Enrike Gisasola: “Baserritarra izatea da gizartea aldatzeko nire modua”

Enrike Gisasola Eibarko Sosola baserriko semea eta laboraria da. Berarekin aritu gara bizimodu honetaz hizketan, bai eta beste nekazari batzuekin batera gerraostean Gipuzkoa eta Bizkaiko baserrietan ereiten zen gari mota berreskuratzeko egiten ari diren lanari buruz ere.

Enrike Gisasola, ongi etorri TTAPera. Zuen etxera etorri gara, baina nik egiten dizut ongietorria, hau marka!

Zuei ongi etorri.

Zure Twitterreko profilean hauxe jartzen du: “Baserritar, artzain, gaztai-egile eta hausnarkaria”. Gaur-gaurkoz, horrela definitzen duzu zure burua?

Bere garaian horrela jarri nuen. Kontraesan horrekin jokatu nahi nuen: ardien zaindari, baina ni ere hausnarkari, ardiek egiten duten bezala. Badaukat hausnarrerako joera; gehiegi, esango nuke.

Sosola baserriko semea zara. Nola hartu zenuten baserritar izateko erabakia?

Urte batzuk pasa dira horretatik. Ez dut uste erabakiak bat-batean hartzen direnik. Egoerak izaten dira. Baserri hau aitona-amonek eramaten zuten –maizterrak ziren–, nik ikasketak bukatu berri nituen, eta testuinguru mugitu batean geunden –90eko hamarkadaren erdialdean–. Biologia ikasketak bukatuta, UEUn banenbilen ikastaroak antolatzen, Eibarko …eta Kitto! Elkartean euskara dinamizatzaile nintzen, Eibarko talde antimilitaristan ere borrokan genbiltzan… Testuinguru horretan jende mota bat ezagutu nuen, eta hor erabaki nuen baserria erostea gurasoekin batera, erdi eta erdi. Une hartan, duela 100 urte bezala funtzionatzen zuen baserria zen: 78 behi zituen, 20 ardi, baratzea ere bai, eta ogi pixka bat egiteko labea. Baina bertan eta bertatik bizitzeko, buelta bat eman behar zitzaion guztiari. Eta apustua egin nuen. Giroak lagunduta sartu nintzen horrelako saltsa batean. Baserriak askatasun maila bat, autonomia bat ematen dizu gauza askotarako, baina aingura ere bada beste gauza askotarako.

Aldaketa asko egin behar izan zenituzten, beraz.

Halabeharrez. Gure aitona-amonek lan egiteko modu tradizionala zuten. Pentsa, duela 30 urte eskas, ni uztarriko behiekin ibilita nago! Baserrian ez zegoen mekanizaziorik, eta gure bihurtzerakoan makinak ekarri behar izan genituen. Lan egiteko modu erosoago batera jo nuen bakarrik nengoelako –Aizpea, bikotekidea, beranduago etorri zen–, eta erabaki nuen gazta egiten hastea. Behiak kendu, ardiak gehitu, eta gazta egiten hasi nintzen. Ogia ere beste labe batean hasi nintzen egiten, bere marka eta erregistro guztiekin eta hor dauden borroka eta zailtasun guztiekin.

Ez zen erraza izango dena martxan jartzea.

Oso zaila izan zen. Euskal Herrian, Hegoaldean behintzat, militantzia handia eskatzen du. Giro militante hark bultzatuta, apustua egin nuen, gizarte hau aldatu egin behar dela pentsatzen dudalako. Eta nire apustua bizitza estilo hau izan da, gizarte hau aldatzeko nire aletxoa.

Gazta egiten bazenekien aurretik?

