Endika Barrenetxea: “Buruak eman zidan txapela”
Endika Barrenetxea erremontista profesionala da, eta iaz irailean lortu zuen garaipenik handiena: buruz buruko txapeldun izatea. Borrokalari petoa da, Krohn gaitz oraingoz sendaezina duelako. Lortzen ari da, hala ere, kirolari jarduna eta gaixotasuna uztartzea, eta bizitzarako erremonteak asko laguntzen diola esaten du.
Barrenetxea IV.a. Horrek esan nahi du ez zarela aurrenekoa.
Nire aurretik beste hiru egon ziren: aita eta bi lehengusu.
Aukera handiak zenituen, hortaz, erremontista izateko.
Bai. Alde batetik, kirol honen inguruan bizi izan naiz umetatik, eta zaletasun horrek indar handia eman dit aurrera segitzeko gero. Jende askok futbolari nahi izaten du, baina nik erremontista izan nahi nuen ume-umetatik. Otarre batekin lehen aldiz argazki batean sei urte nituela azaltzen naiz.
Gauza bat da nahi izatea, eta bestea, iristea. Zer dago elitera heltzerainoko bide horretan?
Ordu asko, eta lan psikologiko handia. Segi egin behar da etengabe, eta beti ez ditu fruituak ematen. Aita izan dut alboan beti, kantxa barruan eta kanpoan, eta haren laguntzari esker dena errazago egin zait.
Lana, orduak, sakrifizioa… baina berezkotik ere izango duzu zerbait, ezta?
Baietz uste dut. Kirolari batek ezaugarri asko uztartu behar ditu, eta denetan gutxieneko maila izango dut. Baina orduak sartu ez banitu, ez dut uste aparteko gaitasunik edukiko nuenik. Uste dut konstantziaren eta lanaren ondorioa izan dela nire kasuan.
Aitaren aholku onena izan omen duzu orduak sartu behar direla barneratzea.
Bai, baina asko kostatu zitzaidan ikastea. Hainbeste aldiz esan zidan, azkenean ikasi egin behar. 15-16 urterekin zaila da gauzak albo batera uztea, ez delako ikusten sakrifizio horrek noraino eramango zaituen. Baina hark garbi ikusten zuen dohainak nituela gora heltzeko, eta gogor egin zidan. Gero, debuta eginda profesionaletan, hasi nintzen ikusten fruituak ematen ari zela aurrez egindako lan guztia. Garaipenak etorri ziren ondoren, Binakako Txapelketa, adibidez; eta ametsa betetzea izan zen. Konturatu nintzen eutsi egin behar niola ordura arte ikasitako guztiari, eta ikasketa horretan konstantzia oinarri-oinarrian dago.
Ametsa beteta ere, konstante izaten segi behar.
Bai. Irabazi aurretik sentsazio batzuk izaten ditut, irabazten badut lasaitu egingo ote naizen edo hobetu egingo naizen. Zalantza eta kezka horiek eduki izan ditut beti, baina behin irabazita, baita azkeneko txapela honekin ere, kontrakoa pasatu zait: indar handiagoa eman dit lanean jarraitzeko. Jendeak pentsa dezake buruz buruzkoa irabazi eta gero lasaitzeko arriskua dagoela, baina nire kasuan kontrakoa ari da gertatzen, inoiz baino gehiago ari naiz entrenatzen. Orain arteko sakrifizio guztiak itzuli dizkit erremonteak, eta orain zeroan gaude, hasieran bezala: berriz ere nik eskaini behar diot berak bueltan emateko. Kontadorea zeroan dagoenez, orduak eta orduak sartu behar ditut berriz.
Binakakoa irabaztea ametsa izan bazen, zer izan zen aurreko irailean buruz burukoa irabaztea?
Nire amets gozoenetan ere ez zegoen. Finala bigarren aldiz jokatu nuenean, iaz, ez nintzen erotu aurrenekoak sortu zizkidan arazoengatik. Ez nion arreta gehiegi eman nahi, eta, agian, horregatik lortu dut txapela. Oso presio gutxirekin hasi nintzen txapelketa jokatzen, gustura, eta finalera heltzean nire buruari esan nion ez nuela ezer galtzeko, urte txarrak pasa nituela. Geratzen zitzaidana gozatzea zela pentsatu nuen, egindako lana errematatzea, eta pentsamolde horregatik presioa asko arindu zitzaidan, eta, horri esker, finalean nire maila onena eman nuen.
Kirolari guztiek aipatzen duzue buruko lana funtsezkoa dela.
