Etxea beti zabalik
Bizikletaz gindoazela, Istriako mendietan harrapatu gintuen ilunabarrak. Kroazian, gero eta leku gehiagotan bezala, kanpaldi librea debekatuta dago, baina landa eremuan inori ez zaio gaizki iruditzen bidaiari batek zelaian kanpin-denda jarri nahi badu. Žejane herrixkan bertakoei galdetu genien elizaren aurreko belazean lo egiterik ba ote genuen. Iturria non zegoen azaldu ziguten, ea jateko zerbait behar genuen galdetu, eta gau ona opa ziguten. Ulertzen dut parke naturaletan eta eremu masifikatuetan agintariek kanpaldiak kontrolatzea, baina debeku orokorrek haserretzen naute, espazio publikoa murrizteko joerak, edozein giza ekintza pribatizatu eta ustiatzeko grinak, pinu baten azpian inor gogaitu gabe lo egin nahi duenarena adibidez, fitxatzeko, ordaintzeko eta kontsumitzeko obligazioak.
Bizikletaz bidaiatzean askatasuna sentitzen dut. Mundua berreskuratzen dut: Istriako zelai hau eskaini egiten zait -irekia, abegikorra, desinteresatua- zenbait orduz erabiltzeko. Nirea da, denona, ez dut bere jabe izateko beharrik. Cevennes mendietan barrena asto batekin egindako bidaian, Stevensonek izaren ordez izarren azpian pasa zuen gau bat: “Ez dut inoiz neure buruaren jabetza hain lasairik izan, ez dut inoiz behar materialekiko halako independentziarik sentitu (…). Gauez gau, gizakiak ohea prest dauka zelaietan, Jainkoak etxea zabalik uzten baitu beti. Basatiek ezagutzen dituzten eta ekonomistek ulertzen ez dituzten egia horietako bat berraurkitu dut”. Eguna argitzean, bidean txanponak erortzen utzi zituen bere gaurik onena ordaintzeko, aurkituko zituena lur-jabe dirudunen bat ez izateko itxaropenarekin.
Guk biharamunean kanpin-denda jaso, bizikletako parrilan lotu eta bi astez aurrera jarraitu genuen Dubrovnikeraino. Bizikletak errazten duen bizitza arin, alai eta libreaz gozatu genuen. Bizitza jasangarria ere esan behar nuen, baina pedalei eragiteak pizten duen gosea ikusita, harakintzari eman nion lana ezagututa, esango nuke ekologikoagoa litzatekeela erreaktore pribatuan bidaiatzea.