Enarak
Ekainean edo bagilean sartu gara. Zein ona litzatekeen sasoian sasoikoak barneratzen jakingo bagenu. Akaso, etenaldia beharko genuke horretarako, azkarregi doakigun munduan. Gizarte perfektuaren bila ibili arren, ez ote gara bizi erotzerainoko erritmoan? Baliteke, konturatu barik bada ere, sarritan inguruko gauza txikiak guk geuk ezkutaraztea, ikusezin bihurtzeraino. Baina inguruko gauza txiki horiek ikusten, barneratzen jakingo bagenu, orduan errazago litzateke benetako bizitzaz jabetzea.
Urteko sasoi honetan, enarak batetik bestera dabiltza txioka zeruan. Uda datorren seinale, argitasuna eta bizipoza irudikatzen dizkigute. Hori berori agertu nahian, euskal literaturan bada enaren inguruko makina bat aipamen. Bi idazle bizkaitar klasiko hartuko ditugu horren adibide.
Bateko, Eusebio Erkiagaren Arranegi liburuan, Xirlok Zuriñeri bere maitasuna aitortzeko unean, horrela diotso: “Bai pozik dabiltzana enara oneik!… Euron etorrerea izaten da pozkarria! Joatea, barriz…”.
Besteko, Lauaxetak ere maitasunaren harira hauxe diosku Bide barrijak bildumako Gaste gexua olerkian: “Barne barnetik kantari, egun sentiko argira, urrezko larratxorijak egaz dagije ortzira. Enara batek bezela gastetasunak narua eta eguak zabalik gorantza juat gogua”. Agian, automata eta estereotipatutako izaki bihurtu aurretik, komenigarri litzateke enaren hegaldiak zein txioak ikus-entzutea eta barneratzea, bizirik gaudela ohartzeko besterik ez bada ere. Gaurtik aurrera egun aproposak datozkigu horretarako.