Zorrak

Eneko Barberena

Barkatu gure zorrak. Hori da txikitan buruz ikasi nituen errezoetatik oroitzen dudan ahapaldietatik bat. Arrasateko Santa Teresa eliza modernoa datorkit gogora, diapositiba makina bat, apaiz zahar-zahar bat eta dozena bat ume mukizu. Nahiago nuke belearena egin izan banio lehenago katekesiari, baina hori dugu katolikook, behatza bustita jaiotzen garela eta gero bizi osoan zor hori ezin gainetik kendu aritzen garela.

Dena den, zorionez, iritsi zitzaidan lehen jaunartzea egin eta muturrak garbituta ospa egiteko sasoia. Gaur arte.

Dena den, nire fedearen eboluzioak etapa diferenteak bizi izan ditu. Ezaxola absolutua aurrena, antiklerikalismo epel bat gero, unean-unean goritzen joan dena. Gaur egun ez dakit zein etapatan nagoen, egiari zor, baina ez dut hurbiltasunik sentitzen Elizarekiko. Jarraitzen dut pentsatzen dituen pribilegio oro kendu beharra dagoela, dela konkordatua dela Euskadi Irratiak zuzenean ematen duen meza, eta baita kontu argiak eman beharra dituela sexu abusuak estaltzeko orduan eduki duen jarrera mizkinari buruz. Azken hori zenbat eta beranduago egin biktimentzat ez ezik Elizarentzat ere kalte.

Fedea, aldiz, beste kontu bat da. Fededunekiko jakin-mina sentitzen dut eta baita errespetu moduko bat ere. Agian haiek oso oker daude eta ebanjelioak eta liburu santuak eta zera hori guztia gezurra dira, hori pentsa ohi dut, baina gustatzen zait ikustea nolako pasioz bizi duten oker hori. Edo ez, akaso ni nago oker, nire materialismo dialektiko eta guzti, eta fedea da gizakiok osotasunerako behar dugun aldagai bat gehiago, garrantzi handikoa.

Hala eta guztiz ere, erlijio kontuak aletzen ari garelarik, bada ordua Elizak bere poltsa aska dezan eta immatrikulatu zituen ondasun mordo hori herriari itzul diezaion. Elizak, ermitak, abade-etxeak, zelaiak, ortuak, kanposantuak eta beste hamaika jabetza. Zerga ezarpen zorrotz, boterekeria zeken eta bestelako hamaika jukutriaz eraikiak guztiak. Ondoren auzoek, herriek, hiriek erabakiko dute horrekin guztiarekin zer egin, akaso jausten utzi batzuk eta liburutegi egin beste batzuk, nork daki. Baina gure zorren barkamenaz haur batzuei hitz egiteko gai den erakunde batek albait arinen predikatzen duena aplikatuz eredua emango balu, hainbat hobe.

Ikusiko lukete zorrik gabe hobeto bizi dela bat.