Erromintxelak taldea
Swing musika jorratzen duen Arrasateko taldea da Erromintxelak. Duela hiru urte sortu zen, eta dagoeneko hasi dira lehenengo lanak argitaratzen. Hain zuzen, Esperoan abestiaren bideoklipa ikusgai dago. 2024a kontzertuz josita egotea espero dute.
Noiz sortu zenuten taldea?
2021ean Arrasaten sortutako swing taldea gara. Aurretik, hainbat proiektutan elkarlanean aritutako musikariak gara. Partaide guztiek musika ikasketak ditugu eta eskarmentu handikoak gara bai estudioan eta baita zuzenekoetan ere. Gaur egun, irakasle dihardugu Euskal Herriko musika eskoletan zein kontserbatorioetan.
Zeintzuk osatzen duzue? Zer musika lantzen duzue?
Jon Garcia (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (manouche gitarra), Aitor Moreno (kontrabaxua), Jokin Vitoria (washboarda, bateria eta ahotsa) eta Andoni Aizpuru (saxo sopranoa) gara taldekideak. Euskaraz sortutako abestiak eta instrumentu akustikoak uztartuz, ikuskizun paregabea eskaintzen dugu. Swing eta gipsy musikaren ezaugarri dibertigarrietan oinarrituz, ikusleak dantzan jartzen ditugu. 2023ko abenduan, Kaki Arkarazorekin Garate Estudioetan grabatutako lehen singlea kaleratu dugu, Esperoan izeneko bigarren bideokliparekin batera.
Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Djanjo Reindhart, Hot Shooters eta The Blue Vipers of Brooklyn, batez ere.
Zeintzuk izango dira egingo dituzuen hurrengo emanaldiak?
Oraingoz, bost kontzertu dauzkagu 2024rako; horietako bat Usurbilen izango da, XX. Soinurbil musika astean. Beste lau kontzertuak Katapulta plataformaren bitartez egingo ditugu, aukeratuak izan baikara kontzertu horiek emateko. Oraindik datak zehazteke daude. Ziur kontzertu gehiago egingo ditugula, baina gaur egun abesti berriak sortzen ari gara, eta hilabete pare bateko geldiune txiki bat egin dugu horretarako.