Eneko Lambea: “Gimnasia erritmikoa nesken kontua da oraindik gizartearen begietara”
Eneko Lambea gimnasia erritmikoa modu federatuan praktikatzen duen mutil apurretakoa da Euskal Herrian. 2 urterekin hasi zen Leioako Sakoneta klubean askorentzat nesken kirola dena praktikatzen, eta, joan den azaroan, Espainiako txapela eskuratu zuen maia absolutuan.
Asko aldatzen da bizimodua Espainiako txapeldun izanda?
Berdina da. Igandean Espainiako txapeldun eta astelehenean klasera. Ez da ezer aldatu.
Hainbeste lan eta sufrimenduren ostean, liberazio moduko bat izango da, behintzat…
Hainbeste entrenatu eta gero Espainiako txapeldun izateak egia da gustua ematen duela, sufrimenduari zentzua ematen diolako. Baina uste dut kirolari batek egindako lanarekin egon behar duela pozik, ez lortutako postuarekin.
Eta bere garaian zurekin kritiko izan zirenekin edo ulertzen ez zintuztenekin akordatu zara egun hauetan?
Ez. Egia esan, baztertuta daukat. Momentuan pentsatzen dut, nire inguruan, eta gainerakoa ahaztu egiten dut.
Zure kirolarentzat ere lorpen garrantzitsua izan da. Hedabide askotan agertu zara zure garaipenaren ondoren, eta ikusgarritasun handia eman diozu mutilen gimnasiari…
Gimnasia erritmikoa, orokorrean, ez da hedabideetan asko agertzen, eta egia da txapelketaren ondorioz zenbait tokitan agertu naizela. Hori ondo dago.
Beste batzuentzat atea zabaltzeko modu bat izan daiteke?
Bai. Kirol bat ezagutzen ez denean zaila da hastea, baina, jendeak ikusten badu eta zer den erakusten bazaio, errazagoa da norbait animatzea.
Nik ez nuen finala ikusi, baina kronikek diote pilotarekin egin zenuen ariketa ikusgarria izan zela…
Oso pozik nago egin nuen lanarekin eta, bereziki, pilotarekin egindakoarekin. Txapelketa aurretik segurtasunik eza handia neukan, uste nuen pilotarena izango zela okerren aterako zitzaidan ariketa, baina txapelketan asko disfrutatu nuen, oso eroso sentitu nintzen, eta oso gauza berezia, oso oroitzapen ona geratu zait.
Ariketa guztietan zailena da zuretzat?
Esango nuke baietz. Muntaia prestatzerakoan arrisku handiak hartzen saiatzen naiz, eta pilota, zentzu horretan, oso zaila da, guztiz zehatza ez bazara dena pikutara joan daitekeelako. Uztaia hartzea, adibidez, errazagoa da, baina, pilotak alde egiten badu, akabo. Konplexuagoa da eta arriskua ere handiagoa da.
Nola prestatzen da muntaia bat?
Normalean, entrenatzailearen eta kirolariaren artean adosten da. Lehenbizi, musika aukeratu behar da, estilo eta kanta zehatza. Kirolariaren gustukoa izan ohi da, edo bere gaitasunei ondo datorkiona, behintzat. Eta, hortik aurrera, keinuak, mugimenduak prestatzen dira, beti musikari jarraituz.
“Tapizaren gainean nagoenean ni neu izateko aukera daukat“
Zein musika aukeratu zenuen pilotaren ariketarako Espainiako txapelketako finalean?
Musika alaia izan zen. Ikuskizun bateko aurkezlearen papera jokatu nuen.
Garbi daukat zu oso gimnasta ona zarela, baina, 16 urterekin Espainiako onena bazara, konpetentziak sortzen dit zalantza. Hain kirol ezezaguna izanda eta hain gutxik praktikatuta, nolako maila dago mutilen artean?
Oso altua. Espainia da mundu mailan mutilen gimnasian maila altuena dagoen tokia. Finalean sei ginen, baina seiak txapeldun izateko modukoak. Oso maila ona dago.
Hemen Euskadin, esaterako, zenbat zarete?
Espainiako txapelketara bi bakarrik joan ginen, Unai [Arrieta] eta biok. Baina maila baxuagoetan badaude mutil gehiago.
Galdetzen dizut, esan dugulako hedabideetan oihartzun handirik ez duen kirola izateak ez duela askorik laguntzen, baina, gainera, beti esan izan da gimnasia nesken kirola dela, eta horrek ere ez du zuen kasuan askorik lagunduko, ezta?
Argi dago. Mutil bati gurasoek kirol bat aukeratzeko ematen diotenean, aukeren artean ez da gimnasia erritmikoa egoten. Mutil batek gimnasia erritmikoa aukeratzen badu benetan gustuko duelako da eta kirola ezagutzen duelako; bestela, soilik nesken kontua dela usteko du gizarteak hala dela esaten duelako.
Oraindik ere puntu horretan gaude?
