrenbestez, merezi du etxeko lanaren inguruan gogoeta egitea. Etxeko lana norberak gauza dezake, baina baliteke enpresa bat edo langile bat kontratatzea. Etxeko lanak makina bat zeregin hartzen ditu bere baitan, hala nola garbiketa- eta lisatze-lanak, eta umeak, gaixoak, desgaitasunen bat duten pertsonak zein adinekoak zaintzeko lanak. Denek ere gure bizitzak zailtzen dituzte.
Norberak lan horiek bere gain hartuz gero, dohainik egingo ditu. Gainera, sarritan arazoak sortuko dira dohaineko lan hori eta diru-iturri den lana uztartu ahal izateko. Bikoteen kasuan, ardurakidetasuna bultzatu nahi da. Baina zaintza-lanen ondorioz batzuetan hori ere ezinezko bihurtzen da. Aldamenean bikotekiderik eta seniderik izan ezean, are eta okerrago. Halabeharrean premia desberdinak sortzen dira orduan: norberaren lanari uko egitekoa, norbait kontratatzekoa edo gaixo nahiz adinekoak etxetik ateratzekoa. Edozein kasutan, gure gizarte-ereduak oraindik ez du behar adineko konponbiderik egoera horretan dauden pertsonen diru-galera eta arazoei aurre egiteko. Administrazio desberdinek eskaintzen dituzten diru-laguntzak urriak edo denboran mugatuak dira.
Horregatik, etxeko lana oinarrizko zerbitzu gisa hartu eta babesteko sistema eratu beharko litzateke. Zinez, horrek gizarte hobe eta duina sortzen lagunduko luke. Bada, ardurakidetasunerako edo kontziliaziorako bermeak gehituko lirateke eta etxeko langileen lanbidea profesionalago eta erakargarriago bihurtuko litzateke.