Errua

Santi Leone

Palestinako sarraskiaren harira, Espainia aldeko idazle batek ustekabeko arrakasta izan du berez bere publiko objektiboa ez den jendearen artean. Palestinarren egoera eta Israelgo politika gogor –eta, nire ustez, egoki– salatu ondotik, honela akitu du artikulua Juan Manuel de Pradak: “Hirugarren mundu gerra izanen dugu, eta Mendebaldearen errua izanen da”.

Susmoa dut erru solasari lotua dagoela artikuluaren arrakasta. Errua, ez ardura. Erruaren barrunbeetan ozenki aditzen da katolizismoaren oihartzuna; mendebaldea –horrela, bere osotasunean, inolako ñabardurarik gabe– gaineratu izanak nartzisismo puntu bat –deus ez da gu gabe pasatzen ahal– eta masokismo pittin bat gehitu dio aferari. Egiturazko erruari esker, jatorrizko bekatuaren bertsio sekularrean bizi gara. Mendebaldarra izate hutsak errudun bihurtzen nau. Israel egiten ari den genozidioa onartezina dela eta arruntean gaitzesten dudala erratea aski izanen ote da neure burua berrerosteko? Hemen aitortzea telebistan ikusiriko irudi batzuek ez dutela nire gogoa laxatu nahi?.

Mendebaldeko erakunde eta gobernuek badute ardura, eta ez nolanahikoa, Israelek eduki uste duen inpunitatean. Mendebaldeko iritzi publikoa, berriz, palestinarren alde azaldu da egun hauetan. Baina bereizketak egiteak eta ardurak banatzeak, bistan dena, ez du misteriotsuki errudun sentitzearen zirrara mistikoa sortzen.