Eñaut Elorrieta: “Nire muinera gerturatu naiz”
Fantasia deitzen da Eñaut Elorrietaren azken diskoa. Soiltasunera joz, urrats artistiko handia egin du kantariak. Hegan egitera ausartu da, eta abentura horretan bidelagun izan ditu Aitor Etxeberria ekoizlea eta Uxue Alberdi idazlea.
Eskerrik asko, Eñaut, TTAPen gonbita onartzeagatik.
Eskerrik asko zuri.
Fantasia izena du zure disko berrienak. Hedabideen aurrean aurkeztu aurretik, premiere modukoa egin zenuen Donostian, zinemaren hirian. Hori diot, zinema areto batean elkartu gintuzulako hainbat lagun. Urduri antzera zeunden emanaldia hasi aurretik. Ez dakidana da urduritasun hori amaiera aldera euforia moduko bilakatu zen. Zein da zure iritzia, protagonista nagusia zaren aldetik?
Niretzako izan zen emanaldi ezohikoa. Entzunaldi bat, hasi eta buka. Diskoa entzun, lehenengo aldiz, diskoan parte hartu duen hainbat jende eta gure inguruko hainbat jende bertara gonbidatuta. Eta gero, Arriguriren sorkuntza prozesuari buruzko dokumentalaren estreinaldia. Oso urduri egon nintzen, aurreko egunetan ere bai, normalean baino askoz urduriago. Eta entzunaldia bukatu eta baneukan gorputzean bare sentsazio bat. Baina, aldi berean, zer gertatu den oso ondo ez dakienaren sentsazio arraro bat.
Gerora, egunak pasa ahala, nire baitan oso oroitzapen ederra daukat eta oso pozik nago aurkezpen hura modu ezberdinean egitearekin. Normalean, prentsaurrekoan egiten da askoz modu grisagoan. Beste era batera egin nahi nuen, eta pozik nago.
Ondoren, solasaldia egin zenuten. Hainbat pertsonak parte hartu zuten, eta diskoaren inguruan esandako adierazpen guztien artean badago bat aipatu beharrekoa: oso babestuta sentitu zarela adierazi zenuen.
Bai. Ez dut uste oraingoan beste disko batzuetan baino intentsoagoa izan denik, baina iruditzen zait inoiz baino kontzienteago izan naizela ni. Ez dakit zergatik. Beharbada, gauza desberdin bat egiten saiatu naizelako, eta hor, ohiko heldulekuetatik aparte, askoz gehiago baloratu ditudalako inguruan nituenen babesa eta eskaintzen zidaten heldulekua.
Orduan, badaukat sentsazioa inoiz baino disko kolektiboagoa dela. Ez dut uste parte hartzea beste kasu batzuetan baino handiagoa edo desberdina izan denik, baina kontzienteago izan naiz jendea nola inplikatu den, jendeak eman didana, nola aberastu duten diskoa. Sentitu dut kristoren eskertza. Eta, horrekin batera eta horrekin lotuta, kristoren babesa.
Uxue Alberdik ere parte hartu zuen aurkezpenean, eta, hark esan zituenen artean, diskoz disko geroz eta gertuago daudela Eñaut Elorrietarengandik. Horrek ere zerikusia dauka orain esaten ari zarenarekin?
Beharbada, bai. Nire ibilbide artistikoa ezinbestean dago lotuta nire ibilbide pertsonalarekin. Sentitzen dut nire hainbat alderdi gero eta gehiago integratzen ditudala, edo onartzen ditudala. Beharbada, lehen ezkutatzen saiatzen nintzenak edo gustatzen ez zitzaizkidanak. Bueno, badago nire baitan horrelako integrazio bat. Eta maila artistikoan ere uste dut horrela dela, gero eta gehiago onartzen dudala neure burua, nolabait, ezta? Zentzu horretan, disko honetan badago halako dekonstrukzio antzeko bat, biluzte bat, ahalik eta elementu gutxienekin ahalik eta gehien esateko obsesio antzeko bat. Musikalki, eta baita hitzetan ere. Iruditzen zait bai Uxue Alberdik bai Aitor Etxebarriak jarri didatela aurrean eszenatoki bat oso babestuta sentitu naizena. Ahalik eta baldintzarik egokienak jarri ditugu eszenatoki horretan, ahalik eta libreen sortzeko. Ez pentsatzeko zer espero den nitaz. Nik ere neure buruari jartzen dizkiodan exijentzia horiek guztiak pixka bat apaltzeko. Iruditzen zait nire muinera gehiago gerturatu naizela. Horrek bertigo handia eman dit, eta sentitu dut bertigo hori. Sorkuntza-prozesua, nire izuak eta zalantzak zeharkatzeko horrelako prozesu bital bezala. Alde horretatik, diskoa oso gertu sentitzen dut nigandik.