Gizartearentzat, orokorrean, nesken kirola izaten jarraitzen du, bai, baina gimnasiaren munduan murgilduta dagoen jendearentzat ez. Gero eta gehiago ezagutzen da gizonezkoen gimnasia erritmikoa. Uste dut pixkanaka ari garela berdintasun puntu batera gerturatzen.
Zuk traba asko izan dituzu zentzu horretan?
Familia eta ingurukoen aldetik ez. Arreba nagusiak gimnasia erritmikoa egiten zuen eta ni 2 urterekin ikustera joaten nintzen. Senideek beti animatu naute benetan hori gustuko banuen aurrera egitera. Gero, kanpotik bai, izan dira komentarioak, eta abar, baina niri gehienak ez zaizkit heldu, nire gurasoek hesi-lana egin dutelako, kritikengatik sufritu ez nezan.
Beraz, arrebaren bidea oso txikitatik hartu zenuen…
Ez dut neure burua gimnasia erritmikorik gabe gogoratzen. Lehenengo oroitzapenak uztai batekin kalean gimnasia praktikatzen dira.
Zure entrenatzaileak dio oso modu berezian bizi duzula gimnasia, pozagatik edo haserreagatik, baina, askotan, ariketak negarrez amaitzeko punturaino. Zer sentitzen duzu gimnasia erritmikoa praktikatzean?
Zaila da azaltzeko. Ni, berez, ez naiz oso pertsona irekia, baina tapizaren gainean nagoenean ni neu izateko aukera daukat eta oso momentu berezi bat bezala sentitzen dut. Egindako lana erakusteko gai banaiz, emozionatu egiten naiz, eta, gaizki ateratzen bada, pena handia sentitzen dut, eta orduan ere emozionatu egiten naiz. Ez daukat erdibideko punturik.
“Nire gurasoek hesi-lana egin dute, kanpoko kritikengatik sufritu ez nezan ”
Nolakoa izan zen hastapena 2 urterekin? Hain txikia izanda, materialik ere ez zenuen izango…
Uztaiak badaude salgai, baina soka ariketarako, adibidez, eskalatzeko sokak edo, bestela, pertsianetakoak hartzen nituen. Eta, mazorik ez neukanez, Gabonetako kotiloietako maraka batzuk erabiltzen nituen.
Ze punturaino izan da garrantzitsua zure ibilbidean zure entrenatzailea?
Oso pertsona inportantea izan da; klubera iritsi nintzenetik nire aldamenean eduki dut beti, eta laguntzeko prest. Ezin dut nire ibilbidea bera gabe imajinatu.
Berak ere apustu handia egin zuen garai hartan Sakonetan mutil bakarra izango zinelako…
Orduan bazen beste mutil bat nire aurretik gimnasia erritmikoa praktikatzen zuena. Dagoeneko utzia dauka, baina egia da zentzu horretan nirea ez zela erabateko berritasuna izan.
Kanpotik ikusita, sentsazioa daukat gimnasia erritmikoa oso kirol exijentea dela, bereziki, hain ume txikiez ari garenean, fisikoki zein eskatzen duen inplikazio mailagatik. Hala da?
Egia da. Oso exijentzia handiko kirola da, eta, gainera, oso gaztetan praktikatzen dena. Entrenamenduak latzak dira, hiru-lau ordukoak askotan, eta, gainera, gimnasia erritmikoan entrenatzailea ezin da denbora guztian zure gainean egon, talde bat daukalako. Horrek eskatzen duena da oso txikitatik autoexijentzia handia izatea eta benetan hobetu nahi badugu gu geu izan behar dugula geure buruarekin exijenteak.
Baina hori ez da ohikoena ume batengan. Autoexijentzia maila hori izateko bere adinari dagokiona baino heldutasun handiagoa eskatu behar zaio…
Heldutasun puntu bat eskatzen du, bai. Oso ondo antolatu behar dugu, batez ere, baina umeak garela bazterrean utzi gabe.
Zure adineko umeek egiten zituzten gauzak egin ahal izan dituzu ala gauza asko galdu dituzun sentsazioa daukazu?
Lagunen urtebetetze festak, adibidez, sarritan galdu ditut. Edo nire herriko festak, justu Espainiako txapelketa jokatzen den garaian izaten direlako. Baina gustuko dudan zerbait egitearen truke izan da; beraz, nik ez dut galera bat bezala ikusten.
Eskatzen duen lanaren adibide bat jartzeko. Zenbat denbora behar izan duzu Espainiako txapelketara eraman duzun muntaia prestatzeko?
Astean sei egun entrenatzen nintzen, egunean lau bat ordu. Normalean, urte osoa ematen dugu prestaketa egiten, irailean hasi hurrengo urteko ekainean jokatzen den txapelketan ateratzeko. Koronabirusa dela-eta etenaldia egon zen martxoan, eta txapelketa azaroan jokatu zen, baina, normalean, urtebeteko lana izaten da. Batzuetan, muntaia berak bi urterako balio izaten du, hobekuntza eta berritasun batzuk sartuta.
