Esanezin taldearen ‘Kanturik ez bada’ abestia

Single berria argitaratu du Esanezin taldeak; disko berri baten aurrerapen-kantua, hain zuzen. Uda sasoian lokal barruan lan egingo dute, eta urte amaieran kontzertuak emango dituzte, disko berria aurkezteko.
Kanturik ez bada abestia argitaratu berri duzu; nondik dator kantua sortzeko ideia?
Kanturik ez bada sortu zen, ia nahi gabe. 2024ko urtarrilaren 14an idatzi nuen abestia, domeka batean, eta uste dut hitzetan zein musikalki abestiak baduela domeka batek izan dezakeen aje emozionaletik eta nostalgiatik. Esango nuke ez zegoela kantua egiteko ideia; besterik gabe etorri zela esango nuke.
Zeri abesten diozu?
Kontua da egun hartan Leire Letu musikariarekin aurreko eguneko kontzertu batez hizketan ari nintzela, eta biok kontzertu hari lotutako aje emozionala geneukan, nork bere moduan; izan ere, Leire oholtza gainean zegoen eta ni, ikusle. Hortik tiraka idatzitako kantu bat da, eta esango nuke kantuak oso ondo azaltzen duen ideia zera dela: bizitzaren hainbat egoeratan, gauza batzuk ixten doazenean eta etapa berriak hasten direnean, beti daudela beldur eta kuriositate puntu horiek.
Disko baten aurrerapen-kantua da ala oraindik ez duzu halakorik buruan?
Bai, hala da. Disko berriaren lehen singlea da. Data ofizialik ez daukat, grabaketek markatuko dute dena, baina nire asmoa da urte honen bukaerarako disko berria argitaratzea.
Oker ez banabil, 2020an argitaratu zenuen zure lehen abestia; ordutik hona, asko aldatu da Ianire?
Bai; duela bost urte abiatu nuen proiektua, oso argi izan gabe zein izango zen nire ibilbidea eta zenbat denbora pasako nuen honetan. Denbora asko igaro da, eta ez nuen halakorik imajinatzen. Uste dut hemen jarraitzen dudala nire bizitzan aldaketa handia eragin duelako, zentzurik onenean. Atzera begira, ez nuke esango beste pertsona bat naizenik, baina, idatzi ditudan abestiek izan duten garapenarekin batera, neure burua ere garatu dela esango nuke. Musika beti izan da garrantzitsua nire bizitzan, baina musika egiten hasteak eman dit ordura arte ez nuen zerbait.
Aurrera begira, izango dugu zure berri ala lokal barruko lana egiten ibiliko zara?
Diskoa argitaratzea da nire asmo nagusia. Udan grabatuko dugu eta udazkenerako edo negurako argitaratzea da asmoa. Uda sasoian, hortaz, ez ditugu kontzertuak joko eta barrura begira egongo gara. Dena ondo bidean, urte amaieran disko berriarekin itzuliko gara oholtza gainera.