Eneko Sagardoy: “Lehen, zoriontsuago bizi nintzen, proiektu guztiei baietz esanda”

Azkue Fundazioko egoitzan elkarrizketatu du Jon Gomez Garaik Eneko Sagardoy. Durangoko aktorea lan eta lan dabil azkenaldian, hainbat proiektutan murgilduta.

Eneko Sagardoy. Leku batzuetan modu batera idatzi ikusi dugu zure abizena eta beste batzuetan beste modu batera. Zelan idazten duzu?
Nortasun agirian Y-rekin dut. Aitak eta anaiek ere bai, eta, Berria-n izan ezik beste hedabide guztietan, Y-rekin agertzen da. Nik Y-rekin defendatzen dut.

Eneko Sagardoy, baina Eneko Sagardoy Mujika. Amaren abizena ere aldarrikatu behar da, ezta, Eneko?

Gehiago esango dizut. Amaren abizena nortasun agirian G eta C letrekin dut. Beste adiera onartuta, Euskaltzaindikoa X eta K-rekin zen eta nik Muxika ez dut abizena, Mujika dut. Horregatik, nik idatziz J eta K-rekin egiten dut. Hori bai errespetatzen didate denek.

Zure ama, Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidentea da. Zenbat zor diozu amari?

Amari, dena. Lehenengo eta behin, mundu honetan bizitzea, ezta? Berarengandik irten nintzen. Amak eta aitak kultura oso modu naturalean helarazi didate betidanik. Ez nuke esango direnik irakurzale amorratuak edo musikazale amorratuak, baina bai oso euskaltzaleak. Ama, bereziki, aita Iruñetik etorri zelako eta euskara hemen ikasi zuelako. Ama gaztetatik oso euskaltzalea izandakoa da eta euskaltzale izateak badituelako kultura eta arte munduarekin loturak. Baina hortik etorri da, modu natural batean. Militantzia horretatik etorri zait gehiago artearekin lotura.

Orduan, antzerki sen hori ez dator gurasoengandik? Nondik dator?

Inondik inora. Eta ez dakit nondik datorren, familia osoan ez dugulako ez bakarrik antzerkira, artera dedikatzen den inor. Nik uste dut txikitan aspertu egiten nintzela, futbola ez zitzaidalako batere gustatzen, eta antzerkitxoak egiten hasi nintzen Ikastolan. Sinesten zizkidaten kontatzen nituen ipuinak, eta gaur arte.

Besteren batean entzun izan dut futbola ez zitzaizula batere gustatzen. Antzerkira dedikatzen zinela; esango nuke hori lotsatia zinelako egiten zenuela?

Oso lotsatia nintzen. Bi alde izan ditut. Esaten dut barrura begirakoa naizela, baina jende gehienak esaten dit saltseroa naizela eta umore handia dudala. Bai, baina oso-oso lotsatia naiz eta oso-oso lotsatia eta beldurtia nintzen; txikitan, batez ere. Ez dut ezer futbolaren kontra, baina ez ninduen erakartzen. Gero, egia da kirolean hasi nintzela saskibaloian jokatzen. Oso txarra nintzen hasieran, baina hainbeste ordu sartu nituen, Bizkaiko Selekzioan hartu nindutela. Agian, nire barruan badago kirolari super on bat. Baina nahiko alferra naiz zentzu horretan.

Nahiago duzu antzerkia egin, eta gaur egun asko zor diozu txikitan antzerkia egiteari…

Duda barik. Nik uste dut ikastolan antzerkirik egin izan ez banu, ez nintzela gaur egun hemen egongo. Gure ikastolan, orain arte, derrigorrezkoa izan da antzerkia egitea DBHko bigarren mailan. Hori uste dut ikasle moduan beldurgarria den zerbait izan daitekeela, jendearen aurrean antzerkia egin behar duzulako, baina, nire ustez, eskola guztietan izan beharko litzateke derrigorrezkoa. Beldurra eman dezake edo kolokan jarri dezakegu ume lotsati bati zenbat kosta dakiokeen antzerkia egitea, baina matematikek ez al dute beldurrik ematen hasieran? Nire ustez, antzerkia eta artea bada modu bat gero, etorkizunean, egunerokotasunean ditugun zailtasunei aurre egiteko. Sentimendu bat nola kanporatu ez dakidanean, formula matematiko batek ez dit lagunduko. Apustua, orokorrean, handiagoa izan behar da arteari dagokionez eskola orduetan.

Hain zuzen, antzerkia, musika eta horrelakoak eskolaz kanpoko orduetan izaten dira gehienetan, ezta?

