Eskuz egindako altxorrak

Marka: GZS eskuzegina

Goizane Zuluagak txikitatik izan du eskulanetarako zaletasuna. Eskuz egindako produktuak gustatzen zaizkio. Amarekin ikasi zuen kakorratza erabiltzen, eta orduan hasi zen gauza txikiak egiten: nezeserrak, poltsak eta bufandak, besteak beste.

Oihal estanpatuak

Duela gutxi, josteko makinarekin praktikatzen hasi zen; gaur egun, haren aliatu perfektua da errutinatik deskonektatzeko. Koloretako eta estanpatu askotariko oihalak erabiltzen ditu, eta denetariko produktuak josi: nezeserrak, liburuak babesteko zorroak, eskuzorroak, umeentzako amantalak eta urtebetetzetarako koroak. Guztiak ere, mimoz egindakoak.

Sare sozialetan

Arratiako (Bizkaia) etxean duen txokoan egiten ditu produktuak Zuluagak. Oraingoz, sare sozialak erabiltzen ditu salmenta-leku moduan. Han zintzilikatzen ditu eginda eta saltzeko moduan dituenak, baina bezeroaren beharretara egokitzeko malgutasuna ere badu.