Eskubide berdintasuna arriskuan

Arantxa Urretabizkaia

Jakin badakit ni bezain aspaldikoak diren feminista batzuen ustetan atzera goazela emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunari dagokionez. Ez dut ukatuko arrisku hori benetakoa denik, hamaika atzerapen ikusi baitugu historian zehar, batzuk izugarriak. Adibide bakarra aipatzekotan, Bigarren Errepublikan lortutakoari gerra zibilak eta ondorengo frankismoak eragindako txikizioa. Hura bai atzerapena eta, gainera, gerra hura galdu zutenen artean asko eta asko zegoen ados legedi berriarekin.

Gertakizun hurbilagoei dagokienez, uste dut arriskuak iragarritakoa ez dela oraindik gauzatu. Kezkagarri gisa aipatzen den datua: gaurko mutil gazteen laurdenak atzera egin nahi omen du eskubideen esparruan, urrutiegi joan omen garelakoan. Gazte kopuru esanguratsu horrek nahiago omen du gizonezkoen lehentasuna azpimarratzen duen eredua. Eta alarma guztiak piztu dira.

Inkestarik gabe esan dezaket duela mende erdi iritzi hori zuten mutil gazteak, nik ezagutu nituenak behintzat, ehuneko ehunetik hurbil zeudela eta gehiengo oso horren kontra borrokatzen ziren neska gazteak gutxi zirela. Hortik gatoz eta non gauden jakiteko ez du balio orduko abangoardia txiki hura gaurko orokortasunarekin alderatzea. Orduko gehiengoa eta gaurkoa alderatu behar dira zertan gauden jakiteko. Arriskua hor dago. Baina ezin ahaztu eredu tradizionala bultzatu nahi luketen horien aurrean ez daudela neska gutxi batzuk, nesken gehiengoa baizik.