Etxerako egiten genuen gazta, baina Artzai Gazta Elkartean sartu nintzen, ikastaro batzuk egin eta hango aholkulariekin ideia batzuk hartu nituen. Baina denborarekin zuk hartu behar diozu eskua; zuk eman behar diozu zure ukitua, hor baitago aberastasuna. Joera handia dugu gauzak homogeneizatzeko, eta uste dut txapelketetatik datorkigun ajea dela. Txapelketetan puntuazio batzuk ematen zaizkio gazta onenari parametro batzuen arabera, eta artzain asko doaz parametro horiek lortzera. Ondorioz, asko galdu dugu zentzu horretan, zapore eta forma aldetik. Ni saiatu naiz nire ukitua ematen. Ez naiz txapelketa zalea eta ez dut parte hartzen; ez dut ardi askorik; baserria txikia da, eta, gainera, ekologikoan gabiltza. Artalde horrek ematen duen adina gazta saldu dezakegu, ez gehiago. Desazkundearen kontzeptu horrekin lotzen da gure proiektua. Hau da, planetak muga bat du, edo egokitzen gara edo liskarrak eta gatazkak etorriko dira.

Baserria askatasuna eta aingura da

Apustu hori egin zenuenean zer esaten zizuten ingurukoek?

Eibarko giro urbanoak ez dizu laguntzen horrelako erabaki bat hartzen. Baina ni oso etxezuloa izan naiz beti. Txikitatik kaletik ihes egiteko joera izan dut, eta hau da nire babes eremuetako bat. Sarrionandiak beste norbaiti hartu zion esaldi hau datorkit burura: haurtzaroa da norberaren aberria. Agian horrek eragingo zuen gero hartu nuen erabakian.

Zein produktu eskaintzen dituzue?

Gazta egiten dugu urtean sei hilabetetan, eta udazkenerako dena salduta izaten dugu. Ogiaren kasuan, urte guztiko lana da, eta ogi ekologikoa egiten dugu. Gure hasierako erronka zen alea Euskal Herrikoa izatea, eta 20 urte ondoren lortu dugu. Araba eta Nafarroako nekazariekin akordio batzuk lortu ditugu urtero-urtero Euskal Herriko kalitatezko garia izateko, eta, ondoren, errotan ehotzen dugu. Hurrengo erronka Ipar Euskal Herriko Biharko Lurraren Elkartea eta Nafarroako Hazia Leku elkarteekin batera gure aitona-amonek hemen –Gipuzkoa eta Bizkaia– erabiltzen zituzten mota zaharrak berreskuratu eta haiekin uztak jasotzea da. Ez bakarrik Nafarroan eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ere bai. Hau da, Kantauri aldeko gari mota hori pixkanaka berreskuratu nahi dugu, eta beste ukitu bat eman.

Non aurkitu dituzue lehen Gipuzkoako eta Bizkaiko baserrietan ereiten ziren ale haiek?

Duela lau urte hasi ginen gai honekin lanean, eta jakin genuen hazi horiek Madrilen zeudela gordeta, hazien bankuan. Itxura denez, gerraostean baserriz baserri ibili ziren gari mota horiek jasotzen, eta hozkailu batean egon dira ahaztuta ia 100 urte. Sei motetatik eskukada bat ale eman ziguten, 200 gramo. Duela hiru urte hasi gara kopuru hori bikoizten, gariak batetik hamar ematen baitu. Duela bi urte 200 gramorekin hasi ginen, eta bi kilo lortu genituen; iaz, bi kilorekin, 20 kilo lortu genituen; eta, aurten, erronka zen 20 kilorekin 200 kilo lortzea, baina uztaileko euri eta txingorrengatik uzta galdu egin dugu. Beraz, lehengora bueltatu behar dugu. Horretaz gain, datorren urtean Ipar Euskal Herriko laborari eta Nafarroako nekazari batzuekin elkarlanean, Euroeskualdeak duen diru-funts bat eskuratu nahiko genuke biderketa hori egiteko.

