Erlojuez

Eneko Barberena

Irakurgai ederra da Joan Fuster intelektual Valentziarraren Diccionari per a ociosos obra. Gurean, akaso, Joseba Sarrionandiak egin zuen antzeko zerbait, Hitzen ondoeza izenekoa.

Bertan, Fusterrek hiztegi-jolas bat planteatzen digu, bere erudizioaren hamarren bat erakusteko. Erloju hitzaren atalean aipatzen du ziur asko gizakion inoizko iraultzarik handienetakoa ekarri zuela erlojua batek soinean eramateak. Iraganeko gizakiek denboraren iragateak ez zuen berehalakotasun izaerarik, ez zen hain xehe ezagutzen. Ziklo kosmikoen arabera sentitzen omen zen denbora, uzten erritmoan eta animalien sabelaldietan.

Denbora, orduan, magma ilun bat zen Fusterren hitzetan, antzemanezina, isurpen itzalikoa. Gaur egun, kontrara, erlojuak denbora minutu eta segundotan itzulita eskaintzen digu, ulertezina den denbora baten frakzio gisa. Eskumuturrean daramagu bizitzaren ziurgabetasunaren eta heriotzaren fatalitatearen adierazle elegantea.

Akaso, aipatu dudan horregatik da, edo Jainkoa hil izanagatik, edota kontsumo gizartearen eta turbokapitalismoaren ezaugarriengatik. Kontua da gero eta inkesta gehiagotan irakurtzen dudala zoriontasunik eza nabaria dugula mendebaldeko gizarteetan. Ez naiz soziologoa, idazle xume bat baizik, eta ez naiz ausartzen esatera den gure pobretze material gero eta agerikoagatik, bizi dugun hutsune espiritualarengatik, gure bikote edo familia ereduek bizi duten transformazioagatik. Eta are gutxiago dakit zergatik ez dugun zoriontasunaren aldagaia gure eztabaiden ekuaziora inoiz ekartzen. Noiz galdetu dizuete ea zoriontsuak zareten? Noiz galdetu diozue hori zeuen buruari?

Fusterrek ez zituen ezagutu gaur egungo kirol erloju modernoak. Haiek ez digute hitz egiten denboraren fatalitateaz, ez digute adierazten zein garrantzitsua den momentua bizitzea. Gorputza da orain ekarri duguna zifra eta neurrietara, zenbat taupada minutuko, tentsioa eta horrelako kontuak. Lehen medikuen jakituria zena orain populuaren esku. Baina zertarako? Zer egingo dugu jakituria horrekin guztiarekin?