Eskuekin, eskuetara
Marka: Leire Igartua
Leire Igartuak bi urte eta erdi daramatza lanean Oñatiko d’Or estetika zentroan. Manikurak egitea du ofizio eta pasio. Azazkalak zainduta eta apainduta eramatea oso ohikoa da egun. Osagarri bat gehiago da.
Motzagoak
Pop kulturan garrantzi handia dauka manikurak: Instagrameko argazkiak, Youtubeko tutorialak, Tiktokeko truko eta diseinuak, influencer-ek modan ipinitako azkazalak… Rosalia abeslariaren azazkal luzeak modan egon ziren, baina, egun, motzagoak eramaten dira. Manikura sinpleak, kolore sotilak eta azazkal motzak.
’Donut glazed’
Hailey Bieberrek iazko udan ipini zuen modan manikura mota hori. Erraz eramatekoa da. Gainera, kolore naturalez eginez gero, azazkala hazten denean ez da horrenbeste nabaritzen.
Gustuen araberakoak
Arroparekin gertatzen den moduan, manikuran ere joera aldaketa asko gertatzen dira denbora laburrean. Manikura ilunak eta koloretsuak eta askotariko diseinuekin egin daitezke, gustuen eta nortasunaren araberakoak.