Horrelako final batean, ia dena da. Fisikoki ondo guztiok prestatzen gara, baina estresak sor ditzakeen gauzengatik arlo fisikoan aldaketak eragiten ditu: bihotz taupadak azkartzen dira, energia gastua handitu egiten da… Buru aldetik ondo ez egonda, inoiz ez da nahikoa izango prestaketa fisiko ona. Lehen finalean, Urrizaren aurka galdu nuen hartan, fisikoki topera nengoen, baina buruz ez, eta gero etorri ziren gauza guztiak. Horregatik, ondorengo hiru urteetan nire burua ondo lantzen aritu naiz, tentsio guztiak kudeatzeko. Ez zait erraza izan, baina aldea hor dago bi finalen artean. Buruak eman dit txapela.
“Futbolari ez, erremontista izan nahi nuen nik”
Aipatzen duzunean duela hiru urteko finalaren ondoren etorri zitzaizuna zure gaixotasunaz ari zara: Krohn gaitza daukazu, eta finalaren ondoren azaldu zitzaizun.
Sintomak lehenagotik ez neuzkan. Aurretik, izan ditut osasun arazo larriak: bi tumore eduki nituen, garatu ez zirenak. Horiek aztertzeko ez zidaten Krohn gaitzaren arrastorik aurkitu, baina hor neukala esaten didate. Sinetsi egingo diet, beste aukerarik ez dudalako. Kontua da 2016ko finalaren atarian, aurreko hamar egunetan, hedabideetan asko azaltzeak tentsio handia eragin zidala, adierazpenak ondo pentsatu behar nituelako eta esaten nuenak ondorioak izan zitzakeelako. Tentsio horren eraginez, gaizki sentitzen hasi nintzen, komuneko buelta sarritan egiten nuen egunero, eta uste nuen finala pasa eta gero lasaitu egingo nintzela. Baina ez. Berdin jarraitzen nuen. Ez jaten hasi nintzen, gosaldu soilik egiten nuen, eta egun guztirako balio zidan. Ez nuen ez bazkaltzen, ez afaltzen, eta berdin segitzen nuen entrenatzen. Gosaria ez aurrera ez atzera geratzen zitzaidan sabelean, eta, bi orduko entrenamenduak eginez, gehiago jan gabe, hamalau kilo galdu nituen lauzpabost hilabetetan. Orduan hasi nintzen odol jarioekin, handiak, gainera, eta egunero, eta espezialista batekin hasi nintzen, larritu egin bainintzen. Neukan historial medikua edukita, gainera, gauzak gaizki zindoazela pentsatu nuen. Bila hasi ea zer nuen, eta bost hilabete behar izan zituzten medikuek Krohn gaitza dudala jakiteko. Gaitzak baztertzeko probak egin zizkidaten, eta proba bakoitzean gaizki pasatzen nuen: astebete egoten nintzen erietxean. Oso hilabete gogorrak izan ziren bost horiek, lau aldiz egon nintzelako erietxean. Gaixo nengoela jabetu nintzen, gaixoa nintzela, eta oso une gogorrak izan ziren niretzat. Erietxean sartze hutsak badu eraginik gure psikologian, eta, behin gaitza diagnostikatu zidatenean, asko lasaitu nintzen. Gaitza kronikoa da, ordea, eta hasi nintzen pentsatzen horren ondorioa zein den. Hiru urte geroago hasi naiz konturatzen zer esanahi duen kronikoak.
Beti zaudela gaixo, alegia.
Oraingoz, bai. Ikertu gabeko eremua da. Nire medikamentuak lau urte dauzka, berria da, eta, agian, beste lau urtetan asko aurreratuko dute medikuntzan, ahal dela kronikotasun hori kentzeko. Baina hala izaten bizi behar badut, onartu egin beharko dut, baina oraindik ez daukat barneratua eta ez dut egingo urte askotan.
Borroka egiteko grina dago jarrera horren atzean.
Bai. Gorputzak mugak dauzka, baina beti ez dugu amore eman behar muga horien aurrean. Orain hau daukat, eta hemendik aurrera ateratzen diren medikamentu berriak probatzeko prest egongo naiz, gaixotasunari aurre egiteko. Indartsu nago horretarako. Gustatuko litzaidake esatea hemendik urte batzuetara ez naizela gaixo kronikoa, kroniko sendatu bat baizik.
Nola uztartzen dituzu gaixotasuna, tratamendua eta erremontista profesionala izatea?
