Estropadek erakuts dezaketena
Kontxako estropadetan murgilduta gaude. Onenak irabazi ohi du edo zorterik handiena duenak, arraun-kontuetan edozer gerta daitekeelako.
Nire bihotzeko trainerua, Kontxan izan ala ez, Ondarroakoa da: Antiguako Ama.
Badira arrazoi desberdinak horretarako, ez bakarrik ondarrutarra naizelako.
Sirena-hotsa entzuten da nire herrian (turrune), arraina dakartenean txalupek, baita ere herriko traineruak irabazten duenean. Une pozgarriak dira, diruaren eta nortasunaren agerikoak, arrantzak aberastasuna dakarren bezala, traineruaren garaipenek herri-sena.
Alabaina, gauzak asko aldatu dira arraunean. Garai batean estropadetan arrantzaleek egiten zuten arrauketan. Gaur, ordea, kirolariek. Arrantzaleak herri berekoak izaten ziren, kirolariak ez nahitaez. Izan ere, arrauna profesionalizatu denetik klub dirudunak onenak kontratatzen ahalegintzen dira. Dirua sartu da traineruetan. Horregatik, traineruen izenik ez da ageri sailkapenetan, ezpada kasuan kasuko herriarena eta babesle nagusiarena.
Estropadetan, aldiz, beti jokatu izan da dirua. Nire herrian badakigu zer den koltxoiak ere galtzea. Baina orain ez da zertan dirua galdu soilik zure herriko taldearen alde egiteagatik, apustu-etxe, taberna eta internet bidez dena baita posible.
Nire herrian, politika tarteko, estropadek balio izan dute herria batzeko zein banatzeko. Politikarengatik haserretu ondoren, Kontxako estropadak izan ziren aitzakia adiskidetu eta berriro herri gisa aritzeko. 1926. urtea zen. Ondarroak bandera irabazi zuen.