Batzuek jasotzeko ideia izan zuten beraz…

Batzuek nekazaritza industrializatzeko joera sumatu zuten; gari-motak galtzen ari zirela ikusi, eta badaezpada ere bildu egin zituzten. Gure asmoa da datorren urtean ogia ale horiekin egitea. Ogi probak egiten ari gara; balorazioak egiten ditugu; eta gari bakoitzari bere puntuazioa ematen diogu, egokienak zeintzuk diren ikusteko. Ogia egiteko gari oso-oso gutxi ekoizten da espainiar penintsulan. Frantzia aldean eta Europan gehiago ekoizten da, baina gehiena kanpotik etortzen da, AEBetatik eta Ukrainatik, batez ere.

Ogiak balio sinbolikoa du. Garrantzia ematen diogu?

Ez dut uste. Ez behar bezainbeste behintzat. Garrantzia ematen zaio osasunaren aldetik. Zeliakia hor dago, glutenak sortzen duen alergia, alegia. Ogia egiteko moduari ez diogu garrantzirik ematen, ez Hego Euskal Herrian, ez Espainian. Frantzian badago kultura bat, bai gaztagintzan eta baita okintzan ere. Tradizio handiagoa dute. Ogia askoz hobea egiten da Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian baino. Hainbeste hutsaldu da ogia, kalte egiten digu. Orokorrean, gaur egun jaten dugun ogia egiteko erabiltzen den gari mota oso ona da makinentzat, eta ona da ogia azkar eta merke egiteko. Baina digeritzeko zailagoa da. Eta gure hipotesia da ogi hori jaten dugulako arazo gehiago ditugula digeritzeko orduan. Eta, era berean, lehen aipatutako mota zahar horiek erabiliz gero, fermentazio luzeekin, osasungarriagoa izango dela ogi hori. Gure asmoa da lehengo zaharren jakinduria jaso eta gaurko jakinduriarekin lotzea. Ea gauzak hobetzen ditugun pixka bat.

Artzaina ere bazara.

Nire burua artzaintzat baino baserritar edo laboraritzat daukat. Ardiak baserriaren osotasunaren barnean ikusten ditut. Niretzat artzaina gehiago da horretara bakarrik dagoena. Artzaina parte batean banaiz, baina batez ere baserritarra.

Euskal Herriko gari ale zaharra berreskuratzen gabiltza

Zer nolako harremana duzu artaldearekin?

Ni biologoa naiz, eta horrek perspektiba bat ematen dit. Baserritarraren perspektiba dago, alde batetik, baina biologoarena, bestetik. Hibrido bat naiz. Biologiaren ikuspuntua ekosistemarekin lotzen da. Kasu honetan, ardiak beharrezkoak dira baserrian belardiari eusteko. Sinbiosi bat sortzen da ardiaren eta belarraren artean. Idealena izango litzateke gizakia ere tartean sartzea eta laguntzea. Batzuetan harreman ona da, eta bat egiten du lurrarekin bat egiten duen artzainaren mitoarekin. Baina ifrentzua da, eta ez da izango politikoki zuzena esango dudana: nekazaria naturarekin borrokan dagoela baita ere, basoarekin borrokan. Basoak indar handia du, eta, utziz gero, dena sasituko litzateke. Artaldearekin harreman on bat dugu, harreman sinbiotiko bat: eman eta jaso. Baina batzuetan borroka ere bai; izan ere, ardiari arkumea kentzen diodanean, kexatu egiten da. Hor ez dago maitasun harremanik, eta hori esan beharra dago.

Baloratzen da lehen sektorea?

Inolaz ere ez. Duela urte batzuk, artikulu bat idatzi nuen esanez baserritarrak debalde ari ginela lan egiten. Zergatik? Baserritarrok egiten dugun lan eta esfortzuarekin alderatuta, gure produktuak oso merke daude. Ogi konbentzionala baino garestixeagoa da gurea, eta batzuk beldurtu egiten dira horregatik. Baina baloratuko balute ganoraz zer lan dakarren horrek, konturatuko lirateke ia oparitu egiten dugula. Gero, beste aldean, dirulaguntzak daude, eta hemen ere kritika egin dezakegu. Dirulaguntzek fikzio bat sortzendute. Europan badaude dirulaguntza asko, baina batzuek diru asko jasotzen dute eta beste batzuek oso diru gutxi jasotzen dugu. Kasu horretan, baserritarrak oso merke saltzen du bere produktua, eta dirulaguntzarekin konpentsatzen du, nolabait, desberdintasuna. Konturatu behar dugu ogi edo letxuga merke hori ordaintzen duzun momentuan, atzetik zerga bidez ordaintzen ari zarela. Bere garaian, erabaki zen Europan politika hori hartzea, baina horrek ekarri du baserritar txiki asko desagertzea eta gero eta gutxiago geratzea.