Oso ondo. Erremonteak erakutsi izan dizkit badirela hainbat modu sufritzeko, eta horiek uztartzen ari naiz gaixotasunarekin. Txapelketako partida batean, ordubete baten, astebetean bizitzen ditudan sentimenduak bizitzen ditut. Asko ikasi dut nire sentimenduak neurtzen, ez azaleratzen, beste gauza batzuetan arreta jartzen. Partida batean 10-0 galtzen hasten bazara, galdu dudala pentsatzen hasten naiz, baina berehala datorkit kontrako pentsamendua, nik ere egin ditzakedala hamar tanto segidan. Gehiegizko konfiantzarekin ere antzekoa gertatzen da. Gauza horiek guztiak egunerokoan erabiltzen saiatzen naiz, eta erremontearen inguruan sortu dudan filosofia asko ari zait laguntzen bizitzan. Pentsatzen dudanean ez naizela sendatuko, buelta ematen diot, nire buruari esanez partida hau ere 40ra dela eta luze joko duela.
Filosofia hori txapeldun egin zaituen finalean ikusi zen: emaitza kontrakoa izan zenuen hainbat unetan, baina segi eta segi egin zenuen.
Irudikatu egin nuen finala nolakoa izango zen, egoera guztietarako prest egon, eta horrelako partida ikusi nuen aurretik. Ni beroa naiz, bizi hasten dena, eta Urriza justu kontrakoa. Orduan, 7-3 aurretik nintzela ez nintzen asko txoratu, bai bainekien 15na jarriko ginela, eta 15-12 hura zihoan aurretik. Partida hausten saiatuko zela banekien, baina baita banuela zerbait gordea azken txanparako, fisiko hobea nuelako. Azkeneko takada horretan, presio puntua sartzen banion banekien aukerak izango nituela, eta horra heltzeko eutsi eta eutsi aritu nintzen, zaila delako hondoa ez jotzea atzetik zoazenean. 25-22 gindoazela, une egokia hura zela pentsatu nuen, egiten saiatu eta atera egin zen. 26na jartzean, nire presioa Urrizari pasatuko niola pentsatu nuen, eta hortzak estutu, 27.a egitean zama handia kendu nuen gainetik, eta arin sentitu nintzen. Telebistako esatariak, Iñigo Aiestaranek, hori bera esan nuen, eta hala izan zen. Biziago hasi nintzen, gauzak hobeto egiten, eta irabazi egin nuen.
Borrokalaria zarela ez da dudarik, eta erremontea sustatzeko lanean ere ari zara. Zuk esana da: “Erremontea Euskal Herria bezalakoa da, beti borrokan ustez galduta edo zaila dagoen zerbaiten bila”.
Euskal Herriaren independentzia nahiarekin lotzen dut erremontearena. Izaera borrokalaria euskaldunena dugu, eta beti izan ditugu irabazi ezinezko borrokak. Aurrean gauza zail bat dudanean ez naiz kikiltzen, eta erremontearen kasuan antzeko gabiltza, gu baino eragile handiagokoen kontra. Baina ez dugu etsiko, ahal dena egingo dugu azkenera arte, hau aurrera ateratzeko. Alderatzen dut ere ni bezalako milaka euskaldun badirela; haiengatik ez balitz euskal kulturaren ondarearen zatiak galduta leudeke, kulturan, euskaran, gure arbasoen ohiturak… Erremontea ondar ale bat da hor, eta ondar ale guztiak batzen baditugu, hondartza ateratzen da. Euskal Herria litzateke hondartza hori, eta nire gain hartu dut gure ondar alea ez desagertzea, egunen batean Euskal Herriaren historiaren parte izan dadin.
Aipatu duzun zeregin horren barruan, beste lan batzuk ere egiten ari zara Galarreta pilotalekuan.
Enpresari laguntzeko da, eta oso animatua naiz, edozertan sartzen den horietakoa. Marketina eta Publizitatea daukat ikasia, eta erremonteak horien behar handia dauka. Alor guztietan ari naiz bi kontzeptu horiek sartzen. Esate baterako, Jai Alai Experience ekimena, duela lau urte sortua. Lan bat egin behar izan nuen ikasketetan, eta erremonteari buruzkoa izan zen. Erremontea ezagutzen ez duten pertsonei nola ezagutarazi, hori zen lanaren funtsa, eta hortik tiraka eta Oriamendi enpresako –erremonte profesionala kudeatzen du– kudeatzaileari esker, ekimen hori sortu genuen. Oso emaitza ona ari da sortzen. Atzerritarrak oso gustura ibiltzen dira Galarretan. Galestik 2.000 gazte etorri ziren iaz, eta ari gara elkarlanean hemengo eragileekin ere. Atzerritarrek diote oso euskalduna dela erremontea, pilotari jotzeko indarra, soinua, abiadura… Galdetzen digute ea ez dugun beldurrik pasatzen kantxan, pilotak joko ote gaituen beldurrez ez garen ibiltzen. Esaten diegu beldurra ezetz, irabazteko grina izaten dugula.
Atzerritarrentzat oso kirol euskalduna, eta euskaldunentzat… Hor utziko dugu, beste upeleko sagardoa baita gai hori.
Hori da. Hobe uztea bai.