Eskaletasunaz

Kaleak eskalez betetzen direnean, zerbait ez dabil ondo. Gero eta gehiago ikusten ditugu gure kaleetan, eta inori ez zaio gustatzen eskale izatea, kale gorrian lo egitea edo zer janik ez izatea. Horregatik, arazoaren aurrean beste aldera begiratuz, eskaleak makiladaka botatzeak edo onkeriaz erantzuteak ez du gizartearen benetako arazoa konponduko.
Tentaldia egon daiteke eskaletasuna erabat debekatzeko. Hori egin dute Belgikako hainbat udalek, beren-beregi onetsitako ordenantzen bidez. Alabaina, Gizarte Eskubideen Europako Komiteak adierazi du erabateko debeku horiek Europako Gizarte Gutunaren 30. artikuluaren aurkakoak direla.
Artikulu horrek txirotasunetik eta gizarte-bazterketatik babesteko eskubidea aitortzen du, eta administrazioei konpromisoa ezartzen die modu koordinatuan sustatzeko enplegua, etxebizitza, prestakuntza, irakaskuntza, kultura eta gizarte- nahiz medikuntza-laguntza.
Horrek ez du esan nahi edozein eskaletasun zilegi denik. Kataluniako Auzitegi Nagusiak 2019an adierazi bezala, eskaletasuna modu baketsuan gauzatu behar da. Indarkeriaz aritzea debeka daiteke, baita adingabekoak edo desgaitasuna duten pertsonak erabiltzea ere. Zigor Kodeak pertsona horiek eskaletasunerako erabiltzea delitutzat hartu du, eta eskaletasuna trata-delituaren helburuen artean jaso.
Laburbilduz, eskaletasunari ezin zaio debeku hutsaren bidez erantzun: txirotasunari aurre egitea da benetako erronka. Eragile publiko nahiz pribatu guztiek eskutik joan beharko lukete, bide instituzionalizatu beretik.