Baserriaren eta kalearen artean haustura handia da?

Eibarren nabarmena da etena. Eibar mentalitatez oso hiria da, oso urbanoa. Eta baserritarrak, nahiz eta bertan bizi, urruti bizi gara. Gu hibrido bat gara, hanka bat han eta bestea hemen daukagulako. Baina betiko baserritarrak Eibarren caseroak dira, eta plazara joaten diren baserritarrak caseros dira aberaskiloentzat. Mingarria da.

Hausnarketa egin beharra dugu, ezta?

Sistema kapitalistan sartuta gaude, eta kontsumoa da horren oinarria. Dirua mugitu egin behar da. Nekazaritza ere testuinguru horretan sartu da, gu bezalako hippy batzuk salbu. Gazte antikapitalista gero eta gehiago sumatzen dut Euskal Herrian, eta hor ari dira gurasoekiko zilbor-hestea eten nahian. Nik esango nieke, paternalismo pixka bat eginda, gaur egun iraultza egiteko eta gurasoekin eteteko modu bat lurretik bizitzea dela.

Elkartzen zarete baserritarrak?

Baserritarrak beti izan du joera hori. Bakartasunetik, elkartzeko premia etortzen da. Badaude elkarteak, kooperatibak, sindikatuak… Aipatuko nuke gatazkak konpontzeko garaian arazoak izaten ditugula komunikatzeko eta gure ideiak ondo azaltzeko. Badaukagu lehendik datorkigun zama bat, baserri munduan gehiago gertatzen dena, eta da agintekeria. Baserrietan batek agintzen zuen; hark esaten zuena egiten zen, eta kito. Noski, gaur egun horrek ez du balio, eta krisia etortzen da familietan, elkarteetan, kooperatibetan, sindikatuetan… Gauzak hitz egin behar dira, adostu, negoziatu, baina ez dakigu hitz egiten eta gaizki ulertuak sortzen dira. Pentsatu nahi dut hobetzen ari garela, baina gaizki pasata. Nik EHNEn oso gaizki pasa nuen. Asko maite nuen borroka hura, sindikalgintzarena, baina haserretu, eta talde bat atera egin ginen. Zaila da, eta pena txiki bat badut adostasunik ez genuelako lortu.

…eta kitto aldizkarian eta sare sozialetan ere idazten duzu.

Premia bat da. Hausnar hori bota, partekatu eta kontrastatu egin behar izaten dut. Baserriko egunerokotasunean ordu asko dira bakarrik, edo bestela bikotekidearekin edo seme-alabekin ematen ditugu ordu gehienak. Lan mekaniko asko daude, eta, berezko joera dudanez gauzei bueltak emateko, ondo dator partekatzea. Gustura aritzen naiz.

Zein erronkari heldu nahi diozu?

Momentuz, gerraostean Gipuzkoako eta Bizkaiko baserrietan ereiten zen gari mota hori berreskuratzearekin badaukagu nahikoa. Hori lortuko bagenu, pauso handia emango genuke. Askok esaten digute hemen ezin dela garirik erein, baina ni konbentzituta nago baietz, zeren Bretainian egiten da eta antzeko klima dute. Hemen daukagun arazoa da lurrik ez dagoela. Beraz, lur jaberen bat baldin badago bere lurrak utzi edo alokatzeko prest dagoena, tratua egiteko prest gaudela jakin dezala.