Bai. Uste dut antzerkiarekiko, dantzarekiko, ideia okerra dugula. Badirudi ondo pasatzea dela. Hori ere bada, baina hori edozein ikasgaitan lortu beharko litzateke. Eta, horrez gain, badituzte hainbat konpetentzia antzerkiak, arte plastikoek edo musikak, beste edozein modutara ezin dituzula jaso. Umeek ikusten badute pisu bera dutela arte plastikoek, natur zientziek edo matematikak, etorkizunean publiko bihurtzen badira, sormenaren lanean dabiltzan horiek beste modu batera ikusiko dituzte. Bestela ikusiko dituzte eta ikusten gaituzte beti titiritero kuadrilla zoro baten moduan, nahi dutena egiten, baina lan serio bat egin gabe. Ikuspuntu hori gaur egun nahiko orokorra dela uste dut.

Bizizale huts moduan ikusten zaituztete?

Eta bizizaleak bagara, baina bizizale den moduan bulego baten lan egiten duena. Guk ordu asko sartzen ditugu, asko ikasten dugu, lan asko egiten dugu, modu prekarioan lan asko egiten dugu, gutxi batzuek daukagu aukera modu ez hain prekarioan lan egiteko, baina langileak gara, azken finean. Zerikusi handia du unibertsitate ofizial batean Arte Dramatikoa eman den aurreneko aldia duela lau urte izan zela. Horrek ere uste dut gizartean baduela eragin bat, eta kultura hori sustatu behar da. Hau da, herritar bezala esatea: baina arte dramatikoa karrera bat da? Bai, eta euskaraz egin daiteke. Baina guk hori duela lau urte egiaztatu dugu. Katalunian, adibidez, hamarnaka urte daramate hori egiten. Horrek, inguruan, profesionala den komunitate bat sortzen du, eta publikoa horren inguruan bilduko da; bestela, beti ibiliko gara bazterretako proposamenak egiten.

Sektorea profesionalizatzearen garrantzia da horixe bera…

Zalantzarik gabe. Profesionalizatzeko, batez ere, ikas-materiala euskaraz jasotzen baduzu eta irakasleak euskaldunak badira, euskal dantzak non emango dira Euskal Herriko Unibertsitatean baino hobeto? Arte Dramatikoa eta dantza unibertsitatean baino hobeto? Beste toki batzuetan ukitzen da, baina, dudarik gabe, hemen egongo dira irakasle onenak arlo horretan, ezta? Kontua da hemen ez badira ematen euskal antzerkia, maskaradak, euskal dantzak… ez direla beste inon emango, ez bada modu anekdotikoan. Beraz, kanpora begirako lanketa eta ikasketa bai, baina bertako arte adierazpideak zaindu eta ofizializatu egin behar ditugu. Horretan hasi berri gara.

“Orain, Goya irabazi duen aktore moduan ezagutzen naute”

24 urte besterik ez izan arren, zer-nolako diskurtso potentea duzun…

Nire inkoherentzia guztiekin. Duela gutxi, bilera batean esan zidaten 24 urte izateko… Baina ni 18 urterekin hasi nintzen lanean, antzerkigintzan. 18 urtetatik barra baten atzean dabilen zerbitzari batek sei urte daramatza ia egunero horretara dedikatzen; sei urtetan kontatuko dizkizunak zur eta lur utziko zaitu. Orduan, beste herritar batek ematen ez dizkion bueltak ematen dizkiozu. Orain, gaur esango ditudanak bihar kolokan jarriko ditut. Batzuetan, buelta gehiegi ematen dizkiet gauzei.

Aktore moduan sei urte daramatzazu Goenkale-n hasi zinen, turkiar baten paperean. Nork ez du Goenkale ezagutu…

Niretzat kristoren ilusioa eta lan mundura lehenengo hurbilpen bat izan zen. Ikusi nuen soldata bat jaso zenezakeela aktore lana eginda. Hor ikusten da zer hutsune dugun, ez dugulako hori inoiz imajinatzen. Eta hor hasi zen nire ibilbide profesionala. Hor ezagutu nituen gaur egun ditudan lagunik handienetariko batzuk, eta bai izan zen bultzada bat niretzat. Pentsatzea, bueno, Eneko, agian, benetan lor dezakezu hau. Oso garai polita izan zen.

Askotan esaten da garrantzitsua dela momentua eta momentu zehatz horretan pertsona zehatz batekin bazaude horixe bera aprobetxatzea, ezta?

Nire ustez, lan egitea da. Zortean oso gutxi sinisten dut. Agian, gauzak ondo ateratzen ari zaizkidalako da. Bestela esango nuke, agian, honek zer zorte handia duen, eta ni ze zorte txarrarekin nabil. Gauzak ondo doazenean uste dut errazagoa dela esatea lan egin behar dela eta ez dela zorte kontua. Baina jende asko dago lan asko egin duena, talentu handia duena eta lanean ez dagoena. Nire ustez, garrantzitsuena da lan aukera duzunean ordu asko sartzea. Lan asko egitea. Nik lehenengo urteetan baietz esaten nien gauza txikienei eta handienei, aurreiritzirik gabe, eta dena ematen nuen. Eta dena ematen duzunean, ematen duzu onena eta txarrena ere bai. Orain neurtzen ari naiz zeri baietz esan eta zeri ezetz. Lehen, zoriontsuago bizi nintzen, denari baietz esanda. Hori ere egia da.

