Erromintxelak taldearen ‘Nork erran eni’ diskoa

Erromintxelak taldeak lehen lan luzea argitaratu du: Nork erran eni. Dagoeneko aurkeztu dute diskoa, Elorrioko jaietan, eta aurrerantzean kontzertu gehiago jotzea da euren asmoa.

Nork erran eni lan luzea argitaratu duzue; zer-nolako diskoa izango da?

Estilo aldetik esango genuke 20ko edo 30eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetako jazz estiloaren eragin handia duela. Europako ekialdetik etorritako swing estiloa ere erabiltzen dugu batzuetan. Azkenik, New Orleansen sortutako estiloak ere badaude.

– Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Olerkiak abesten hasten naiz, gitarrarekin akorde batzuk jota. Zerbait gustatzen zaidanean, ordenagailuan grabatzen dut. Hala ere, disko berriko lan egiteko modua ezberdina izan da: ordenagailuko grabaketa guztiok batera entzun beharrean taldekide bakoitzarekin entzun dut; izan ere, taldekideok Euskal Herriko toki ezberdinetan bizi gara eta zaila izaten da elkartzea. Ostean, partiturak egin ditut, eta, azkenik, entseatzeko gelditu gara. Estudioan zuzenean grabatu genuen: guztiok batera jo genituen abestiak, hiru edo lau aldiz bakoitza, eta onenak iruditzen zitzaizkigunak aukeratu.

– Zeri abesten diozue diskoan?

AEBetako musika Euskal Herrira ekarri nahi izan dugu, eta, horretarako, euskal folklorearekin harremana izatea nahi izan dugu. Niri asko gustatzen zait olerkiak irakurtzea; hortaz, Erromintxelak taldearen abestietako hitzak olerkiak dira. Gai filosofikoak asko gustatzen zaizkit: erabakitzeko ahalmena dugun edo ez, libreak garen edo ez… Amodioaren, denbora igarotzearen eta mundu globalizatuaren inguruan ere hitz egiten dugu. Disko honetan erabili ditugun olerkilariak dira Jon Mirande, Jon Anselmi, Xabier Montoia, Pako Aristi eta Martin Bidaur.

– Diskoa aurkezteko kontzerturik joko duzue?

Elorrion jo genuen lehenengo kontzertua, jaietan; ostean, irailaren 12an, Getxo Folk jaialdian izan ginen. Horrez gain, azarorako eta abendurako kontzertuak lotzen ari gara, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu.