Esty Quesada: “Badakit ikuspuntuak eta pentsaerak aldatu ditudala”
Modu gordinenean bullying-aren eta lodifobiaren aurkako jarrerak egin du ezagun Esty Quesada (Barakaldo, 1994). Soy una pringada Youtubeko kanalak 344.000 jarraitzaile ditu, eta lau mila pasatxo Twitchekoak. Askoren egiteko eta pentsatzeko modua ere aldatu du bizkaitarrak.
Espainiako LGTBIQ+ kolektiboko eragin handiko 100 pertsonaren arteko zerrendan zaude. Helburua beteta?
Ez da inoiz izan neure buruari jarri diodan helburua; espero ere ez nuen egiten, gainera. Grazia egin zidan zerrendan egoteak; batez ere, Pelayo Diazen aurretik nagoelako zerrendan. Baina, egia esan, ez da oso serio hartzen dudan kontua.
Kontziente zara gizartearendako erreferente zarela eta atzean babesten zaituen komunitate zabala duzula?
Kontziente naiz, jendeak bideoetan komentatzen didalako. Idatzi ere egiten didate eta kalean ezagutzen naute, gainera. Hori guztia albo batera utzita, nire bizitza egiten dut; nire lagunekin elkartzen naiz eta horretaz ez dut askorik pentsatzen. Esango nuke asko pentsatzen baduzu burura igotzen zaizula, eta horrek sekulako cringe-a ematen du.
Ez dizu bertigorik ematen?
Batere ez; publikoaren aldetik ez dut inolako presiorik sentitzen. Inoiz ez naiz ezeren aitzindari gisa aurkeztu; eta ez dut gezurrik esan. Ez naizen pertsona baten plantarik ere ez dut egiten. Benetakoa, erreala izan naiz beti, eta horrela erakutsi dut; horregatik, benetakoa zarenean ez duzu inolako presiorik jasaten. Zaren modukoa izatekoa soilik.
Zeren inguruan idazten dizute jarraitzaileek?
Imajinatu dezakezun horietaz guztietaz.
Errealitatearekiko zure ikuspuntuak zenbaiten pentsatzeko eta egiteko modua aldatu du. Erantzule sentitzen zara?
Ez, ez naiz batere erantzule sentitzen. Badakit ikuspuntuak eta pentsaerak aldatu ditudala, jendeak esan esaten baitit. Baina ez dut erantzukizunik sentitzen. Nire edukiak ikusten dituenak gustuko dituelako da. Eta ez duenak ikusten ez dezala ikusi. Baina ez dut betebeharrik edo horrelakorik sentitzen.
Instagram eta beste sare sozial batzuk ez garenaren erakusleiho bilakatu dira. Zein iritzi duzu?
Ez zaie errua aplikazioari edo sare sozialei bota behar. Irudi faltsua sortzeko erabiltzen duen jendea da erruduna. Nik ez dut jende mota hori jarraitzen; nire lagunak, gustuko ditudan sortzaileak eta grazia egiten didatenak jarraitzen ditut; baita meme kontuak ere. Toxikotasuna ez dator sare sozialetatik, bertan bizi den jendearengandik baizik.
Aurpegi-estalkirik gabe berba egiten duzu, oro har. Bada gairen bat isilpean duzuna?
Nahiago dut denuntzia ez nazaten; baina ez dut ezer isilpean gordetzen.
Zure sentimenduak, istorioa eta bizitza modu gordinenean kontatzea asko kosta zaizu?
Sarean modu horretan zabaldu naiz, zeren Internet besteekiko eta munduarekiko nire komunikazio iturria izan baita. Nire Youtubeko kanala sortu aurretik, 24/7 Interneten bizi nintzen jada. Ez da berria izan niretzako, horrekin hazi naiz.
Youtuberra, disc-jockeya, zuzendaria… Zein proiektu duzu esku artean?
Eleberri bat idazten ari naiz eta nire podcasta, Club de fans de Shrek, egiten jarraitzen dut. Beti daukat hainbat proiektu esku artean, baina denboraren gehiengoan gutxi edo ezer ere ez dut egiten.
Zer geratzen da dena isilpean zuen Gurutzetako neskatila hartaz?
Dena geratzen da, den-dena, baina orain, bestelako modu batean eramaten dut. Badira inoiz ezabatzen ez diren traumak.
Badakizu ospeak prezio bat daukala. Abuztuko gertaera ahaztu duzu?
Ez dakit zein gertaerataz ari zaren.