Aztoratu samar heldu zara, proiektu berriak heldu zaizkizulako, beste batzuk hankaz gora edo ez jarri behar dituzun baloratu behar duzulako… Hau du farandularen mundua?

Lanean gabiltzan gutxiengo batek bai. Duela gutxi, dei bat izan nuen, eta dei batek jar dezake hankaz gora hurrengo urte osoa. Nire kasuan, beste dei bat izan dut gaur goizean berriro dena irauli duena, eta konpromiso batzuk hartuta nituen, eta, agian, ezin dituzu bete. Baina ondo gelditu nahi duzu jendearekin eta hitza mantentzea oso garrantzitsua da niretzat. Batzuetan, hala ere, ezin da, eta hor agertzen da ere bakoitzaren morala eta ze irizpide dituzun proiektu bat edo beste aukeratzeko, jakinda ezetz esango diozun proiektu horri inork ez duela jakingo ezetz esan diozunik. Beti amaitzen dut neure barrura begiratzen, baina momentu hauek ere zailak dira. Zailagoa da, hala ere, etxean lanik gabe egotea.

Sei urtean hainbat lan egin dituzu. Fedra Lolita Floresekin ere. Nola izan zen berarekin lan egitea?

Pasada bat da Lolita Floresekin lan egitea, bai. Ni aurreiritzi pilo batekin joan nintzen esan zidatenean Lolita Flores izango zela nire ama eta protagonista. Esan nuen, baina honek antzerkia egitea du? Bai, antzerkia egin du eta emakume oso eskuzabala da, eta Espainiako folkloreaz pila bat ikasten ari naiz. Errieta egiten dit txaloak jotzen hasten naizenean; esaten dit, ez badakizu, ez jo. Esperientzia, beraz, kristorena Lolita Floresekin bira bat egitea Espainiako Estatu osoan. Antzerkia lehenengoz Madrilen egitea, eta, gainera, bere janari sobrak ekartzen dizkit tuperrean. Ekartzen dit, adibidez, berenjena-tortilla; kar, kar, kar…

Lehenengoz Madrilen zabiltza. Asko ikasten ari zarela suposatzen dut.

Asko ikasi dut eta asko sufritu dut Madrilen lanean. Badirudi antzerkia denez oso antzekoa izan behar dela hemen edo han lan egitea. Eta ez da…

Eta inor ez ezagutze horrek ez dizu beldur puntu bat ematen?

Bai, haiek elkar ezagutzen dutelako eta talde honetan nola sartuko naiz ni galdetzen diozulako zeure buruari.  Baina, beste alde batetik, ez dute inongo aurreiritzirik nirekiko, ezta nik haiekiko. Kanpotik ezagutu ahal nautena kenduta, Goya bat irabazi dudala eta Euskal Herrian lan asko egin dudan aktore bat naizela. Horrek, beraz, baditu alde onak eta txarrak, baina han hutsetik hasten zara. Hori, zalantzarik gabe.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Handia ere. Zenbat zor diozu pertsonalki eta profesionalki? Aktore berriaren saria jaso zenuen, eta, gainera, euskarazko lan bategatik Goya irabazi duen lehena izan zara. Zelan kudeatzen da  hori guztia?

Lehen aktorea, bai. Nik ez ditut oso ondo kudeatu, egia esateko. Gozatu egin nuen, eta asko, gainera, lan egiten, Handia egiten. Nire bizitzako esperientziarik ederrena izan da. Eta eman didana ikaragarria da. Gaur egun lanean jarraitzearen arrazoi handienetarikoa da. Sariak eta errekonozimendu hauek guztiak… Niri, kostatu egin zait leku bat ematea. Baina egia da sariek ez didatela lanik ematen bere horretan. Ondo dago errekonozimendu hori, baina lan ona egin genuela bagenekien.

Sari baten ostetik lan gehiago edo errazago etorriko dira, ezta?

Bai, bai. Uste dut baietz, baina askoz ere oroitzapen hobea dut errodajearen garaikoa, Goya jaso eta hilabete horiena baino.

Inoiz ez duzu planteatu, sei urte hauetan, lan hau uztea? Izaten dira krisialdi batzuk, ezta?

