Espido Freire: “Bizitza literaturari eskaini diot azken 25 urteetan”

Mende laurdena literaturari eskaini dio Espido Freirek (Bilbo, 1974). Haren azken lanean, entsegu ezberdin eta berezian, emakume anonimo baina ezinbestekoen inguruan jardun du.

La historia de la Mujer en 100 objetos publikatu berri duzu. Nola sortu zitzaizun ideia?

Emakume ezberdinak, bakarrak eta bereziak ezagutzera eman nahi nituen aspalditik, baina objektuen historiografia ezagutu nuenean emakume horien guztien gainean hitz egiteko aukera ona zela ikusi nuen. Gaur egun garena izateko euren alea jarri dute emakume horiek, emakume anonimo horiek. Historia ez da hain epikoa, baina, hala ere, oso interesgarria da.

Nola izan zen aukeraketa prozesua?

Hasieran, asko iruditu zitzaizkidan; gero, oso gutxi… Egia da liburuan ehun baino gehiago aipatzen ditudala, batzuen eboluzioak edo testuinguruak beste objektu batzuez hitz egiteko aukera eman didalako. Irizpidea nire preferentzien araberakoa izan da: ikertu dudanarekin eta irakurlea txunditu eta dibertitu ahal duenarekin nahasketa bat egin dut.

Objektu horietatik zein da zuretzat garrantzitsuena?

Ezingo nuke bakarra aukeratu… Eta garrantzi handiagoa edo txikiagoa izate hori momentuaren arabera aldatzen da, baita irakurleen erreakzioekin ere. Twitterreko jarraitzaileen artean egin nuen inkesta baten, pilula, tanpoia/konpresa/hileko-kopa, bularretakoa eta ezpain-margoa aukeratu zituzten.

Behin proiektu bat bukatzean, nola izaten da zure sortze-prozesua? Atseden hartzen duzu? Ideiak etortzen doaz?

Proiektuaren intentsitateak markatzen du erritmoa. Ezberdina da eleberri bat edo entsegu bat bada, adibidez. Azken honetan lehertuta bukatu dut –esfortzu pertsonal handia izan da– eta oraindik ez naiz guztiz berreskuratu. Orain, gazteentzako eleberri bat idazten ari naiz, eta hori bukatzean helduentzako beste bat idatziko dut. Lasaitasuna behar nuen, baina ez dut atseden hartzeko tarterik izan.

Otsailean, Irlanda zure lehen liburua kaleratu zenuenetik 25 urte bete ziren. Asko aldatu zara orduz geroztik?

Denok bezala 25 urtean; kar-kar… Ikasketak bukatu berri nengoen orduan, eta gaur egun 30 liburu baino gehiago ditut bizkarrean. Esperientzia izateaz gain, bizitza uste nuena baino interesgarriagoa den literaturari eskaini diot.

Eleberriak, entseguak, poesia, umeentzako literatura, istorio laburrak… Denetik egin duzu. Bada falta zaizun ezer?

Zinema-gidoia, eleberri grafikoa… Badaude hutsune batzuk; batez ere, formatu berriekin. Idazle bezala posibilitate ezberdinak probatzea oso interesgarria izan da. Asko ikasi dut, eta ikasten jarraitzeko asmoa dut.

Bilbon jaio zinen, Laudion hazi eta Madrilen bizi zara gaur egun. Herriminik baduzu?

Lehen baino gutxiago, orain sarriago etortzen naizelako eta astelehenero Radio Euskadiko Boulevard saioan tartetxo bat dudalako. Horrek lurrarekin gehiago konektatzen nau. Hasierako urteak Madrilen zailagoak egin zitzaizkidan: eguraldia, bizitza-erritmoa, lan egiteko eta harremantzeko modua… Dena zen oso ezberdina.

Kantua ikasi zenuen, baina, azkenean, literaturagatik utzi zenuen.

Egia esateko, ez zen bukaeran izan, baizik eta hasieran. Nire bokazioa goiz aurkitu nuen, eta garatzeko zortea izan nuen. Gero eta jende gehiagok nahi du idazle izan, eta lortzea oso zaila da, nahiz eta gaur egun autoekoizpenen arloa oso garatuta egon; batez ere, sare sozialei esker.

Gau-mahaian zein liburu duzu une honetan?

Elikagaien historiari buruzko entsegu bat, J.M. Mulet idazlearena. Jaten duguna gara.