Eta nolakoa izan da pandemia garaian entrenatzea?
Etxetik, entrenatzailearekin Skype deiak eginez. Egunero entrenatzen jarraitu genuen, baina, batez ere, arreta gorputzean jarrita. Flexibilitatea, prestakuntza fisikoa… hori landu genuen, batez ere.
Flexibilitatea eta gorputzaren prestakuntza aipatu dituzunez, zer diferentzia dago alde horretatik sexuen artean eta baita adinean aurrera egin ahala?
Sexuen artean desberdintasunak daudela garbi dago. Orokorrean, neskak flexibleagoak dira eta mutilak, indartsuagoak; beraz, batzuek flexibilitate handiagoko ariketak egin ditzakete, baina beste batzuek salto hobeak. Nahiz eta desberdinak izan, nik uste dut alde horretatik oreka bat dagoela. Adinari dagokionez, berriz, txikitan flexibilitate handiagoa daukagu, eta flexibilitatea lortzeko erraztasun handiagoa. Nagusiagoak garenean, daukagunari eustearekin nahikoa lan!
Zein da mutil batentzat gimnasta bezala bere onena emateko adin aproposena?
Ez nago ziur. Nik pertsonalki uste dut ez dudala nire punturik onena lortu. Neskek baino flexibilitate gutxiago daukagunez, esango nuke gure puntu onena eurena baino beranduago iristen zaigula. Neskena 15-16 urterekin izan ohi da eta mutilena 18-20 urte bueltan egon daitekeela uste dut. Urte bat edo pare bat urte barru iritsi naitekeela uste dut.
Paris 2024rako 20 urte izango dituzu. Ondo?
Ondo legoke, bai. Gainera, gauza bat da puntu gorenera iristea, baina, gero, maila horretan urteetan iraun daiteke. Hori ez da arazo izango.
Posible ikusten duzu?
Ez. Paris 2024 oso gertu dago eta gauza gehiegi aldatu behar dira oraindik mutilen gimnasia erritmikoa kirol olinpikoa izateko. Aldagai asko daude tartean, gainera. Hasteko, Japonian, guk egiten dugunarekin zerikusirik ez daukan kirol berri bat asmatu dute, akrobazietan oinarritzen dena, eta mutilen gimnasia erritmikoa izena jarri diote. Gerta liteke Joko Olinpiarretan hori onartzea eta gurea, benetakoa, kanpoan geratzea. Horretaz aparte, kontuan izan behar da herrialde askotan ez dagoela kirol hau praktikatzen duen mutilik, eta horrek ere asko zailtzen du dena.
Emakumeen gimnasian puntakoak diren herrialdeen kasua da; Errusiarena, esaterako…
Bulgaria, Errusia… oso herrialde kontserbadoreak dira. Han oraindik nesken kirola da.
Zer esango zenioke zuk gimnasia erritmikoa praktikatu nahi duen baina animatzen ez den mutil bati?
Probatzeko, behintzat, ez duela ezer galduko. Atsegin badu, primeran, eta, bestela, beti izango du beste kirol batera pasatzeko aukera.
Zuk, gimnasiaz aparte, zer beste afizio dituzu? Matematikan ere txapelduna omen zara…
Moldatzen naiz, bai. Lehen Hezkuntzako seigarren mailan nengoenean, Euskadiko matematika olinpiadak irabazi nituen.
Eta horrek ezertan laguntzen dizu gimnasia praktikatzerakoan?
Ez zuzenean. Baina egia da denbora-espazio ikuspegia oso garatuta daukadala eta horrek matematiketarako eta gimnasiarako laguntzen didala. Uztaia edo pilota jaurtitzerakoan nola doan eta non eroriko den aurreikusteko balio du, baina ez dago lotura zuzen bat matematikan ondo moldatzearen eta gimnasia ondo egitearen artean.
Eta, matematikez aparte, beste zer?
Informatika gustuko dut, programazio mundua… Uste dut unibertsitate ikasketak bide horretatik egingo ditudala.
Informatikaren bide hori hasten duzunean gimnasia albo batera geratuko da edo nahiko zenuke zure kirolari lotuta jarraitu?
Gimnasiari lotuta jarraitu nahiko nuke. Kirolari bezala lehenago edo geroago amaituko da nire ibilbidea, baina entrenatzaile bezala segitu nahiko nuke, informatikari bezala lan egin arren, lotura txikiagoarekin, baina gimnasiaren munduan jarraitu.
Zuk ez lortu arren, gustatuko litzaizuke zuk entrenatutako mutil bat nazioarteko lehiaketa baten ikustea?
Zalantzarik gabe. Nahiz eta nik bera ez entrenatu. Mutil bat Olinpiar Jokoetan edo Europako txapelketa batean ikustea ilusio handia litzateke.