Erosi liburu bat

Argi utzi nahi dut, lehen lerrotik, literatura, nire ustez, gutxiri asko
interesatzen zaion zerbait dela eta askori ezer ez. Lehenengoetakoa naiz ni.
Duela gutxi, literaturaren inguruan antolatutako ekitaldi publiko batean
mikrofonoa hartu nuenean, esan nuen, hitzez hitz –buruz ikasia nuen eta ez
zait oraindik ezabatu–: “Eskakizun bat luzatu nahi dizuet: ohitura hori ez
duzuenok, mesedez eta faborez, noizean behin erosi liburu bat. Ongi etorriak,
noski, liburutegietako maileguak. Txalotzen ditut. Baina, noizean behin, erosi
liburu bat. Agian, ez zaizue kostako hemendik ateratakoan hartuko duzuen
pintxo parea eta ardoa baino gehiago. Ez zarete arruinatuko (sic) eta gure
liburugintza babestuko duzue”.
Beste kontu batzuk ere aipatu nituen, baina hori da gerora gehien aipatu
didatena eta hedabide batek baino gehiagok azpimarratu duena. Jakin badakit
etxe batzuk liburuz gainezka daudela. Gurean trantsituan ere jarri ditugu
apalak. Egia da, halaber, nik txikitan liburu bakar bat ez zuen etxe asko
ezagutu nuela, baita eskolagabe bat baino gehiago ere. Orain, mundu bazter
honetan ez da gelditzen analfabetorik eta edozein lekutan ikusten duzu
pantailatxoan zerbait irakurtzen ari den pertsona.
Hori bai, kultur arloko gainerako adierazpenen aje bera pairatzen du
literaturak: sartu digute buruan kultura beharrezkoa dela, baina, beharrezko
gauza gehienak diruz ordaintzen baditugu ere, kulturak debalde behar duela
izan.