Ba, begira, azkeneko hilabete hauetan pila bat. Bai, hain nekatuta nago… Fisikoki oso nekatuta nabil eta psikologikoki ere martxa handia da. Sortzen direlako itxaropen handiak, eta zuk ere sortzen dituzulako. Hori guztia modu batean edo bestean kudeatu behar duzu. Duela gutxi, antzerki ikastaro bat egin nuen Madrilen eta oso gustura egon naiz. Sei urte hauek daramatzat etenaldi bat noiz egin eta ikasteko tarte bat hartzeko. Gogo horrekin banabil, baina badirudi, oraingoz, geldialdirik ez dela egongo.

Lan eskaintzak barra-barra etorri zaizkizu, beraz. Amaitzeko, berba batzuk botatzen badizkizut, labur erantzungo zenuke? Prekarietatea hitza esango banizu?

Orokorra, ezta? Irakasleen greba izan zen atzo, adibidez. Aktoreak prekarietatean bizi dira? Bai, noski; gehienak. Baina beste lanbide guztietan ere bai. Zoritxarrez, transbertsala da.

Gaztelania hutsezko antzerkia Euskal Herrian.

Hemen, Euskal Herrian, zentzugabekeria bat.

Zer da, zuretzat, Madril?

Zarata asko. Espainiako Estatuko hiriburua. Leku polit pila daude, eta leku guztietako jende zoragarria dago. Landa mundu oso zabala dago, ikaragarria. Hiri estresagarria da, baina aukera asko ematen dizkizuna ere bai.

Aukera asko ez dakit eskaintzen zaizkion euskal fikzioari. Zer da, zuretzako, euskal fikzioa?

Niretzat, euskaraz egiten den fikzioa da. Aukerak? Ez dakit… Zineman, pelikula oso ederrak izan ditugu azken garaiotan. Oreina ikusi dut duela gutxi eta maitemindu egin ninduen film bat izan da, adibidez. Telebistan, aldiz, hutsune bat. Helduentzako euskarazko fikzioari dagokionez, hainbat hilabetetako hutsunea dugu, eta horrek triste jartzen nau. Triste jartzen nau ikusle moduan, eta langile moduan ere bai. Bestalde, euskal fikzioa antzerkian oso osasuntsu dabilela uste dut.

Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizlea elkarrizketatu nuen duela hilabete batzuk eta berak esan zuen Handia-ri esker hobeto entzungo gaituztela euskaldunoi kanpoan…

Bai, kanpoan eta hemen ere bai. Handia estreinatu genuenean, hemen entzuten gintuzten, baina Goyak irabazi arte… Zinemak bete egin ziren ostean. Euskal Herriko historian pelikula ikusiena zela zioten, baina oraindik jende askok ez zuen ikusi. Baina ados nago Leirek esandakoarekin. Kanpotik ematen dizkizuten sariek eta prestigioak bultzada ematen diote pelikulari eta baita industria osoari ere. Nik beti esan ohi dut pelikula on bat, antzerki on bat edo liburu on bat irakurtzen dudanean euskaraz, hau denontzat dela ona. Emango duelako sinesgarritasun bat, duintasun bat eta erreferente bilakatuko delako. Gauza txarrak eta desastreak ere egingo ditugu, baina horiek ere behar ditugu, eta normala da.

Denetarik egon behar du merkatuan, ezta?

Noski, beti ezingo dugu joan zinemara zatituko gaituen zerbait bilatzera. Batzuetan, entretenitzera goaz, eta entretenitzea oso zaila da. Patxo Telleriak esaten duen moduan, ez ditzagun konfunditu entretenimendua eta distrakzioa. Distrakzioa oso gauza eskasa da, baina entretenimendua oso ona eta oso zaila da.

Jarraitzen zaituenak badaki anaia bikia duzula. Nola darama berak zure fama? Batez ere, askotan, nahastu egingo zaituztelako.

Nik fama nabaritzen dut Bilbora natorrenean eta jendeak kalean gelditzen nauenean. Hori Goenkale-rekin ere ez zen gertatzen. Ez dakidana da pelikula egiteagatik edo Goya irabazteagatik izan den. Carlos Vermut zinemagileari duela gutxi irakurri nion esaldi bat famaren inguruan. Berak zioen fama dela eragiten duena norbaitek zu zarenarengatik tratatzen hastea, eta ez egin duzunarengatik. Ni, orain, Goya irabazi duen aktorea naiz, eta berdin da nik Handia egin dudan edo beste zerbait egin dudan. Hor dago niretzat fama eta ospearen hipokrisia hori. Nire anaia, beraz, ezagutzen dute. Lehengoan, joan ginen Madrildik bisitan etorri zitzaidalako lagun batzuekin, eta neska batek gelditu gintuen kalean. ’Handia’-ko anaiak, esan zigun. Gauza arraroa… Baina orain, anaia Bartzelonan bizi da, eta han dago lanean; beraz, beste mundu batean dago. Hala ere, ez zaio askorik gustatzen jendeak ezagutzea.