Esther Briz: “Olinpiar hirian arnasten den giroa zoragarria da”


Lemari gabeko binakako arraunketa-proban diploma olinpikoa –zazpigarren postua– lortu zuen Esther Briz getxoztarrak, Parisko Olinpiar Jokoetan. Aurten, dagoeneko bi urre jantzi ditu Espainiako txapelketetan.
Kaixo, Esther; 2025eko denboraldia ezin hobeto hasi duzu! Domina batzuk badituzu dagoeneko poltsikoan.
Bai, horixe! Distantzia luzeko Espainiako Txapelketa irabazi dut, Izaskun Etxaniz taldekidearekin batera, eta, ostean, remoergometroan Espainiako txapeldun bilakatu naiz eta ia nire errekorra hautsi nuen. Entrenatzen denbora gutxi daramat, baina marka bikaina lortu nuen.
Arraunketa olinpikoan lau urteko zikloetan pentsatzen duzue kirolariek?
Hori da. Egia esateko, datozen lau urteak dagoeneko egituratuta eta antolatuta ditut. Arraroa gerta daiteke, baina guretzat normala da, eta lasaitasuna ere ematen digu.
Nola bizi izan zenituen Parisko Olinpiar Jokoak?
Oso egun intentsuak izan ziren, baina, era berean, ahaztuko ez dudan bizipena. Gauza ikusgarriak ikusten dituzu, zure erreferenteak ezagutzen dituzu, eta olinpiar hirian arnasten den giroa zoragarria da. Jende askok jarraitu zituen proba guztiak, eta hedabideek egiten duten jarraipena ere ez da normala; arraunlarientzat, adibidez. Lagun asko euren diziplinetan lehiatzen ikusteko aukera ere izan nuen. Ametsa.
Zuen proban zazpigarren postua lortu zenuten; zer izan zen zuretzako?
A finalean lehiatzea zen gure helburua, baina B finala irabazteko eta diploma olinpikoa eskuratzeko aukera genuela bagenekien. Inoiz egin dugun estropadarik onena egin genuen Aina Cid kataluniarrak eta biok. Beraz, azkenean, aho-zapore gozoarekin bukatu genuen.
Olinpiar hirian edo probetan bizi izan zenuen pasadizo bitxirik kontatu dezakezu?
Gau batean, igogailuan, Rafael Nadalekin egin nuen topo. Hurrengo goizean gosaltzeko zeukan ogiaz kexatzera zihoan; kar-kar. Txigortu ere ezin zuela egin zioen. Txigortzeko nire gelara etortzeko esan nion –nik ez nuen txigorgailurik–. Etorri izan balitz, Parisko tokiren batean aurkituko nukeen txigorgailuren bat; kar-kar.
Zaragozan jaiotakoa zara, baina urteak daramatzazu Bizkaiko kostaldean bizi izaten; kostaldean bizi izatea ezinbestekoa da arraunlaria izateko?
Ez da ezinbestekoa, baina oso lagungarria da. Arraunketa klasikoan eta beach sprint modalitatean aritzen naiz, eta, asko mugitu izan naizen arren, gaur egun Getxon bizitzea pribilegioa da niretzat.
Arraunlaria izango ez bazina, zein kirol gustatuko litzaizuke egitea?
Zaila da bat aukeratzea… Asko maite dut kirola, orokorrean; beraz, batek daki… Hala ere, 400 edo 800 metroak atletismoan edo txirrindularitza aukeratuko nituzke.
Traineruen munduak erakartzen zaitu?
Bai, probatzeko gogoa dut! Oraindik ez dut aukerarik izan, baina oso erakargarria da. Orain arte egin dudanarekin alderatuta oso ezberdina da, baina dagoen talde-lana eta ontziak berak duen berezitasuna ikusgarriak dira. Badu ukitu berezi bat.