“Estudioan lehen egiten ez nituen gauzak egitera ausartu naiz“
Azaldu duzuna, hein handi batean, dokumentalean biltzen da. Kantuaren sortze prozesu horretan, ikusi nuenean, atera nuen ondorioetako bat izan zen kantu bat sortzea artisautza-lana dela.
Bai, bai. Nire kasuan, behintzat, hala da. Uste dut dohain batzuk baditudala, eta landu ditudala, baina ni egunero-egunero lokalera joaten naiz lanera eta disko hau azkenengo bi urteetako lanaren emaitza da. Kantu bakoitzaren atzean lan asko dago, ez bakarrik nirea.
Uxuerekin letrak egiterakoan, nire kasuan, behintzat, ez dira egun batetik bestera ematen.
Kantuari dagokionez, lokalera joaten naiz, mikrofonoa pizten dut eta hasten naiz gitarrarekin jolasean. Saiatzen naiz ahotsa libre uzten, eta dena grabatzen joaten naiz. Bat-batean ikusten dut, beharbada, egon dela esaldiren bat edo pasarteren bat interesgarri iruditu zaidana. Hasten naiz hortik tiraka, modu berean, inprobisazioan oinarrituta, intuizioan oinarrituta. Kantua izan daitekeena grabatuta uzten dut, eta hurrengo egunean entzun.
Uste nuenean hor kantu bat egon zitekeela, Bilbora joaten nintzen, Aitorrengana. Hasiera batean, hiru astean behin, hamabostean behin. Aitorri kantatzen nion. Haren gogoetak egiten zizkidan, gomendioak eman.
Ez dakit, ba, hasieran, agian, hiru astean behin, hamabostean behin… Bueno, hor ibili gara, eta Aitorri kantatzen nion. Aitorrek horren gainean gogoetak egiten zizkidan, gomendioak. Eta izan da prozesu bat; gero, hori berriro lokalera eraman. Nik horren gainean. Ea nola sentitzen nuen, ikusi ea ze aportatu niezaiokeen nik, ikusi eta gero berriro Aitorrengana joan. Beharbada, letra nik idazten nuenean bozeto bat idatzita eraman Uxuerekin edo Iñigorekin, edo beraiekin kontrastatu. Bai. Lan handia dago kantu baten atzean; ba, sartuko gara kantuetan. Kantua berriro lokalera eramaten nuen, eta berriro Aitorrengana joan… Lan handia dago kantu baten atzean.
Sar gaitezen kantuetan. Kuttunen artean dago Suzko lili izenekoa. Airean zoaz kantu horretan, hegan egongo bazina bezala. Piano nota errepikakor batzuk ageri dira hasieratik, eta, ondoren, hari-instrumentazioa entzuten da. Diskoaren kantuetako bat da. Ez dakit meritua zurea den, ekoizlearena, biena…
Suzko Lili kantua oso berezia da Uxuerentzat eta niretzat. Eta iruditzen zait horrela gertatzen denean biltzen direla jende desberdinen aziertoak. Melodia berezia da, melodiak badauka bere baitan emozio berezia. Uxuek eta biok gure alabari idatzi genion kantu bat da, harekin haserrealdi bat izan ostean. Oraindik zauria irekita, baina maitasun inkondizionaletik.
Melodia emozio horretatik sortua da. Letra ere bai.
Uste dut Aitorrek ere oso era delikatuan landu duela. Nik gitarra hutsarekin joz erakutsi nion, hark pianoaren akorde errepikakor horiek proposatu zizkidan. Aitorrek badauka estilo minimalista hori, errespetu askorekin tratatzen du esku artean duen hori. Kantua ikusi zuela uste dut. Eta gero, Xabier Zeberiok bete-betean asmatu zuen. Bukaera arte, oso era sotilean ari da biolarekin. Eta, bukaera aldera, kantua aireratu egiten du. Parte hartu dugun guztiok asmatu dugula esango nuke.
“Aitor Etxeberriak kantuak ikusi egiten dituela esango nuke”
Lilia hitza aipatzen da Dordoken dantza kantuan. Hor aurki daiteke Etxebarriarengana jotzeko beste arrazoietako bat. Bateriarik eta bestelako elementu indartsurik erabili gabe kantu indartsu bat egin daitekeelako.
Hori izan da ikasketetako bat. Aurreko diskoetan, kantu bat sortu eta ikusten nion indar moduko bat kantu horri. Beharbada, ez zituela hainbeste elementu behar pentsatzen nuen, baina gero, nire intseguritatearekin bat egiten dut. Eta bat-batean proposatzen dizkidaten gauzekiko kontra egiten dut. Aitorrekin lan egiterakoan, feeling bat bagenuen, eta momentu horietan iruditzen zait eutsi diogula hasieran genuen ideia horri.
Txikitu bezala egiten naiz estudioan sartzen naizenean. Estudioan lehen egiten ez nituen gauzak egitera ausartu naiz. Hain justu, Aitorrek ere eman didalako konfiantza hori.
Beldur horien artean, musikari askok isiltasunari beldurra diote. Disko honetan bada isiltasun bat, oso nabarmena. Ozena. Zer gertatzen da Euri herrian kantuan, 2.37 minutuan?
Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko literatur topaketa batzuk egin ziren, elementu komunetan oinarritzen zirenak. Euria zen elementu komuna. Testua luzeagoa zen, eta irakurri nuenean iruditu zitzaidan ikaragarria. Uxuek esan zidan: “Hor kantu bat dagoela iruditzen zait”. Bai. Niri ere hori iruditu zitzaidan. Testua bikaina zen eta bazegoen esaldi bat hasiera-hasieratik arreta eman zidana: Autoan errazago egiten da negar, kanpoan euria denean.
Hortik hasi nintzen. Hor, pentsatu gabe, tentsio bat sortzen zen esaldi horren ostean.
Eta, bai, isiltasun horretatik abiatu zen kantua.
Bada, ez da erraza. Zeren eta gauza bat da buruan ditugun ideiak estudio batetik pasa eta buruan duzun efektu horrek entzuleengan eragitea. Kantuaren muina hor dago.
Oso gauza kuriosoa izaten da, beti gertatzen dena. Eta disko honetan iruditzen zait inoiz baino gutxiago gertatu zaidala. Beharbada, elementu gutxirekin aritzeko hasierako ideia hori muturrera eraman dugulako. Zuk ere jakingo duzu: kantu bat sorten duzunean, oraindik maketa bat denean, ez dugu entzuten bakarrik kantua. Entzuten dugu kantua, eta kantua izan daitekeena. Hori garaiezina da. Baina estudioan sartu eta: “E, hau da”. Dramatismo gabe, entierro bat da.
Kasu honetan, ez da galdu.
Disko honetan kantu askorekin hori gertatu zaigula iruditzen zait. Estudioan, halere, egon da esperimentazio prozesu bat Felix Buff bateria-jolearekin eta Fernando Neira baxu-jolearekin. Ez genekien azkenean zenbat kantutan joango zen bateria edo kontrabaxua. Bagenekien kolaborazio osoa puntualak izango zirela. Ez zela izango disko guztiaren oinarri eta hari. Musikalki joan eta etorrian ibiliko ziren elementuak izango ziren.
Felix Buff aipatu duzu. Bidasoa kantuan bateria ez da oso presente dagoen elementua, baina bateriaren parte hartzeari esker diskoetako kantuetako bat da. Aipatu nahi nuen Atlantida kantua. Akaso, inkontzienteki, baduelako harremana diskoa Tabakaleran aurkeztu izanarekin. Diskoa oso zinematografikoa dela iruditzen zait. Irudiak eskatzen dizkit niri.
Ekoizlearen eskua igartzen da. Telesailak, filmak… soinu bandak egiten ditu eta horretan dabil buru-belarri. Aitor Etxeberriak kantuak ikusi egiten dituela esango nuke. Entzun beharrean. Hori da haren ekarpenetako bat. Zentzu horretan, asko ikasi dut. Adibidez, Irteera argiak diskoan uste nuen egon behar zela beti kantua zeozer esaten. Ahotsa dago, estrofa dago, gauzak esaten ditu; gero, estrofa eta estrofa artean zein elementuk hartuko du garrantzia? Agian, gitarrak adierazi behar du zeozer. Nahiz eta oso finean edo sotilean.
Disko honetan Aitorrek esaten zuen: “Ez. Hemen, ezer ez”. Eta nik: “Nola ezer ez?”. Hori da gainditu behar izan dudan bertigoetako bat.
Beharbada, esaten dugunean badela zinematografikoa, irudiak guk jartzen ditugu. Entzunaldian oso kuriosoa egin zitzaidan, diskoa hasi eta buka, entzunaldi kolektibo bat, pantailan ez zegoen kantuaren izenburua besterik. Eta bageunden zinema areto batean, eta bazirudien pantailan bakoitza bere pelikula ikusten zebilela, ezta? Bakoitzak jartzen zituen irudiak. Oso ederra iruditu zitzaidan.
Diskoa zuzenean aurkeztu beharko duzu. Buruan baduzu, gutxi asko, ideia bat?
Diskoa sorkuntza proiektu bat izatea erabaki nuen. Zuzenekoa izango da beste zerbait. Hori erabaki nuenean, kristoren lasaitua hartu nuen eta horrek eman zidan askatasun gehiago sorkuntza prozesuan askeago ibiltzeko, libre ibiltzeko. Eta betiko banda izango dut oinarri. Diskoan ez dago gitarra elektrikorik, eta zuzenean Ruben Caballerok joko du. Diskoaren kontzeptuak eta espirituak kutsatuko du zuzenekoa, dudarik gabe. Baina zuzenekoa beste gauza bat izango da. Abenduan bestelako proiektu batzuk ditut eta diskoaren aurkezpenarekin urtarrilean abiatuko gara.
Ederki. Beste bi orduz egongo ginateke hizketan. Eskerrik asko, zorionak eta zorterik onena.
Eskerrik asko.